Joseba Zulaika: ‘Hilda dagoala be konturatzen ez dan aita freudianoa da ETA’
2007-06-29 02:00 BarriketanJoseba Zulaikak (Itziar, 1948) Filosofia eta Antropologia ikasketak egin zituan Deustun eta Kanadan. Antropologia Kulturalean doktoratu zan Princetoneko Unibersidadean. Gaur egun Renoko Center for Basque Studieseko kidea da baina zuzendaria be izan da. Zulaikaren argitalpen barrienen artean, ‘ETAren hautsa’ (2006) eta ‘Polvo de ETA’ (2007), Gerardo Markuletaren itzulpena dagoz eta horretan oinarrituz egin deutsagu ondoko galdeketea.
Edozelan be, besteak beste, ondoko saiakerak argitaratu ditu: ‘Bertsolarien jokoa eta jolasa’ (1985), Tratado estetico-ritual vasco’ (1987), Basque Violence: Metaphor and Sacrament (1988) eta ‘Del Cromañon al Carnaval: los vascos como museo antropologico’ (1996). Nobelea be idatzi eban 1982an, ‘Zu zara’ eta poesian be ‘Adanen poema amaigabea’ argitaratu eban 1975ean.
1.- Barajaseko atentadua tarteko, ETAk hamalau hilebeteko (439 egun) su etena bertan behera itxi eta ia-ia iragarpen horregaz bat eginik dator ‘Polvo de ETA’ Joseba Zulaikaren liburua, Gerardo Markuletak itzulia. Igaz euskeraz argitaratutako ‘ETAren hautsa’ liburuan jarrera baikorra igarten jatzun baina orain gauzak goitik behera aldatu dira...
Goitik behera aldatu dira, bai, baina behetik gora eta goitik behera balantzaka gabilz azken urteotan roller coaster honetan, eta Arestiren ‘Maldan Behera’ ha barriro errepetiduten bada be, ezinezkoa da denpora guztian beheraka joatea. Aspertuta gagoz beheraka honetan, ETAren jarraitzeleak be aspertuta dagoz, zentzunik bakoa da gaurko munduan, 2001eko irailaren 11 eta Madriden 2004ko martiaren 11 ondoren, orain mende erdiko Europa, Espainia eta Euskal Herria arras desbardinean, autogobernu tresna sustantiboak geureganatu doguzanean eta euskerearen eta euskal kulturearen etorkizuna euskaldunon esku dagoanean. Porrot politikoa da gurea beste behin, baina ezin esan ETAk ezelako ‘irabazpen’ estrategiarik dauenik. ETAren ekintzak ezer lortzekotan bere helburu politikoak ezabatzea lortzen dau, auto-destrukzinoa da ETAren norabide bakarra, berea eta bere adar politikoarena.
2.- ETAk bertan behera ixten dauen ez dakit zenbagarren su etena da eta etsipena eta amorrua dira euskal gizartean nagusi. Joseba Zulaikak ikusten dau itxaropenerako arrazoirik?
Egoera honetan baikor’ izatea ez da erraza. Halan da be, saiakerearen oinarrizko argudioari eusten deutsat, ETAren zikloa norabide ezean gelditu dala, honen inguruan sortu zan sujetu historikoa amaiturik dagoalako. Etsipengarria bada, baina ez Palestina batean bezela. ETA barriro udalzainak hilten hasiko balitz, bere jarraitzaileen artetik zenbatek onartuko leukie, %5ak %1ek? Amorru bizia emon arren, ETA historikoki hila dago, ez dauka benetako indar militarrik, eta gure belaunaldian izan eban identifikazino boterea neurri handian galdu egin dau. Hilda dagoala be konturatzen ez dan aita freudianoa da ETA.
3.- Erakunde armatuaren post garaia, hasierako askatasunaren aldarrikapena eta ondorengo katastrofea, dramea aitatzen dozuz liburuan eta politika aurrerakoiaren beharra be nabarmentzen dozu. Zein da egungo euskal politikagintzearen hutsunea?
Orain mende erdi oro har ETAk baeukan zentzu historikoa faszismo militarraren kontra. Hasiera batean ideologia ta jarrera aurrerakoiak zituan erakundeak. Ez dago bere idatziak irakurri besterik. Nazionalismo klasikotik haruntzago egoan. Ez zituan fetitxe bihurtu Estadua, Independentzia eta Burruka Armatua lako kontzeptuak. Personea zan kontzeptu garrantzitzuena eta sospetxa handiz begiratzen eutson estadu beraren nozinoari. ‘Askatasuna’ kontzeptu edegia zan. Gero etorri zan nozino absolutuen sakralizazinoa. Gero etorri zan, batik bat, Etxebarrietagaz, giza-sakrifizioa normaltzat joten eban jarrera ‘iraultzailea’. Hilketea beste fetitxe bat bihurtu zan. Gaur garbi dago sakrifizioa guzur hutsa dala: ez dau ezer konpontzen, ez dauka askatasunagaz zerikusirik. Yoyes-ek ikusi eban hau inork ez bezela eta bere bizitza arriskatu eban bere askatasun barria frogatzeko. ETA katastrofe bihurtu jaku ez dauelako jakin bere joera ‘iraultzailea’ ei zana gaurkotzen; iraultzearen eta askatasunaren berba preziatuak baliobakotuz, bere sorrerako arerio politiko faszistearen karikatura bihurtu da. Mimetismo hau ebidente egiten jaku euskaldun gehienoi eta iraganean beragaz identifikauta egon ginala ikustetik ikasi beharra dogu. Gaur egungo euskal politikagintzearen hutsune bat ETAren fenomenoaren aurreko porrota da. Gure politikagintzearen sintoma historikoa da ETA eta porrot intelektuala eta politikoa da konponezin hori.
4.- ETA geurea, euskal gizartearena dala esan izan dozu baina Francoren diktadura sasoiko babesa eta gaur egungoa parekatzerik ez dago...
Euskal gizartearen barruan antagonismorik oinarrizkoena adierazoten dau ETAk. Nazionalismo euskaldun eta espainolaren artean, nazionalismo eta sozialismoaren artean, ezkerrra eta eskubiaren artean dagoz gure antagonismo historikoak. Antagonismo honeen egituran kokatzen da ETA. Oposaketa eta antagonismoa ez dira gauza bardinak. Oposaketan ikuspegi desbardinak dituzu eta kontraesanak eta mila modutako diferentziak; antagonismoan hil ala biziko areriotasuna dozu, bestearen izateak nerea errotik ukatzea. Antagonismoz jositako lurralde politikoa da euskalduna, eta bertan ETA oso ‘ulergarri’ suertau da gizarteko zati handi batentzat. Kultura politiko honen arduradun dira alderdi guztiak. Gaur egun gero eta gehiago antagonismo esankorrena ETA eta bere indar politikoaren artekoa iruditzen jat neri: ETAk ez deutso emon nahi benetako autonomiarik bere beso politikoari. Kanpotik begiraturik errazago ikusten da ETA lako arazo bat gizarte osoarena dala. Euskal gizartean emoten dau anakronismo politikoan bizi garala fenomeno ‘terrorista’ hau gure artetik ezin dogulako kendu.
5.- Euskal Herriaren pizkunde bat proposatzen dozu, hasierako ETAren planteamenduetan oinarrituta. Zeintzuk izango litzatekez pizkunde horren oinarri nagusiak?
Adibidez, antagonismo historikoen zentzua gaurko munduan berplanteatzea litzateke oinarri bat. Hil ala bizikoak izan behar al dabe nazionalismoen arteko edo euskal nazionalismoaren barruko gatazkak? ‘Etsaiok, ez dago etsairik’ inoan Nietzschek. Sasoi batean gure areriotasuna merezidu eben hainbat gauzek, bizitza emoteko prest egoteraino, gaur egun indiferentzia zer besterik merezidu dabe? Honegaz batera beste oinarri bat: gure betiko mitologia politikoak errotik aztertzea. Berba borobilenak be, Soberania, Estatua, Identidadea, Askatasuna, ez dabe testuinguru bardina, ez dabe gauza bera esanahi gaur eta orain berrogei urte. Honen jarraipena litzateke esatea euskal herrian izan doguzan ideologiarik erabagiorrenak, kristinatutasuna, sozialismoa, nazionalismoa, egoera ‘post’ batean dagozala une honetan bai historikoki bai kontzeptualki. Aberatsak gara denporeak desegin dituan eraikuntza erorietan, baina hondakin artean topau geinkez akaso lehenak erakutsitako altxorrik. Fedea galtzea izan daiteke fede horren herentzia onena gordeteko modua. Zarraren ‘golik onena’ bezela ezagutzen dana, Iribarren berbetan, ekarten dot gogora gure egoerearen alegoriatzat: atezaina lurrean egoala eta porteria hutsik, kanpora bota eban baloia nahita. Futbolaren arau guztiak urratu zituan, hain zuzen arauen gainetik egon eitekealako orduko futbolari onena izanik. Gure egoera politiko eta etiko berezienetan be betiko arauen eta helburuen gainetik egotea toketan jakula esan nahi dau Zarraren gol ezaren alegoriak. Arestiren poeman be azkenean ‘maldan gora’ igoten danean, bertsoak zentzu ‘zentzunik bakoa’ hartzen dau, erokeria dirudiena, hain zuzen lojika desbardina nagusitzen dalako. Gaur egungo kulturan be dohainaren lojikea beharrezkoa da zeozer barria sortzeko.
6.- Onaren eta txarraren bitasunean oinarritzen da kultura unibersala eta hori berez oztopo edo traba argia da konponbiderako. Zelan gainditu daiteke bitasun hori?
William Blakek idatzi eban poema bat ‘Zeruaren eta infernuaren ezkontza’ izenburukoa. Freudek be bizitzaren eta heriotzearen senek iturri bardina eukela teorizau eban. Guzurra da sarritan egiaren zatia. Ona eta txarraren arteko manikeismoa (Bush presidenteak hain gustoko dauena eta holan egin dau begibistan dagoan desastrea) atsegina da zeure burua zuritzeko txarragaz parterik ez dozula sinistuz. Hilketearen aurrez, adibidez, beti ‘eurak’ dira hiltzaile baina askosaz gatxagoa da onartzea geuk zelan hartzen dogun parte krimenaren historian. Danok ez gara bardin errudun. Baina danok gara arduradun gure gizartean gauzatzen dan ‘txarra’-gaz.
7.- ‘Polvo de ETA’ itzulpenaren ondoren, zeintzuk dira Joseba Zulaikaren erronka eta egitekoak?
Une honetan amaitzen ari naiz hemen Estatu Batuetan hain nagusi dan terrorismoaren fenomenoaren inguruko saiakerea. Argudiatzen dot terrorismo hau neurri handi batean berez egia bihurtzen dan profezia bat dala. Hau da, politika iparamerikarraren lojika berak (lehengo kolaboratzaileak gaurko arerio egiteak, politikearen tabu bihurtzeak, arerioaren ezezagupenak, diskurtso beraren errealidade bihurtzeko ahalmenak, eta abar) bultzatzen dauela fenomeno terrorista bere nemesia legez. Aurrerago nere erronkarik handiena Bilboren ganeko etnografia egitea da baina gatx egingo jat hau idaztea nere belaunaldiaren autobiografia egitea suposatuko deustalako.
8.- Orain 40 urte sortu zan Nevada Unibersidadeko Basque Studies Center. Bertako zuzendari be izan zaitugu. Zein da balantzea? Euskal ikaskuntzen susperraldia bizi dogu?
Zentroak lan interesgarriak egin ditu ikerketa, argitalpen, bibliografia, informazino barreiatze, sare-sortze, eta ingelesezko euskal irakaskuntza aldetik. Ingelesez euskal kulturea globalizetea da gure helburua. Gure mundua oso txikia dala ez da ahaztu behar. Beste mila posibilidade hor dagoz euskal kulturearen produktu interesgarrienak zabaltzeko orduan (artea, zinea, literaturea, ziberkulturea, eta abar). Orain hamar urte egiten zanagaz konbarauta, susperraldi nabaria dago ingelesez egindako argitalpen eta kongresu aldetik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!