Euskerazko informazinoaren eta komunikazinoaren teknologia barrien inbentarioa egin dabe

Bizkaie! 2007-06-29 02:00   Euskerea berbagai

Aurkeztu dan inbentario hau, beraz, proiektuei buruzko informazino sailkatua eskaintzeaz batera, informazino hori eten barik osotu, zuzendu eta eguneratzeko tresna izango da aurrerantzean.

Euskerazko informazinoaren eta komunikazinoaren teknologia barrien inbentarioa aurkeztu dabe Donostian, euskeraz dagozan baliabideak eta tresnak zeintzuk diran herritarrei jakinarazoteko.

Aurkezpenearen prentsaurrekoan izan dira Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Miren Dobaran Euskara Sustatzeko zuzendaria eta Araceli Diaz de Lezana Estandarizazino arduraduna.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologien arloan euskeraz dagozan proiektuen eta ekimenen gaineko informazinoa batzeko asmotan, arlo horretako inbentarioa egiteari ekin eutson 2006an, hain zuzen be EAEko agenteek emondako informazinoa erabiliz. Aurkeztu dan inbentario hau, beraz, proiektuei buruzko informazino sailkatua eskaintzeaz batera, informazino hori eten barik osotu, zuzendu eta eguneratzeko tresna izango da aurrerantzean.

Baztarrikak adierazo dau euskerearen normalizazinorako eta sustapenerako Informazino eta Komunikazino Teknologien esparruak sano garrantzitsuak dirala Eusko Jaurlaritzarentzat. Esangura horretan, aurten, 1.350.000 euro banatuko dira informazinoaren eta komunikazinoaren teknologien arloko proiektuak finantzietako diru-laguntzetan: igaz baino % 35 gehiago, eta legealdi honen hasieran baino % 125 gehiago. Ondorengo hiruzpalau egunetan emongo da ezagutzera 1.350.000 euro horreen banaketa.

Baztarrikaren arabera, teknologia barrien trena garaiz hartu dau euskereak. Eusko Jaurlaritzearen ekimenari esker software ugari euskeraz dagoala azpimarratu dau, eta gaineratu dauenez, www.euskara.euskadi.net, webgunetik edozeinek deskargau leikez euskerazko softwarea eta beste hainbat laguntza-tresna.


Euskerearen erabilerea Internet

Interneteko euskerearen erabilereari buruzko azken datuak be aitatu ditu Baztarrikak. Datuon arabera, euskeraz be nabigatzen daben internautak gero eta gehiago dira. Gainera, EAEko internauta guztien kopurua baino askoz gehiago hazi da euskeraz be nabigatzen dabenen kopurua azken hiru urteetan.

2006an, Interneten erabiltzaileak 760.700 persona ziran EAEn, eta horreetatik 167.400ek euskeraz be nabigatzen eben (guztien % 22). Kopuru hau, gainera, gorantz doa: 2003tik 2006ra bitartean, Interneten erabiltzaile guztien kopurua % 18,7 igon dan bitartean, Internet euskeraz be erabilten dabenena ia-ia bikoiztu egin da (% 96,2). 2006an Interneten erabiltzaile guztien % 22 da euskeraz be nabigatzen dauena, eta 2003an % 13,4 baino ez zan.

Baztarrikaren ustez, Interneteko edukien ondoan baliabide teknologikoei erreparetan bajake be, ‘bistakoa da sistema eragile eta aplikazino nagusiak aspaldiko urteetan euskeraz dagozala, eta euskereak bere ezaugarriengaitik beste hizkuntza batzuk ez bezela beharrezko dituan hainbat tresna be baditugula, aztertzaile morfologikoak esaterako’.

Bere eretxiz, ‘gure aldean ondo dagozan hizkuntzak ugari dira, baina gu baino atzerago dagozanak askozaz gehiago. Hori bai, ezelako autokonplazentzia merke eta antzuetan jausi barik, izan be, dakiguna da ezin garala gelditu, eten barik jarraitu behar dala aurrerantz’, gaineratu dau.

Euskerazko baliabide teknologikoakaz be euskereagaz gizarte-bizitzan dagoan erronka berbera dagoala ohartarazo dau Baztarrikak, erabilerearen erronka, hain zuzen. ‘Ohitura falteagaitik, edo tresna honeek euskeraz be badagozala ez dakitelako, edo dana dalakoagaitik; presentziak presentzia, erabilerea da gure erronka, eskolan ez eze kalean, etxean, dendan, Interneten eta ordenagailuan eta beste hainbat tresnatan euskeraz jardutea’, azpimarratu dau.

Bere esanetan, espero dabe orain aurkezturiko inbentarioa, eta batez be inbentario hau eten barik eguneratzea, lagungarri izango dala helburu horretarantz bidea guztion artean egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu