Altsasu bertso gaztez josita

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2007-06-25 02:00   Bertsolaritzea

Txikien mailan Amaia Iturriotz urretxuarra izan zan txapeldun eta Imanol Irazustabarrena alegiarra txapeldunorde. Handien mailan Maddalen Arzallus hendaiarrak eskuratu eban txapela eta Kristiñe Txoperena hendaiarrak bigarren postua.

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazinoak Euskal Herriko Bertsozale Alkarteagaz lankidetzan antolatutako Euskal Herriko XIX. Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala giro ezin hobean egin zan bagilaren 23an Altsasuko Burunda pelotalekuan.

Txikien mailan Amaia Iturriotz urretxuarra izan zan txapeldun eta Imanol Irazustabarrena alegiarra txapeldunorde. Handien mailan Maddalen Arzallus hendaiarrak eskuratu eban txapela eta Kristiñe Txoperena hendaiarrak bigarren postua.

Altsasuko Burunda pilotalekuan jokatu zan pasa dan zapatuan Euskal Herriko Eskola Arteko Bertsolari Txapelketea. Urtero legez, bi mailatan banatuta egozan bertsolariak. Hamalau urte artekoetan, parte-hartzaileak honakoak izan ziran: Elyem Chej (Legutio, Araba), Guillermo Vegas (Trebiñu, Araba), Elene Lejarzegi (Lekeitio, Bizkaia), Paxkal Iriart (Baiona, Lapurdi), Irati Majuelo (Iruñea, Nafarroa), Mikel Cherbero (Irulegi, Nafarroa Beherea), Guillen Negeloua (Urdiñarbe, Zuberoa), Nerea Ibarzabal (Markina, Bizkaia), Ortzi Murua (Azkaine, Lapurdi), Josu Sanjurjo (Lesaka, Nafarroa), Eñaut Zaldunbide (Anauze, Nafarroa Beherea), Johaiñe Sarraillet (Lakarri, Zuberoa) eta Amaia Iturriotz (Urretxu, Gipuzkoa) txapelduna eta Imanol Irazustabarrena (Alegia, Gipuzkoa) txapeldunordea.

Hamabost eta hemezortzi urte bitartekoen mailan, barriz, parte-hartzaileak izan ziran: Mattin eta Bixente Luku (Donibane Garazai, Nafarroa Beherea), Iker Gorrosterrazu (Ituren, Nafarroa), Alazne Untxalo (Ituren, Nafarroa), Mikel Olaizola (Elgoibar, Gipuzkoa), Hodei Iruretagoiena (Zarautz, Gipuzkoa), Miren Amuriza (Berriz, Bizkaia), Jone Uria (Algorta, Bizkaia), Ander Solozabal (Gazteiz, Araba), Ekaitz Samaniego (Gazteiz, Araba), Maddalen Arzallus (Hendaia, Lapurdi) txapelduna eta Kristine Txoperena (Hendaia, Lapurdi) txapeldunordea.

Gazteenen agurretatik hasi zan giroa berotzen. Agurrik bereziena Elyem Chej Legutioko neskatoak kantau eban: ‘Bertso-koadrila beti izan da / nire lagunik onena / Oihane ere ezin baituzu / gu aguantatzeko kemena / familia ere hona etorri da / nahiz eta ez ulertu dena / bihotz-bihotzez zuentzako da / musurik handiena’.

Hamalau urte artekoetan izan ziran bi bizkaitarrek maila ona erakutsi eben, hemezortzi urte arteko bi bizkaitarrek bezela. Azken maila horretan Jone Uriak eta Miren Amurizak lehen fasea pasau eben eta bertso ederrak bota zituen. Jone Uriak Bixente Lukugaz kantau eban seme-alabak etxera heldu barik dituezan gurasoen papelean. Zera esan eutson Jonek zortziko txikerrean: ‘Zure semea hasi / zenuen hain txarto / orain ez da etorriko / seguru biharko / bronkarako gogorik / niri ez zait faltako / bera ez dago eta / beraz zuretzako’.

Benetan aitagarria da Nafarrek eta Arabarrek erakutsi eben maila, aurreko urteetan lortu ez zituen emoitzak lortu ostean. Bide beretik, hamalau urte artekoetan bi nafarrek, Josu Sanjurjok eta Irati Majuelok lehen fasea pasetea lortu eben eta ez zan txalo-zaparrada makala izan entzuleek eskaini eutsiena. Hamezortzi urte artekoetan, Alazne Untxalok, eskolartekoan lehenengoz parte hartu arren, aurreneko seiren artean sailkatzea lortu eban. Era berean, ezin da aitatu barik geratu Guillermo Vegas Trebiñuko bertsolari gaztearen lana. Hainbat eta hainbat entzulek ez eban poz txikerra hartu bertsoa Trebiñura arte bere heltzen dala jakin ebanean.

Zorionak hogeita sei bertsolari gazteei egiten dabilzan beharragaitik. Luzaroan gogoz beterik jarraitzea baino ez deutsegu opa, gogoak epe luzera edo laburrera gura doguna lortzera eroaten zaituelako, gaituelako.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu