Miren Jaio: ‘artea eraso moduan sentiduten dogu sarri’
2007-06-22 02:00 Barriketan‘Edizinoa’ ardatz harturik, martxan dago aurtengo Periferiak ekimena; erakusketa, berbaldi eta tailerrak pasa dan maiatzean hasi ziran eta urrira bitartean makinatxu bat ekitaldi izango dira.
‘Produkzino eta erreprodukzino prozesuetan, amaiera jakinik bakoa da bitartekaritza katea eta, beraz, kultur adierazpen guztietan dago ‘edizinoa’; esangura horretan, ikuspegi editorialetik, Periferiak’07k egungo praktikea aztertzea proposatzen dau, besteak beste, produkzino prozesuak eta banaketea, informazinoaren sakabanatzea eta mitoak, edizino informala, itzulpen kulturala ezagutza tresna legez, kulturearen metaketea eta jarduera editorialaren zergaitiak’.
Kontu honeen ganeko jakingarriak Miren Jaiok kontau deuskuz. Bermeotarra, arte-kritikaria eta Oier Etxeberriagaz batera, Periferiak’07-ren koordinatzailea.
1.- Ezer baino lehen, kontaiguzu zein dan Periferiak-en filosofia eta zergaitik aukera dozuen aurten ‘Edizinoa’ ardatz nagusitzat.
Orain lau urte Ixiar Rozas eta Dario Malventi izan ziran Periferiak-en sortzaile eta eragile eta aurten Oier Etxeberriari eta neuri egokitu jaku koordinazino beharra. Gure proposamena izan da formatoari buelta bat emotea eta hasierako literatura eta filosofiagazko lotura horri beste ukutu bat emotea, Oier musikatik eta ni arte ederretatik gatozala kontuan hartuta.
Periferiak sano anitza da diziplinen aldetik baina oro har, kulturea da oinarrian dagoana. ‘Edizinoa’ ardatz hartzearena be erraz azaltzen da ze kultur adierazpen askotan dago, gehienetan ez esatearren. Gure ustez, nahiko garaikidea dan kontzeptua da, sano garrantzitsua, jakintzaren transmisinoa abiapuntu hartuta, keinu edo ekintza moduan be bai, ez bakarrik produkzino eta produktorearen ikuspegitik baita ikuslearen aldetik, izan be, ikusleak berak be ‘editau’ egiten dau, berbarako, film bat edo erakusketa bat ikusten dauenean.
2.- Periferiak nori zuzenduta dago? Zein da Periferiak-en parte hartzen dauen lagunaren perfila?
Lehenengo edizinoa Italiako Livornon izan zan baina gehienbat Donostian eta Bilbon kokatuta egon dan ekimena da; egia esan, Periferiak ekimenak betidanik izan dau uriko kultureagazko loturea. Beraz, Bilboko kultura arloko kolektiboakaz izan ditu hartu-emonak, mobimentu sozialak, antzerkia, dantza... Eta San Frantzisko auzoagaz be lotura berezia egon da beti. Esangura horretan, Dariok eta Ixiarrek sortutako sareagaz jarraitu dogu aurten.
Hartzaileak nortzuk izan daitekezan? Lehen aitatutako kultura arloko kolektiboetako lagunak eta, oro har, gazteak, kultura garaikideazko interesa dabenak.
3.- ‘Edizino tailerra’ eta ‘Bilbo kopia txar bat da’ atalak amaitu ziran. Zelakoa da balorazinoa?
Orain artekoa ikusita pozik gagoz. Tailerren aukerea aztertu genduanean, argi geunkan urian dagoan eskaintza kultural zabala osotzen daben ikuskizun hutsak baino zeozer gehiago eskaini gura genduala, batez be, jentearen parte-hartze zuzena bultzatzeko eta, jakintzaren transmisinoan eta komunikazinoan eragiteko; esangura horretan, parte-hartzaileak pozik dagoz eta gu geu be bai. Edozelan be, ‘Edizino tailerra’ oraindino ez da amaitu, bigarren zatia, hau da, ‘Bazoaz, idatzi eidazu bueltan’ ekimena bagilaren 21ean hasi eta garagarrilaren 29ra arte egongo da martxan Bilboko Rekalde aretoko Kabinete Abstraktoan. Lan saio edegi eta berbaldien bidez, lehen zatian aztertutako gaien inguruan sakontzen jarraituko da, baita erakusketearen inguruan sortutako beste kontu batzuetan be. Erakusketea bera eta bertan parte hartuko daben artisten praktikak erabiliko dira azterketa kasu legez. Discoteca Flaming Star, Jon Matzisidor, Karl Larsson eta Frans Josef Petersson, Peter Piller eta Isidoro Valcarcel Median egileen euskarri desbardinetako (argitalpenak, marrazkiak, posterrak, bideoak) lanak batuko ditu.
4.- ‘Copy your idols! Audiolab’ atala, barriz, bagilaren 25etik 29ra izango da. Zein da ikastaroaren helburua?
Bilbao Arte eta Kultura VIII. Topaketen barruko tailerra da ‘Copy your idols! (www.copyidols.net) Audiolab’ eta kasu honetan, audioari, musikeari heldu gura izan deutsagu, soinu baliabide desbardinek eragiten dituen keinu eta esanahiak berrantolatzeko orduan eragingarriak diran estrategiak eta tresnak topetako asmoz. Soinua eskuratu, kopiau eta manipuletako ikerketa kasuak aztertuko dira, baita edizino ariketak jorratu be, jabetza intelektuala, produkzinoaren prozesua bera...
Hizlarien artean, John Oswald (www.plunderphonics.com) nabarmenduko neuke, musikagile aparta, inprobisatzailea, artista bisuala, baina batez be plunderphonistea, azken hamarkadetako musikearen historiako izen aitagarrienetako bat. Abesti eta konposizino oso herrikoietan oinarrituta, arrakasta handia izan dau jentearen artean eta kritika onak jaso izan ditu nahiz eta industria diskografikoak zigortu.
Era berean, Ornitorrinkus taldea be izango dogu, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Judith Montero saxofonisteak sortutako proiektu artistikoa. Ornitorrinkoa erreferentzia sinbolikotzat hartuz, ahozkotasunean oinarritutako bertsolaritzearen eta musika garaikidearen arazoak eta kontraesanak erabilten ditue abiapuntu modura. Gai interesgarria da ze bertsolaritzearen kasuan, ahozko transmisinoa tarteko, jabetza intelektualaren kontzeptua ez da existiduten.
5.- ‘Bilbo bere kantuen bidez’ Kalejira atala urriaren 1etik 6ra izango da Bilbon. Zer ikusiko dogu?
Igazko Periferiaken egon zan beste proiektu batean oinarrituta dago. Erakusketea antolatu zan bilbainaden ganeko dokumentazinoagaz, azalak, diskoak, musikea eta letrak. Orain, barriz, Kalejireak Bilboko kale, kafetegi, zubi eta auzoetan ibiltea proposatzen dau uria irudikatu daben kantuen eskutik. Deserrotze orokorra nagusitzen dan garaiotan, uria zeharkatzen daben ibilbide sentimental, tragiko zein burlazkoak marraztea da helburua. Carlos Bacigalupe, Sabin Bikandi, ni neu, Emmanuel Lizcano, Iñaki Uriarte, Gabriel Villota eta Joseba Zulaikaren berbaldi, paseo-ibilbide eta emonaldiakaz osotuko da kalejirea.
6.- ‘Humano caracol’ dokumentala udagoienean estreinauko da...
Periferike kolektiboak hasi barri dauen dokumental serie bateko lehen partea izango da udagoienean Artelekun lehenengoz erakutsiko dana, Emine Sevgi Özdamar idazle eta dramaturgeagaz eta Dionisio Cañas idazle eta artistearen parte-hartzeagaz. Esperientziari zabalik dagoan ibilbide moduan ulertzen dira dokumentuak, ezusteari edegiak dagozan kontakizunak.
7.- Aurtengo Periferiaken ardatzagaz, jakintza transmitiduteko era guztiek osotzen daben ‘edizino’ ekintzeagaz lotuta, zer deritxazu kazetaritza eta literatura arloetako egungo sortze prozesuari, plagioari...?
Kultura metaketeagaz lotuta dago hori; arlo danatan sortzaile asko dago, gaur egun informazino zaparradea bizi dogu, produkzino kulturala upealakoa da eta giro horretan, zertarako produzidu? askotan sortzaile baten kezka edo ardurea izaten da ze dana dago asmauta. Ganera, nire sentsazinoa da kultura metaketa horrek antsiedadea, ezinegona eragiten dauela. Artea agresino, eraso moduan sentiduten dogu sarritan, trenez zoaz eta musikea dago zuk eskatu ez arren, telebistea biztu eta era guztietako irudiak sartzen jakuz bata bestaren atzetik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!