Igartubeiti baserri-museoa zabaldu dabe
2007-06-21 02:00Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserria, XVI. eta XVII. mendeetako egurrezko arkitektura tradizionalaren adibide onenetarikoa eta euskal baserriaren Urrezko Aroaren erakusle garbia da.
Ezkio-Itsasoko
Igartubeiti baserria, XVI. eta XVII. mendeetako egurrezko arkitektura tradizionalaren adibide onenetarikoa eta euskal baserriaren Urrezko Aroaren erakusle garbia da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak baserri-museoaren interpretazino zentro barria inaugurau dau, gure arbasoen bizimodua eta lana zelakoa zan ezagutarazoteko helburuagaz.
Igartubeiti baserria urtean 2.000 sagardo litro egiten zituan dolarea barruan batzeko eregi eben bere garaian. Zaharberritu eta publikoari zabaldu ondoren, XVI. mendeko dolarea barriro martxan ikusteko eta jotako sagarraren, bedar sikuaren, sikatzen jarritako larruen eta sutondoko kearen usaina ikusteko eta sentiduteko aukerea eskaintzen dauen gune bakarra da orain.
Hemendik aurrera, interpretazino zentro barriak Igartubeitiko bizilagunen eta inguruko jardueren ganeko informazino gehiago emongo dau eduki multimedia eta ikusentzunezkoen bidez.
3Dko irudiak multimedia pantailetan
Igartubeiti museoko interpretazino zentroak hainbat gune ditu informazinoa emoteko.
Lehenengo informazino puntuan, iradokizun menua dago, bisitariak bere inpresinoak eta eretxiak emoteko.
Bigarren informazino puntuan, hainbat multimedia pantailek zazpi baserri-tipologiaren berreraikuntzak eskaintzen ditue, 3D formatuan. Irudia ‘mobiduteko’ aukerea emoten dabe ikututeko pantailek eta, holan, baserriaren zehetasunak ikus daitekez.
Ganera, zaharbarritze edo lehengoratze prozesuren ganeko informazinoa be emoten da, baserriaren alderdi kulturalagaz batera.
Txotx Gunea
Upel handi baten alboan (dolarea martxan izaten da 15 egunez, urrian), ikusentzunezko bideo interesgarri bat ikusgai dago, dolarearen funtzionamentua eta sagardaoa zelan egiten dan ikasteko.
Erakusketa gunea
Zentroaren gune ludikoa ezagutu ondoren, erakusketa gunera sartzen da bisitaria. Bertan, Katalina Kortabarria Igartuko Kattalin-ek ondoetorria emoten dau bideo batean, baserriak zelan jaio ziran eta bertako biztanleak zelan bizi izan ziran azaltzen dauen bitartean.
Zati horretan, 3D proiektu batek baserrien aurretik egon ziran Erdi Aroko txabolak zelakoak ziran azaltzen dau eta hiru dimensinotako ikusmena eskaintzen daben betaurreko berezien bidez, dolarearen funtzionamentua ezagutzen da.
Kattalin
Baserriko elementu tipikoak ikusgai
Baserriko bizimoduagaz zerikusi zuzena daben elementu tipikoak ikus daitekez: ‘Oinordetza baserrian’ (sasoi bateko ezkontza-kontratua eta guzti), ‘Siniskeriak baserrian’ (argizaiola eta eguzkilorea, besteak beste), ‘Ezkontzea eta arreoa’, ‘Lihoaren prozesua’... Elementu guztiak kristalaren atzean babestuta dagoz.
Horren ondotik, Igartubeitiko 3Dko irudi handiak erakusten diran gune batera sartzen da bisitaria eta bertan 1630eko Igartubeitiko bizilagunak ezagutzeko aukerea dago, bideo baten bidez. Bisiteagaz amaitzeko, ‘gela ilun’ antzeko batera sartu eta baserrietan bizitako eszenak ikusiko ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!