HABEk hitzarmenak sinatu ditu Madrileko, Bartzelonako eta Valladolideko euskal etxeakaz

Bizkaie! 2007-06-19 02:00   Euskaldunak munduan

Aurtengo ikasturtea zarratzeko, 22 euskal etxe eta hiru federazinogaz sinatu ditu HABEk hitzarmenak oraingo ikasturtean. Horrek esan gura dau 70 euskal etxe baino gehiagotan izan dirala euskerazko eskolak mundu osoan. Danetara, 20.000 talde-ordu emon dira Euskal Herritik kanpo.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundeak (HABE) hitzarmenak sinatu ditu Madrilen, Bartzelonan eta Valladoliden bertako euskal etxeakaz, urtero-urtero munduan zehar euskerazko eskolak emoten dituezan euskal etxe eta federazinoakaz egiten dauen legez.

Orain dala hilabete batzuk, Madrilgo Euskal Etxean Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusiak eta Jon Zaballa Uraga Madrileko Euskal Etxeko presidenteak akordioa sinatu ondoren, bertako Euskal Etxeko zuzendaritza talde barria aurkeztu eutsen Erkiziari, zentroaren jarduerearen barri emoteko eta etorkizuneko programea zehazteko.

Beste horrenbeste egin eban maiatzean Bartzelonan. Kataluniako uriburuko Euskal Etxeak aste horretan zinemaldia antolatu eban eta, egun horretan euskerazko ikasleek sortutako film laburren lehiaketea eta sari banaketa egin zituen Aitor Arruti BNAko presidenteak eta Joseba Erkiziak hitzarmena sinatu ondoren.

Aurtengo ikasturtea zarratzeko, 22 euskal etxe eta hiru federazinogaz sinatu ditu HABEk hitzarmenak oraingo ikasturtean. Horrek esan gura dau 70 euskal etxe baino gehiagotan izan dirala euskerazko eskolak mundu osoan. Danetara, 20.000 talde-ordu emon dira Euskal Herritik kanpo. Eskola horreetan 2.000 ikasle baino gehiagok hartu dau parte eta, urtetik urtera, kopuruak gora egiten dau. Horretarako, 200.000 euro jarri ditu HABEk.


‘Euskerea Munduan’ proiektua

‘Euskerea Munduan’ proiektuaren helburu nagusiak atzerriko irakasleen trebakuntzea eta euskerearen irakaskuntzea bideratzeko ikas eta irakas materialak garatzea dira. Ikasturte hau lau urtekoaren amaierea da eta irailetik aurrera hurrengo lau urtekoari ekingo deutso HABEk: ‘Euskerea Munduan 07/11’.

Momentu honetan, eta 03/07 egitasmoaren barruan, HABEk Hego Ameriketan 40 irakasle barri baino gehiago trebatu ditu. Ganera, hainbat ikas eta irakas material jarri ditue hareen esku.

Argentinan (900 ikasle baino gehiago) Euskal Etxeetako talde jardunean erabilteko euskalduntze prozesuaren lehenengo hiru pausuetarako materialak garatu dira, egunez eguneko ordu biko saioetan antolatuta.

Horregaz batera, Ipar Ameriketan erabilteko (han ikasle gehienek BOGA programa informatikoa erabilten dabe) 90 mintza-saiotarako proposamena eta materiala (euskeraz eta ingelesez) jarri ziran hareen esku 2007ko zezeilean, San Franziskon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu