Angel Garcia Adeva EHUko fisikariak Sturge nazinoarteko saria jasoko dau
2007-06-18 02:00Material konbentzionalen eta fotonikoen egiturea zein ezaugarri dinamikoak ulertzeko egindako ekarpenagaitik jasoko dau ikertzaileak fisikari gazteentzako saria Segovian.
Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) fisikariak ikertzaile gazteentzako Sturge nazinoarteko saria jasoko dau gaur, bagilak 18, material konbentzionalen eta fotonikoen egiturea zein ezaugarri dinamikoak ulertzeko egindako ekarpenagaitik.
Saria nazinoarte mailakoa da espektroskopiaren arloko ikertzaile gazteentzako, eta Michael D. Sturge irakaslearen omenez sortu zan; Sturge (2003an hil zan) zientzialari ospetsua izan zan material argidunen ezaugarri optikoak ikertzen.
Epaimahaia espektroskopiaren arloko ikertzaile ezagunek osotutako batzorde independentea da. Saria emoteko ekitaldi ofiziala Segovian izango da, bagilaren 22ra bitartean izango dan International Conference on Dynamical Processes in Excited States of Solids (DPC07) biltzarraren barruan. Biltzar hori urte birik behin izaten da, bakotxean herrialde batean.
Angel Garcia Adeva (Toledo, 1970) fisikan doktorea izentau eban EHUk. ‘El comportamiento de los sólidos amorfos a baja temperatura’ izenburuko tesia egin eban 1998an eta bikain cum laude kalifikazinoa emon eutsen. Bestalde, doktoregoko sari berezia be jaso eban.
Doktoregoaren ondoren, Garcia Adevak AEBetan jarraitu eban bere ikertzaile-karrerea; lehenengo, Wisconsineko Unibersidadean (Madison); ondoren, Los Alamos laborategi nazionalean. 2002ko zemendian EHUra bueltau zan Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Ramon y Cajal programako lehenengo deialdian hartu ebenean. Ordutik, Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoan Ramon y Cajal ikertzailea da, eta Fisika Aplikatua I Sailean lan egiten dau, Joaquin Fernandez katedradunak zuzentzen dauen taldeagaz batera, laser-espektroskopia eta material fotonikoak ikertzen.
Nazinoarteko aldizkari ezagun askotan argitaratutako 40 artikulu baino gehiagoren egilea edota egilekidea da eta nazinoarteko berbaldi eta biltzar askotara konbidau izan dabe berbaldiak emoteko. Azkenik, fisikearen arloan oso ezagunak diran aldizkarien kalidadea aztertu eta baloretan dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!