Arte eszenikoen irakaskuntzarako zentroa sortuko dau Jaurlaritzeak
2007-06-08 02:00Aurreikuspenen arabera, 2008aren amaieran ia % 100ean garatua izango da Kulturearen Euskal Plana.
Arte eszenikoen irakaskuntzarako zentroa sortzea erabagi dau, erakundeetako eta sektoreko ordezkarien arteko bileren ostean, Kulturearen Euskal Planaren Erakundearteko Batzordeak. Kulturearen Euskal Kontseiluaren onespena behar dau orain egitasmoak, ondoren Eusko Jaurlaritzearen Gobernu Kontseilura eroan eta han onartua izan baino lehen. Hezkuntza Sailagaz batera egingo dau lan Kultura Sailak zentro hori diseinau eta sortzeko.
’Denporea beharko da zentro hori zer eredu jarraituz diseinauko dan zehazteko, eta baita non kokatuko dan erabagiteko be’, azaldu dau Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburuak. ‘Ikusi beharko da gune nagusi bat izango dauen edo sare legez funtzionauko dauen, gune bat baino gehiagogaz’.
Orain artean ezagutzen ez ziren edo erabat baieztatu barik egozan beste egitasmo batzuk be iragarri ditu Kulturearen Euskal Planaren Erakundearteko Batzordeak, besteak beste, arte eta kultur industrien institutua, zinemarako laguntza deialdi barriak zein arte eszenikoen arloko masterra (Euskal Herriko Unibersidadeagaz alkarlanean antolatua).
Jaurlaritzako Kultura Saileko ordezkariakaz batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundietako eta Gasteiz, Bilbo eta Donostiako udaletako kultura arloko ordezkariek osotzen dabe Euskal Planaren Erakundearteko Batzordea. 2004an sortu zan batzorde hori, Kulturearen Euskal Plana garatzeko.
2006. urtearen amaieran, Kulturearen Euskal Plana % 58,42 garatua dago, eta % 41,58 da garatzeko falta dana.
Hamar ardatz nagusitan banatuta dago Kulturearen Euskal Plana, eta ardatz horreetako batzuk beste batzuk baino garatuago dagoz. Berbarako, bigarren ardatzean (Kulturearen Euskal Behatokiari jagokonez) % 96’6an dago burutua Kulturearen Euskal Plana, eta hirugarrenean, barriz, fiskalidadearen eta finantzaketa bideen indartzeari jagokonez, % 28,12 baino ez.
2004-2006 epean, arlo askotan gauzatu dira egitasmoak. Horren ondorio dira, besteak beste, udagoienean abian jarriko dan arte eszenikoetako masterra, Etxepare Institutuaren sorrerearen onarpena eta ikus-entzunezkoen produkzinorako sortu diran finantzaketa lerro barriak.
2006-2008 epean gauzatu beharreko egitasmoen artean, arte eszenikoen irakaskuntzarako zentroa, arte eta kultur industrien institutua eta EITBren bigarren kontratu programea nabarmendu daitekez.
Azken buruan, bost arlo nagusi dagoz oraindino lan taldeak finkatzeko: ikus-entzunezkoak, literaturea, ondarea, garapen territoriala eta komunikabideak. Lanean hasita dagozanak, barriz, antzerkia, dantza, ikusizko arteak, eskulangintzea, argitalpengintzea, liburutegiak, agiritegiak, museoak eta musikea.
Kulturearen Euskal Planaren Erakundearteko Batzordea ez da zuzenean arduratzen ez bertsolaritzaz eta ez itzulpengintzaz. Hizkuntza Politika Saila arduratzen da horreetaz.
Kontuak kontu, aurreikuspenen arabera, 2008aren amaieran ia % 100ean garatua izango da Kulturearen Euskal Plana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!