Koldo Landaluze: ‘mestizajea aberasgarria da kasu guztietan’
2007-06-08 02:00 Barriketan'Dias de barrena' lehen nobelea argitaratu barri dau bilbotarrak
Koldo Landaluze bilbotarrak ‘Dias de barrena’, western etxurako eta jazoera errealetan, 1910ean Enkarterriko mehatzariek egindako grebearen inguruan oinarritutako lehen nobelea argitaratu dau egunotan Verbigracia argitaletxearen eskutik.
Idatzizko zenbait komunikabidetan kolaboratzaile, komikigile, ilustratzaile, zine-kritikoa, literatura, historia, zine zein bidaietako erreportajegilea, sortzailea berba bakarrean esateko.
1.- Nondik nora sortu jatzun nobela hau idazteko ideia?
Orain dala 4 urte, Donostiako Zinemaldiko egun luze eta aspergarri horreetako batean, bata bestearen atzean lau pelikula, lau drama ikusi ostean, gogaituta nengoan, buruari buelta batzuk emon eta egoera horretan ze pelikula ikusiko neuken gustora pentsetan hasi nintzan. Robert Aldrichen ‘El emperador del norte’ filma gogoratu neban, depresino sasoian, eskeko eta erromesak zelan sartzen ziran trenetan, San Peckinpah-ren ‘Wild Bunch’-ren azken paseoko eszenak... Era berean, Gallartako 1910eko jazoerak, mehatzarien greba eta enparauak be pentsamentu horretara batu jatazan, irudi, gogoeta indartsuak izan ziran eta duda barik horixe izan zan nobelearen sorburua.
2.- Zinema mundutik abiatuta, literaturara egin dozu salto, ohikoa kontrakoa izaten bada be...
Bai. Zergaitik ez? Nobela edo idazlanetan oinarritutako makinatxu bat pelikula doguz historian eta alderantzizko bidea zergaitik ez dogu egingo? Mestizajea aberasgarria da kasu guztietan. Zinearen diskurtsoa, irudiak, eszenak buruan neukazan eta istorioaren gorabeherak paperera eroatea izan da erronkea. Jakina, jazoera historikoetan sakontzea be nahitaezkoa izan da eta jazoera horreen barri izateak jente hareen burruka eta bizimoduagazko sekulako errespetua eragin deust; egoera eta jazoera hareen ganeko fribolizazinoak baztertzea izan da nire burukomina.
3.- Zelakoa izan da dokumentazino prozesua, ikerketa eta informazino-batze prozesua?
Esan deutsudan legez, sinisgarritasun osoa emon gura neutson kontakizunari eta, beraz, informazino-batzeari aparteko garrantzia emon deutsat. Enkarterriko 1910 eta lehenagoko administrazino agiriak eta orduko jazoeren ganean idatzitako guztia batzen eta aztertzen denporatxua emon dot eta orduko argazki bildumak be aztertu izan dodaz, nire begiekaz ikusi gura nitualako sasoi haretako bizimodua, jazkerea, giroa...
4.- Lehen euskal western-a ei da ‘Dias de barrena’...
Bai. Nik uste dot giza-polborin bat hartu eta metxa jarri baino ez dodala egin. Dinamita eta laztabin kolpez eregitako ingurua erretratau dot, zeozelan western etxureagaz baina benetako jazoera eta pertsonaietan oinarrituta. Kontuan hartu, western-a genero unibersala dala, dana ez da indioak eta bakeroak, saloia... John Ford-en pertsonaiak, berbarako, emoten dau lurretik hazi dirala, kolonoen kasuan, esaterako, hartzen eben lur horretan finkatzen zituen euren sustraiak. Peckinpah-egaz, barriz, aurreko mitologia hori bertan behera geratzen da eta aurrerago Clint Eastwooden mamuak agiri dira. Nik neuk Peckinpah-ren eredua jorratu dot baina eredu edo generoen arteko buztarketea be arrunta da, nobela baltzaren eta western-aren arteko loturak be begi-bistakoak dira, mestizajea argia da. Nobela baltzaren indarra eta oinarria salaketa soziala da.
5.- Nobelearen alde zinematografikoa gogoan hartuta, zelan egituratuta dago istorioa?
Idazten hasi aurretik, istorioaren irudiak argi nituan eta hortik abiatuta, zeozelan sekuntzietan egituratuta dago liburua narrazinoari erritmo bizia emon gura neutsolako. Liburu arina, erraz eta azkar leidutekoa nahi neban.
‘The Hours’ ezagunaren egile Michael Cunninghamek esan eustan behin idazten hasi aurretik, nobelearen haria eta joan-etorria ondo zehaztuta eukitea komenidu dala eta gomendio hori zorrotz jarraitu dot. ‘Zaborra’, benetan beharrezkoa ez dana baztertu eta harira joan gura izan dot, irakurleak erakarri eta tensinoari eusteko eta, akaso, horregaitik da nobela laburra, ehun bat orrialdekoa.
6.- Gaiak ez eban emoten nobela luzeagoa egiteko?
Bai. Duda barik. Mehatzarien bizimodu, bizi-baldintza eta pertsonaietan gehiago sakondu neikean baina horri ez deutsat erreparau, lehen esan deutsudan legez, narrazino erritmo bizia gura nebalako. Kontuan hartu, liburua ‘Wild Bunch’ filmako azken paseoari omenaldia dala zeozelan eta, beraz, gauza laburra eta arina nahitaezkoa zan.
7.- Ze erronka dozu orain, beste liburu bat, akaso?
Bai. Nobela luzeago bat idazteko gogoa daukat eta ideia be nahikoa aurreratuta. Hau be benetako jazoeretan oinarritutakoa. Karlistada sasoian girotutakoa izango litzateke. Hiru gerrilleruren istorioa izango da bakotxak bere bidea hartu ostean, bide korapilatsua eta nahasia.
Dokumentazino eta ikerketa lanean buru-belarri nabil honezkero; ganera, nire familiako bat Karlistadan ibili zan, atrapau eta irla batera eroan eben; handik igez egin eban eta ehundaka kilometro egin ei zituan kontu-garbitze kasu bategaitik. Honeek kontu guztiak hartuko dodaz ardatz.
8.- Kolaboratzaile idatzizko medioetan, erreportajegile, komikigile, ilustratzaile, idazle... Zelan definiduko zeunke zure burua?
Ez dakit. Kazetari, beharbada. Hogeita hamargarren hamarkadan, ‘press’ txarteltxua erakutsiz, danetarik egin behar izaten eben kazetari horretako bat bezela sentiduten naz.
Ganerakoan, zinea da nire pasinoa, errespetu handia daukotsat eta beharbada horregaitik zuzendaritzan hastea gatx ikusten dot batzuk era horretako proposamenak egin arren. Liburua argitaratu baino lehen, era guztietako lagunei emon neutsen irakurteko, tartean aktoreak, zine zuzendariak eta beste arlo batzuetakoak egozan eta batek baino gehiagok ‘Dias de barrena’ liburuko pertsonaien indarra nabarmendu deustie, holako pertsonaiak beharko leukiezala euren filmetan. Liburutik filmera salto txikia dago, baina...
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!