Getxoko Udalak 45.000 euro inguru emongo ditu euskerea sustatzeko 11 proiektutarako

Bizkaie! 2007-06-08 02:00   Euskerea berbagai

Getxoko Udalak diruz lagunduko dituan proiektu horreek guztiak Bizarra Lepoan, Egizu, Boluntzarreta eta BITE, Bizkaiko Trikitrixaren Alkarteak asmautakoak dira.

Getxoko Udalak diruz lagunduko dituan proiektu horreek guztiak Bizarra Lepoan, Egizu, Boluntzarreta eta BITE, Bizkaiko Trikitrixaren Alkarteak asmautakoak dira.

Gauzak holan dirala, 21.000 euro inguru izango dira Bizarra Lepoan Alkartearen ‘Bapiruke’ proiektua garatzeko, hau da, ekintza honetarako igaz jaso ebana baino %20 gehiago. Proiektu honek egun-pasak eta asteburu-pasak antolatzea aurreikusten dau, baita jarduera luzeagoak be, udalekuak kasu. Surf eta perkusino ikastaroak be antolatuko ditue, eta 700-800 ume mobidutea aurreikusten dabe.

Era berean, diru-laguntzinoaren zati handi bat Egizu ekimenak jasoko dau, hiru egitasmo antolatzen baititu. ‘Gazte saltsa’ izenekoarentzat 6.500 euro izango dira, igaz baino % 14 bat gehiago. Bete-betean, euskerea ikasten dabilzanei eta gazteei zuzendutako ekintza da eta bere jardueretan 400 gazte batzea aurreikusten dabe.

Irakurzaleen txokoak ia 3.500 euro jasoko ditu, igaz baino % 9 bat gehiago; programa hau interes handikoa da normalizazinoaren ikuspegitik. Aurtengo egitasmoak zazpi literatur ekintza egitea aurreikusten dau, irakurzaletasuna eta euskal literaturea bultzatu aldera.

Azkenik, herrian euskeraz biziteko dagozan aukerak ezagutzera emoteko baliabidea dan 'Kliska' egitasmora 241 euro joango dira. Hilero 700 ale inprimiduten ditue Bizarra Lepoaneko bazkide zein Berbalagun izandako guztiei etxera bialtzeko. Getxoko euskaltegietan, institutuetan eta kultur aretoetan be ikusgai dago kartel modura.

Bestalde, Boluntzarreta alkartearen ‘Getxo euskaldun zaharren eskutik’ dokumentalari 4.600 bat euro emongo jakoz, eta bi urteetan emondako laguntzinoagaz Getxoko Udalak % 49a lagunduko dau. Helburua da 50 minutu inguruko dokumentala egitea, Getxoko euskaldun zaharrek herriko bazterren barri emoteko, euren euskeran jasoa.

Alkarte berak sustatuta, ‘Sasoian sasoiko II. Posterra’ egiteko 1.000 euro emongo deutso Getxoko Udalak. Oraingo honek frutak batuko ditu eta getxotarren mila sukaldetan sartuko dan posterra izango da.

Ia beste 4.000 euro hartuko ditu ‘UK Berri’-k, 2006an baino % 16 gehiago; euskerea eta teknologia barriak lotzeko lan garrantzitsua egiten dau agerkari digital honek.

Trikitrixeak aparteko atala osotzen dau diru-laguntzino honeetan. Izan be, jardun honen inguruko ekintzetara, danetara, 4.200 euro inguru izango dira Bizkaiko Trikitrixa Alkarteak jasoko dituanak. Zatirik handiena, 3.100 bat euro, Nazinoarteko Trikitrixa Jaialdia antolatzeko bideratuko dabe. Ganerako diru-laguntzinoa, Bizkaiko Trikitrixa Eguna, Bizkaiko Trikitilarien emonaldia, eta Trikitrixa erakusketea antolatzeko izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu