Parmigiano-Reggiano/Idiazabal jatorrizko deituren Nazinoarteko I. Jardunaldiak Bilbon
2007-06-06 02:00 Jan edanakLaurogeita hamargarren hamarkadan hasi ziran alkarlanean Parmigiano-Reggiano Jatorrizko Deitura Babestua (JDP) eta Idiazabal gaztaiaren JDP. Ordutik, euren jarduerearen oinarritzat tipizidade eta kalidade organoleptikoa bermatzea lortu dabe
Jose María Ustarroz Idiazabal Jatorrizko Deituraren zuzendariak eta Angela Barusi Consorzio del Formaggio Parmigiano-Reggianoren Espainiako ordezkariak, eguenean, bagilak 7, Bilbon, Guggenheim Museoan egingo dan Parmigiano-Reggiano/Idiazabal Nazinoarteko I. Jardunaldia aurkeztu dabe prentsaurrekoan. Egun horretan, Guggenheim Bilbao Museoak Europako gazta aditurik ospetsuenak batuko ditu.
Laurogeita hamargarren hamarkadan hasi ziran alkarlanean Parmigiano-Reggiano Jatorrizko Deitura Babestua (JDP) eta Idiazabal gaztaiaren JDP. Ordutik, euren jarduerearen oinarritzat tipizidade eta kalidade organoleptikoa bermatzea lortu dabe, produktu jator horreek imitazinoetatik babesteko eta etorkizunean be merkatuan leku bat izan daien.
Esangura horretan, lankidetza estua izan dabe azken urtean Kontseilu Arautzaile biek eta alkarlana garatu dabe Idiazabal Gaztaiaren Azterketa Sentsorialeko Laborategiak eta Consorzio Parmigiano-Reggianoko Kontrol eta Kalidade Departamentuak, 2006. urtean zehar emoitza sentsorialen azterketa konparatibo bat burutuz. Hain zuzen be, jardunaldian bertan emoitza horreen barri emongo dabe. Aitatzekoa da, azterketa sentsorialaren araubide zientifikoaren barruan, mueta honetako lanak gitxi batzuk dirala.
Hiru mailatan planteau da Parmigiano-Reggiano / Idiazabal Nazinoarteko I. Jardunaldi hau. Goizean adituei zuzendutako Topaketa Teknikoa egingo da. Bertan bi gaztaien ezaugarri sentsorialak aztertu eta Idiazabal eta Parmigiano-Reggiano gaztaien dastaketa batzordeek egindako konparaketa organoleptikoen emoitzak plazaratuko dira.
Arratsaldean, eta Ikerketa konparatiboa komunikabideei aurkezteko prentsaurrekoaren ondoren, Dibulgazino Jardunaldia egingo da, bi gaztai horreek euskal sukaldaritzan daben garrantzia eta aplikazinoa aztertzeko mahai inguru bategaz. Pedro Subijana, Andoni Luis Arduriz, Pilar Idoate eta Josean Martínez Alija lako sukaldari ezagunak izango dira mahai-inguru horretan, eta dibulgazino jardunaldiari amaierea emoteko Parmigiano-Reggiano eta Idiazabal gaztaien dastatze saio txiki bat egingo da.
Parmigiano-Reggiano / Idiazabal Nazinoarteko I. Jardunaldi honi merezidu dauen amaierea emoteko Gala Afaria egongo da Bilboko Guggenheim jatetxean. Josean Martinez Alija sukaldari-buru ospetsuak afaria preparauko dau, gaztai bi horreek ardatz harturik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!