Bertsoa gaztetarik osasuntsu
2007-06-04 02:00 BertsolaritzeaBizkaiko Umeen eta Gaztetxuen XXIV. Bertsolari Txapelketan, hamalau urtera artekoen artean, Nerea Ibarzabalek jantzi eban txapela eta Elene Lejarzegi izan zan txapeldunordea. Gazteen mailan, Jone Uriak jantzi eban txapela eta Miren Amuriza bigarrena izan zan baina biak be mereziduta euken txapel baltza.
Dakizuen legez, barikuan jokatu zan Bizkaiko Umeen eta Gaztetxuen XXIV. Bertsolari Txapelketea. Bilboko El Karmen aretoa bete-beteta egoan bertsolarien lagun, senide eta ganerako jarraitzaleakaz. Saioa hasi aurretiko giroak, pankarta eta animoz betetakoak, asko lagundu eban gero entzun genduan saio atsegina sortzeko.
Xabier Paiak 11:00etan hasi eban gai-jartzailearen beharra. Bere esanetara egozan 14 urtera arteko bertsolariok: Imanol Uria, Maialen Markaida, Nerea Ibarzabal, Andutz Zulaika, Elene Lejarzegi eta Garazi Agirre. Danek be ondo be ondo erakutsi eben, gazteak eta hasi barriak izan arren, ‘bertsolariak’ dirala.
Euren betebeharra oinak emonda zortziko txikerrean bertsoa osotutea, gai jakin bati gura eben neurri eta doinuan bertso bat botatea eta ofizioka zortziko txikerrean bertso bi botatea izan zan. Hortik aurrera, bi bertsolari onenak pasau ziran buruz burukora.
Lehenengo fase horretatik saio bi aukeratu doguz. Nerea Ibarzabal saio osoan seguru ibili zan eta hori bertsootan igarri geinke. Oinakaz ederto osotu eban bertsoa:
Honaino igo gara
guztiok batera
gogorregia da gaur
dugun egoera.
Kopa eta txapela
ez da gauza bera
aprobetxatuko dot
daukadan aukera.
Bakarkoan, gaia hurrengoa izan zan: ‘Azkenean, lortu dozu beti amestu izan dozun hori. Halanda be, ez zara zoriontsu’.
Bete da jada nire bihotzean
hutsik zegoen lekua
aurkitu baitut nire printzea
betidanik maitatua.
Baina gauza bat esan behar dut
hauxe momentu estua
konturatu naiz bera ez dela
uste bezain perfektua.
Buruz burukora Elene Lejarzegi eta Nerea Ibarzabal pasau ziran. Biak be ondo ibili ziran txabola batean dagozan biren papelean. Denpora txarra dala eta, bertatik urten ezinda dagoz. Nereak hau bota eutsan lehenengo bertsoan: ‘Pentsa ezazu hau dela kurtso/ bukaerako saria’. Elenek barriz, holan amaitu eban ofizioa: ‘Aizu Nerea non topaukozu/ ni baino mutil hobea’.
Azkenean Nerea Ibarzabalek jantzi eban txapela eta Elene Lejarzegi izan zan txapeldunordea.
Gaztetxuen ordua ailegatu zanean, eszenario ganean egozan prest Miren Amuriza, Jone Uria, Arrate Illaro, Eñaut Uruburu, Aitor Beitia, Xabier Iturraspe, Irati Erkizia eta Pello Ormazabal. Euren lana, bakarrekoan jardutea eta zortziko nagusian eta txikerrean ofizioka bertso bi egitea izan ziran. Buruz burukora igarota, bi bertsolarien beharra puntuari erantzutea eta gai jakin bati bertso bat botatea izan zan.
Bakarreko gaia hau izan zan: ‘Beti pentsau dozu denda horretara sartu eta gura dozun hori ostutea. Gaur erabagia hartu dozu, bertara sartu eta gura dozuna hartzea’. Arrate eta Jone ondo ibili ziran baina Miren Amurizaren bertso eder eta original hau aitagarria da:
Berrogeita bost urte daukodaz
Joan dan astean beteta
Etxea eta hiru umeak
Ahaztu nahi neukez tarteka
Sex-shop hortako kartelak dino
‘Hementxe dago olgeta’
Sartu behar dot neure burua
Txamarra azpian gordeta
Kontsoladore bategaz nahi dot
Hartu gozatzeko beta
Gizonak pilak sartuta ere
Ez deusta emongo eta.
Ofiziotan Jone eta Arratek seguru kantau eben nagusian eta txikerrean barriz, Xabierrek eta Aitorrek saio entretenigarria osotu eben andereñoa konkistau guran dabiltzan ikasleen papelean. Gauzak holan dirala, Miren Amuriza eta Jone Uria pasau ziran hurrengo fasera.
Bakarrerako gaia hau izan zan: ‘Gaixotasun luze baten ostean zure aitite hil egin da. Gaur, batu egin zarie agurtzeko’.
Miren:
Ez da makala minbizi batek
Egin leikean kaltea
Alper-alperrik bizi izateko
Daukogun borondatea
Bizimoduan ezebe ez da
Perfektua ta merkea
Ta abadeak dinoan arren
Datorkiola bakea
Nigandik urrun joango zara
Aitite Patxi maitea
Baina ez da erreza irri batekin
Betiko agur esatea.
Jone:
Biriketako kantzer txar batek
aspaldi eginda bere
nahiz ta mediku asko lanean
aritu ondoan trebe
gure laguntzak ere ez zion
egiten antza mesede
nahiz ta banuen zientzian eta
bestetan hainbeste fede
behingoz joanda gure artetik
lehen zena gure errege
denborak dena konpontzen ei du
baita izorratu ere.
Azkenean, Jone Uriak jantzi eban txapela eta Miren bigarrena izan zan baina biak be mereziduta euken txapel baltza.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!