Bereizkeria, bardintasunaren izenean
2007-06-01 02:00 Euskerea berbagaiBehatokiak Baionan aurkeztutako ‘Hizkuntza-eskubideen egoerea Euskal Herrian, 2006an’ txostenak aurreko txostenek jasotako ondorioak berresten ditu: hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan urratzen dirala.
Behatokiak Baionan aurkeztutako ‘Hizkuntza-eskubideen egoerea Euskal Herrian, 2006an’ txostenak aurreko txostenek jasotako ondorioak berresten ditu: hizkuntza-eskubideak Euskal Herri osoan urratzen dirala. Dana dala, oraingo aurkezpenean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako errealidadea izan da batez be hurretik aztertu dabena. ‘Hiru lurralde honeetan uko egiten jake euskerearen erabilerea bermatzeko eskaerei’, adierazo dauBehatokiko zuzendariak, Paul Bilbaok.
‘Urteroko moduan berretsi ahal izan dogu, Iparraldean egiturazko oztopoa dagoala’, azaldu dau Bilbaok. Izan be, Frantziako ordenamendu juridikoak hizkuntza-eskubideen urraketak arautzen ditu. Alde batetik, euskerearen idatzizko erabilerea oztopatzeko mekanismoak abian jartzea leporatu deutse Frantziako estaduari eta bestetik, murgiltze bidezko irakaskuntzearen kontra egitea. Izan be, Justizia Ministeriotik dudarik ez dabe izan euskerazko irakaskuntzearen kalidadea bera auzitan jarteko: ‘murgiltze-ereduak haurrak akulturau edo dekulturetan dituala baieztatzera arte heldu dira’, kritikau dabe.
‘Arduratzekoa da gure hizkuntza-eskubideak urtez urte sistematikoki urratzen dirala ikustea’, azaldu dau Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak. Izan be, eremu pribatuan, euskaldunon hizkuntza-eskubideak ez dagoz autortuak, enpresa edo zerbitzu-emoile bakotxaren borondatearen araberakoak dira. SNCF enpresearen kasua aitatu dabe adibide legez. ‘Urtero 900.000 bidaiari jasoko dituan geltoki barrian euskerea erabat baztertuta geratu da’, adierazo dau Ione Josiék, Behatokiko ordezkariak. Euskalgintzeak gitxieneko batzuk eskatu eutsozan tren konpainiari: seinaleak nahiz bozgorailuetako mezuak bi hizkuntzetan jartea, leihatiletan harrerea euskeraz bermatzea eta ordutegiak zein informazinoa euskeraz be bermatzea. ‘Eskaera honeetako bati be ez deutse erreparau’, azpimarratu dau Josiék. Larritzat jo dabe gainera, txartelak erosteko makinea bost hizkuntzatan egotea eta aukera zabal horretan, euskerarik ez azaltzea.
Horregaz batera kritikea egin deutse Behatokiko ordezkariak instituzinoei iragarkiak jarterakoan ‘ahaztu’ egiten dituelako euskerazkoak.
Paul Bilbaok gogorarazo dau Behatokia Genevan izan zala aurreko astean Eskubide Sozial, Ekonomiko eta Kulturalak antolatutako bileran, eta in situ jakinarazo eutson batzordeari Frantziako Estaduak ez dituala eurek helarazotako gomendioak bete. Horren harira, Frantziako Estaduak aurkeztutako txostenean azaldutakoa kontrajarteko Behatokiak kudeatutako espedienteen barri emon eban Bilbaok Nazino Batuen Erakundean. Kontuak kontu, Bilbaok garbi itxi eban Estaduak ezinbesteko dauela lurraldean dagozan hizkuntza-komunidadeei eskubide kolektiboak autortzea, eta egun hainbat itunakazko dauen jarrerea aldatzea.
Bestalde, 2007ko urteko txostena prepareteari begira, urtarrilean ipar Euskal Herrirako zabaldutako Euskerearen telefonoan, honezkero, berrogeita hamar espedientetik gora jaso dituela aurreratu dabe Behatokiko ordezkariek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!