Ezkontza zibilen kopuruak gora egin dau
2007-05-31 02:00Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) sexu desbardineko personen arteko 10.201 ezkontza egin ziran 2005. urtean, aurrekoan baino 584 gitxiago, hau da, % 5,4 gitxiago. Ezkontza horreen guztien artean, % 44,4 zibilak izan ziran (4.525).
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) sexu desbardineko personen arteko 10.201 ezkontza egin ziran 2005. urtean, aurrekoan baino 584 gitxiago, hau da, % 5,4 gitxiago. Bestalde, sexu bereko personen arteko 74 ezkontza egin ziran urte horretan: Araban 10, Bizkaian 35 eta Gipuzkoan 26; horreetatik guztietatik 56 ezkontza gizonen artekoak izan ziran eta 18 emakumeen artekoak, Eustaten datuen arabera.
Azken urteetan ezkontza zibilen kopuruak gora egin dau. Gauzak holan dirala, 1990ean ezkontza guztien % 23,3 izan ziran bitartean, 2005ean % 44,4 izan ziran (4.525). Ezkontza katolikoak 5.670 izan ziran, eta sei bestelako erlijinoetakoak.
Lurraldez lurralde, Gipuzkoan izan zan ezkontza zibil gehien (% 47,6), gero Araban (% 44,7) eta azkenik Bizkaian (% 44,2). Erkidegotik kanpo, ezkontza zibilen portzentajea % 32koa da.
EAEko ezkontza-tasea (4,5 ezkontza mila biztanleko) Europar Batasuneko herrialdeetakoa eta Espainiakoa baino apur bat txikiagoa da (% 4,8 bi kasuetan). Ezkontzarik gehien egin zan hilea garagarrila izan zan (1.728 ezkontza), gero iraila (1.475) eta ondoren bagila (1.332).
Bestalde, ezkondu aurretik ezkontideen egoera zibilari jagokonez, % 93 gizon ezkonbakoak ziran eta % 93,3 emakume ezkonbakoak.
Ama izateko edadeak gora egin dauen neurrian, ezkontzeko edadeak be holan egin dau. 2005ean, ezkondu ziran gizonezko ezkonbakoen batez besteko adina 32,4 urte zan, eta emakumezkoena, 30,4. Esangura horretan, 1986. urtetik, senargaien batez besteko adina 5 urte igon da eta emaztegaiena 5,5.
Ezkondu ostean EAEtik kanpora bizitera joan ziran 626 bikoteen artean, gehienak Kantabriara joan ziran eta gero Madrilera edo Gaztela eta Leonera. EAEko hiru lurralde historikoetan eginiko ezkontzetan desbardintasunak dagoz biziteko lekua aukeratzean: Arabakoak Errioxara eta Gaztela eta Leonera joan ziran; Bizkaikoak Kantabria eta Madrilera eta Gipuzkoakoak Nafarroara edo atzerriko beste herrialderen batera.
Ezkontzen diranen jatorri geografikoari jagokonez, ezkontzen % 73,8 EAEko udalerri bereko bizilagunen artean egin zan, eta % 6,9 udalerri mugakideetako bizilagunen artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!