Gorka Gonzalez: ‘graffitiek alaitasuna emoten deutse herriari’

Saioa Torre Gereketa 2007-05-31 02:00   Barriketan
Ermuarrak zortzi urte daroaz graffitiak egiten

Mendaron, Getxon eta Tolosan egindako Euskal Herriko Graffiti Txapelketen arrakastea ikusi ostean, Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak Gernika-Lumon antolatuko dau aurten ekimena garagarrilaren 14an. Bonbardaketearen 70. urteurrenaren harira eta Gazte Planaren barruan, Picassoren obra ezagunaren bersinoak eta beste hainbat koloretako irudik jantziko dabe harria. Gorka Gonzalez ermuarra ibiliko da tartean.


1.- Zenbat urte daroazuz graffitien munduan eta zelan hasi zinan?

Orain dala zortzi urte inguru hasi nintzan graffitien munduan, kasualidadez. Nire herrian, Ermuan, jente gazteari zuzendutako graffiti ikastaro bat antolatu eben eta izena emon neban. Berehala gustau jatan eta teknikak ikasten hasi nintzan. Gero, irudiak behin eta barriro eginda, teknika horreek hobetzen joan naz.


2.- Zeintzuk dira graffiti bat egiteko jarraitu beharreko oinarrizko pausuak? Hormea aukeratu, margoak, irudia...

Lehenengo eta behin, ezinbesteko faktore bat hartu behar da kontuan: inspirazinoa. Inspirazinorik barik, graffiti-egilea ez doa inora. Batzutan, bost minutuan egin zeinke irudi bat baina, besteetan, hormearen aurrean zortzi ordutan egonda be, ez dozu ezer egiten eta hobeto etxera bazoaz.

Askotan, enkarguzko lanak diranean, gaia emoten deutsue, Gernikan izango dan graffiti txapelketearen aurkezpenerako agindutako hau, berbarako. Gaia zein izango dan dakizunean, buelta batzuk emon behar deutsazuz, elementu garrantzitsuenak zeintzuk izango diran erabagi eta horreei indarra emon.

Lehenengo, zirriborroa egin behar da, gero koloreak aukeratu eta ostean, materiala. Hormea be aztertu behar izaten da.


3.- Ze ezaugarri izan behar ditu graffiti-egile batek punta-puntako lanak egiteko?

Lehenengo eta behin, pazientzia. Mendian legez, graffitigintzan be lelo hau izan behar da kontuan: aurrera ezin danean egin, buelta erdi eta etxera. Gauzak ez badoaz zuk gura dozun legez, itxi eta gero egingo dozu.

Irudimena eta gogoa be ezinbesteko faktoreak dira.


4.- Non dago barrabaskeriaren eta artelanaren arteko mugea?

Hori artistearen esku dago. Erakutsi gura dauenaren arabera edota graffitia egiten dauen lekuaren arabera, barrabaskeria edo arte-lana izango da. Halanda be, graffiti horri begira dagoanak be erabagi leike lana momentu zehatz batean zeozeren kontra egiteko sortutako irudia dan ala artea dan. Artistearen eta ikuslearen esku dago, beraz.

Graffitia ez dot sekula barrabaskeria legez ikusi. Halanda be, badakit jenteak, sarritan, holan ikusten dauela. Uritar batek gazte bat horman margozten ikusten dauenean, udaltzaingoari deitu eta salatu egiten dau, zertan dabilen jakin barik. Baina, askotan, lan polita egiten dabizala konturatzerakoan, normalean jenteari gustetan jako.


5.- Zer deritxazu, legezkotasunaren mugea pasau eta bost minutuan edozein leku publiko, garraiobide (berbarako, metroko bagoiak) edota hormea goitik behera margozten daben graffiti-egileen ganean?

Hori estilo bat da. Nik ez dot egiten ze, aurrerago esan dodan legez, zorionez enkargu ‘legalak’ izaten dodaz. Inori kalterik egiten ez jakon bitartean, ez dot uste astakeria danik.


6.- Zergaitik margozten dozue hormetan edota trenen bagoietan eta ez olio batean?

Zorionez, ni suberteduna naz ze hormetan margozteko ‘legezko aukerea’ eskaintzen deustie. Baina, askok, ez daukie aukera hori eta eremu publikoan margozteko izaten daben moduak aitatutako horreek izaten dira. Euren artea adierazoteko eta jenteari ezagutarazoteko topetan dituen bideak ez dira horren garrantzitsuak ze, zenbat eta gehiago, hobeto.

Erakunde publikoetatik laguntzino gehiago jasoko bageunkez ez litzatekez horrenbeste arazo egongo. Halanda be, graffitiak egitea ez da barrabaskeria ze, azken batean, margo apur bategaz tapetan dira eta kitto.


7.- Graffitiek herriko hormak horniduteko be balio dabe...

Hori, hori. Herri danetan dagoz hormak hutsik, tarte ilunak edota leku zikinak. Graffitiek alaitasuna emoten deutse herriari eta, bide batez, gazteei euren artea erakusteko ateak zabaltzen jakez. Bizimodua ikusteko erea edota gizartean dagozan arazoak erakusteko modua be badira irudiok eta ez deutse inori kalterik egiten, mesede baino, ingurua kolorez janzten dabelako.


8.- Denporeagaz, gizarteak graffitiaren mundua gero eta hobeto ikusten dauela uste dozu?

Gitxika-gitxika, hip-hop edota beste hainbat eragini esker, bai. Internetek be eragin positiboa izan dau horretan ze, sarearen bidez, beste kultura batzuk ezagutzea errazagoa da. Holan, kanpoko eraginak arinago heltzen dira hona. Halanda be, nik uste dot graffitia beti existidu izan dala. Orain, akaso, gehiago ikusten da, gitxika-gitxika erakunde publikoek espazio gehiago ixten deuskuezalako gure lana egiteko. Baina, oraindino, graffitiaren mundua erabat normalizetako asko falta da.


9.- Zelan ikusten dozu euskal graffitigintzearen osasuna?

Oso ondo eta gero eta hobeto. Taldeen mailea oso altua da eta estadu mailan be ezagunak dira. Banaka be, artista oso onak dagoz.

Nik ikastaroak emoten dodaz eta hurreratzen diran hainbat eta hainbat gazte ikusita esan neike graffitiaren etorkizuna oparoa dala. Gaia asko interesetan jake eta gauzak ondo egiteko gogoagaz datoz.


10.- Zein herrialdetik jasoten dozuz eraginak?

Nik ez dot kanpotik etorritako eragin edo estilo zehatzik jarraitzen. Internet erabilten dot atzerrian zer egiten dan edota zein barrikuntza dagozan jakiteko, baina, lagungarri izan arren, horrek ez deust bidea marketan. Kontuan hartu zortzi urte baino ez daroadazala mundu honetan, behe-behetik hasi nintzan eta oraindino asko ikasi behar dot. Horretarako, kanpoan pasetan dana jakitea ezinbestekoa da, baina ideiak jasoten dodaz, ez estilo zehatzak. Nik jarraitzen dodan estiloa neurea da, ez beste inorena.


11.- Ze muetatako enkarguak jasoten dozuz?

Batez be, ikastaroak emoteko deitzen deustie, udaletatik, euskera alkarteetatik edota kultur etxeetatik. Ikastaro horreetara, gehien bat, gazteak hurreratzen dira. Gustura hartuko neukez helduagoak eta marrazten dakienak, lan txukunagoa egiteko eta teknikak erakusteko.

Ganera, ostalaritzan be lan asko egin izan dodaz, tabernetako hormak apaintzen edota jatetxeetako jangeletan.

Astiro-astiro, jentea etxeetan graffitiak egitera ausartzen hasi da. Graffitiak artelanak dira eta etxeak, tabernak zein edozein leku artez janztea oso aberasgarria da, bai graffitia egiten dauenarentzako zein jaubearentzako.


12.- Pintura boteak behin eta barriro astintzeko ohitureak, barrukoa mobiduteaz gan, beste funtzinoren bat dauka?

Irudi baten konzentrauta gagozanean, momentu horretan daukagun barruko tentsinoa zeozelan arintzeko modua dala esan daiteke. Ganera, zelan ez, beharrezkoa da, spray-a hainbat produktuz osotuta dagoalako eta margoa behar dan moduan gura badozu, potea astintzea derrigorrezkoa da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu