111 Akademiak aurkezpena egingo dau Bilbon akademiakide barrien bila
2007-05-25 02:00Manuel Larramendi Kultur Bazkunak sortu barri dauen 111 Akademiak aurkezpena egingo dau Bilbon akademiakide barriak lortzeko asmoz. Euskal literaturzaleen lehenengo akademia honek Euskal Herri osoko 111 akademikide hartuko ditu. Akademikide honeek irakurle arruntak izango dira, 111 Akademiaren bidez euskal irakurleari protagonismo gehiago emon gura jakolako euskal literaturgintzearen barruan.
Manuel Larramendi Kultur Bazkunak sortu barri dauen 111 Akademiak aurkezpena egingo dau Bilbon akademiakide barriak lortzeko asmoz. Euskal literaturzaleen lehenengo akademia honek Euskal Herri osoko 111 akademikide hartuko ditu. Akademiakide honeek irakurle arruntak izango dira, 111 Akademiaren bidez euskal irakurleari protagonismo gehiago emon gura jakolako euskal literaturgintzearen barruan. Akademia honek oraingoz izango dauen eginkizun nagusia Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aitamena aukeratu eta emotea izango da. Aitamen honek irakurleen artean gehien gustau dan liburua saritzen dau.
Kontuak kontu, 111 Akademiak Bilboko euskal irakurleak datorren maiatzaren 28an egingo dan aurkezpenera gonbidatzen ditu. Aurkezpena Bilboko Kafe Antzokian izango da, arratsaldeko 20:00etan.
Aurrekariak
Beterriko Liburua izeneko ohorezko literatur saria 1996an sortu zan Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren eskutik. Literatur aitamen horren helburua euskal literaturgintzako urteko obrarik gogokoena aukeratzea da, irakurleen artean aukeratzea, hain zuzen.
Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aitamena aukeratzeko, irakurleak urtea amaitutakoan urte horretan argitaratutako liburuen artetik gehien gustau jakonaren aldeko botoa emoten dau.
Hasieran, botazino hori Beterriko Liburua aldizkariaren bitartez egiten zan. Aldizkariagaz batera, txartel batzuk banatzen ziran eta txartel horren bidez egin eikean irakurleek obrarik gogokoenaren aldeko proposamena. Beterri-Aiztondo eskualdean 1.500 aldizkari banatzen ziran eta eskualdetik kanpo, Euskal Herri osora beste 500 ale. Beraz, danetara, 2.000 txartel.
Irakurleek eginiko proposamen horreek guztiak Epaimahai Iraunkorrak jasoten ditu. Epaimahai hau bost lagunek osotzen dabe eta hilero batzen da. Jasotako proposamenen artean obraren bat nabarmen gailentzen baldin bada, epaimahaiak irakurleek aukeratutakoa berretsi besterik ez dau egingo eta ha izentauko dau pasa dan urteko Beterriko Liburua. Aldiz, proposamen guztien artean ez bada obrarik nabarmen gailentzen, Epaimahai Iraunkorraren esku geratuko da urteko Beterriko Liburua aukeratzea. Holan aukeratzen zan Beterriko Liburua lehenego lau urteetan.
2.000. urtean, barriz, Epaimahai Orokorra sortu zan. Epaimahai hau Beterri-Aiztondoko irakurleez gan, Euskal Herri osoko irakurleek be osotzen dabe. Epaimahai hau irakurleen proposamenak indartzeko asmoz sortu zan, izan be, aurreko urteetan Epaimahai Iraunkorrak jasoten zituan proposamenak oso sakabanatuak izaten ziran eta askotan bere esku geratzen zan erabagia. Horri konponbidea bilatzeko asmoz Epaimahai Orokorra sortu zan.
Epaimahai honetako kide diran irakurleek honako eginkizunak ditue: urte horretan zehar argitaratutako nahi aina obra irakurri (gitxienez bizpahiru), irakurritakoaren gainean eretxia emon (luze ala labur) eta azkenik bere proposamena bialdu. Proposamen horreek Epaimahai Irakunkorrak hartzen ditu eta proposamenen arabera, irakurleen aukeraketea berresten dau edo berak hartzen dau erabagia. Une honetan, Epaimahai Orokorrean 53 epaimahaikide dagoz.
111 Akademia
Aurtengo asmoa, Epaimahai Orokorra 111 epaimahaikideetara zabaltzea da. Epaimahai hau 111 (100 + 11 = ehun + hamaika) deituko da. Epaimahai edo akademia sendo bat eratuko da eta akademia horren helburua apurka-apurka euskal literaturzaleen arteko lan eta harreman egitura bat sortzen joatea izango litzateke. Beste zenbait ekintzen artean, urtero-urtero, Euskal Herri mailako literatur sari bat emongo dau 111 akademiak. Epaimahaikide bakotxak bere aulkia izango dau akademia horretan eta bera izango da aulki horretako titularra, bere gogoz ixten ez dauen bitartean. Epaimahaikide lez lehen azaldutako betebeharrak izango ditu eta eginkizun horreek ezingo ditu beste inork bete bere aulkia ixten ez dauen bitartean.
Epaimahaikideak urte osoan gitxienez bizpahiru liburu irakurri beharko ditu euskal literaturgintzan urte horretan argitaratutakoen artetik. Gehiago irakurri nahi baditu, libre da. Irakurritakoari buruz, eretxia emon beharko dau, labur ala luze. Urtea amaitu eta barria hasteagaz batera epaimahaikideak bere proposamena biadu behar dau argi eta garbi adierazoz zein obrari emon nahiko leikion Beterriko Liburua Izendapena edo Aitamena. Bi liburu bozka daitekez beti be lan bat lehenetsiz.
Gauzak holan dirala, ondokoa eskaintzen da: Euskal Herri mailako literatur akademia bateko partaide izateko aukerea, Euskal Herri mailako literatur sari bat aukeratu eta emoteko aukerea, euskal literaturgintzearen inguruko ekimen batean parte hartzeko aukerea, Larramendi Bazkunak urtean zehar antolatuko dituan txango, bilera, ekitaldi, solasaldi eta bestelakoetan parte hartzeko aukera zein zenbait liburu dobain edo beherapenakaz eskuratzeko aukerea.
Edozelan be, ezingo dau Epaimahai Orokorreko kide izan euskal literaturgintzearen alorrean lanean diharduen edozein argitaletxetako langilek. Bestalde, idazleek ezingo dabe botorik emon sariketarako aukeren artean bere libururen bat baldin badago.
Azken erabagia ezagutzera emoteko ekitaldia maiatzaren hasieran izaten da. Beterri-Aiztondo bailarako sei herrietan txandaka egiten da ekitaldia (Aduna, Amasa-Villabona, Andoain, Asteasu, Larraul eta Zizurkil). Nahi izan ezkero, epaimahaikideak ekitaldi honetan parte hartzera gonbidatuta dagoz.
Orain arte Beterriko Liburua Aipamena jaso dabenak ondokoak izan dira:
1996 Joxean Agirre ‘Elgeta’.
1997 Ur Apalategi Iridin ‘Gauak eta hiriak’.
1998 Koldo Izagirre ‘Nik ere Germinal! egin nuen aldarri’.
1999 Lourdes Oñederra ‘Emakumeari sugeak esan zion’.
2000 Ramon Saizarbitoria ‘Gorde Nazazu lurpean’.
2001 Joseba Sarrionandia ‘Lagun Izoztua’.
2002 Anjel Lertxundi ‘Zorion perfektua’.
2003 Bernardo Atxaga ‘Soinujolearen semea’.
2004 Pako Aristi ‘Gauza txikien liburua’.
2005 Juan Cruz Igerabide ‘Hauts bihurtu zineten’.
2006 Karmele Jaio ‘Amaren eskuak’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!