Koldo Etxebarria: ‘pixela da nire pigmentua’

Saioa Torre Gereketa 2007-05-24 02:00   Barriketan
Teknologia barriak eta pinturea buztartzen dituan artistea

Teknologia barriek bizimodua aldatu deuskuela ezin dogu ukatu, bestela, momentu honetan irakurten zagozana ez litzateke existiduko, ez, behintzat, euskarri digitalean. Koldo Etxebarria (Lemoa, 1960) gehienok ordenagailuari emoten deutsagun erabilpena baino harago joan da. Pinturea eta teknologia barriak buztartuta, artea egiteko modu barria topau dau; bizkaitarraren koadroak blog honetan topauko dozuez. Ganera, Bizkaia Jaurerriko Abogaduen Bazkun Ohoretsua alkartearen egoitzan bagilaren 13ra bitartean erakusketea izango da Etxebarriaren artelanakaz ‘El silencio habitado’ izenburupean.

Azalpen gehiago gura izan ezkero, hona hemen barriketatxua:


1.- Zer da Autodesk Maya teknikea?

Oinarrian informatikea erabilten dauen teknika artistiko berezi bat da eta hiru dimensinotako espazioak sortzeko balio dau. Zineman eta telebistan erabilten da baina, normalean, ez arte-lanak egiteko. Horregaitik, esan daiteke lehenengoetarikoa nazala teknika hau erabilten artea egiteko.


2.- Nondik-nora sortu jatzun artea eta teknologia barriak buztartzeko joerea?

ETBren arte sailean lan egiteak asko lagundu deust eta erabilten hasi zanetik ezagutzen dot teknikea. Buru-belarri ibili naz zeregin horretan, luzaroan.

Hasieratik igarri neban infografiek mesede itzela egiten eutsela artea adierazoteko bideei. Espainian teknologia hori eukan lehenengo unibersidadean, hau da, Mallorcako Palman ikasteak asko lagundu deust horretaz konturatzeko. Denporan atzera egin ezkero, larogeta hamargarren hamarkadan, nire lan bat Imagina festibalerako aukeratu eben. Festibal hori Europa mailan lehenengoa zan eta, mundu mailan, Las Vegaseko Sifgraf festibalaren atzetik, bigarrena teknologia artistiko barrien arloan.


3.- Irudietako pertsonaiak beti dagoz bakarrik. Zergaitik? Zer islatu gura dozu horregaz?

Nire planteamentu estetikoaren ardatza gizakiaren barruko edertasuna topetea da. Gizakiaren dimensinoa ideologiak, berekoitasunen prosezu arrazionalak edota ezaugarri fisikoak baino harago dago. Dimensino horretan dagoz, hain zuzen be, norbere barruko edertasuna, armonia eta gozamen estetiko zein poetikoa. Barruko eremu hori da niri interesetan jatana eta interes hori artearen bidez adierazoten dot. Isilik gagozanean igarten da barruko edertasunaren dimensino hori, baita zeozer kontenpletan gagozanean be. Horregaitik islatzen dot isiltasuna nire obretan, gizakia beti dago kontenplazinoko egoeran, isiltasunez inguratutako espazioetan.

Inguruko elementu arkitektonikoek gizakiaren figura horrek bizi dauen lasaitasuna armonizetan dabe, baita argiak eta koloreak be. Hau da, gizakiaren kontenplazinoko figurea erabilten dot elementu arkitektonikoakaz armonizauta eta argia eta kolorea baliabide poetiko legez erabilita gizakiaren barruko edertasuna islatzeko. Horregaitik, sarritan, gizaki horreek lepoz dagoz, aspektu fisikoari ez deutsadalako garrantzirik emoten, izan be, barruko edertasun hori danok daukagun zeozer da, kanpoko itxurea edozein izanda be.


4.- Akuarelea, olioa edo beste edozein tresna ordenadorea bezain artifiziala dala dinozu...

Teknika danak dira artifizialak eta hotzak. Pigmentu klasikoak, berbarako, mineralak dira. Infografia teknikak 0 eta 1 digituetan oinarrituta dagoz, oinarri informatikoa daukie-eta. Artelan danen aurrean, gizakiaren bihotzak bihurtu behar dau benetakoa ikusten dauena. Artearen munduan, zorionez, aurreretxi hori garrantzia galtzen joan da eta azken emoitzak hartu dau pisua, teknikea eta erabilitako materiala zein dan kontuan hartu barik.


5.- Zergaitik kokatzen dozuz artelanak beti urian?

Arkitekturek gizakiaren espazio naturala osotzen dabe eta horregaitik erakusten dodaz nire irudietan. Eta barruko edertasuna, poesia eta armonia gizakia dagoan lekuan dagoz.

Bestalde, obretako arkitekturak eurak be definidu barik agertu arren, Greziako Agorea, Granadako Alhambra edota Veneziako San Marcos plazea ekarten ditue gogora.


6.- Zuk erabilten dozuzan teknikak ez dira oso ezagunak. Zein erreferentzia erabilten dozu lanerako? Arlo honetan zabizenontzako, kanpora, atzerrira joatea derrigorrezkoa da?

Ordenadoreak gero eta gehiago erabilten dira eta, ondorioz, teknika honeek ez dira horren ezezagunak. Honezkero, apur bat berandu bada be, Arte Ederretan hasi dira gai honen ganeko eskolak emoten. Aurrerantzean, gauza barri askok urtengo dabe eta ikasle horreek ez dabe behar dan moduko preparazinoa izango baina, behintzat, hasi dira teknika barrietan sakontzen.


7.- Teknologia barriek betiko pintureari kalte egingo deutsela uste dozu?

Justo kontrakoa. Teknologia barriek sormenaren bide barriak zabaltzeko balio dabe eta hori da, hain zuzen be, interesgarriena: bizitzearen arlo positiboaz disfrutetako aukerea eskaintzea.


8.- Gizakiaren armonia, intimidadea topau gura dozula dinozu, gizakiaren poesia. Teknologia barriak ez ete dira hotzegiak edota inpersonalegiak kontu horreetarako?

Edozein teknika, modernoa zein tradizionala izan, hotza da, material hutsa: gitarrearen ohola, olioaren minerala, akuarelea edota akrilikoa...

Barruko edertasuna erakusteko hainbat bide dagoz ze edertasun hori, armonia eta poesia formarik bako errealidadeak dira. Gero, persona edota kultura bakotxak modu batera edo bestera erakutsiko ditu, beraz, ezin dogu esan teknika inpersonalak dirala.


9.- Estadu mailan punta-puntan zabiz...

Bai, neu eta beste gitxi batzuk hasi ginan teknologia barriak pintureagaz buztartzeko kontu honeekaz. Aurrerantzean, teknologia barrien garapena ikusita, atzetik gehiago etorriko dirala esan daiteke.


10.- Eitb 24 webgunean zure izena daroan
bloga horniduten dozu zure lanakaz. Zein da blogaren helburua?

Blogaren helburua bikotxa da: batetik, modu arin eta errazean nire lanaren barri emotea; bestetik, nire pigmentua pixela dala kontuan hartuta, pantailea da nire mihisea. Gauzak holan dirala, ordenadora da nire oinarrizko euskarria eta jenteak blogari esker zuzen-zuzenean ikusten dau nire lana, jatorrizko euskarrian. Izan be, pixelak be baditu argia eta sensibilidadea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu