Topagunearen 10. urteurrenaren jaia Durangon
2007-05-24 02:00 Euskerea berbagaiEkitaldia Plateruena Kafe Antzokian izango da 19:30etik aurrera eta aurkezpena Kike Amonarrizek egingo dau. Iñaki Arrutik Topagunearen sorrerako garaiak gogoratuko ditu eta Karmen Irizar Topaguneko lehendakariak federazinoak bihar-etzirako dituan erronken barri emongo dau. Ekitaldi labur honetan Kristina Mardaras bertsolariak be parte hartuko dau eta baita jazz laukote batek be.
Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak bere sortze-batzarra 1997ko zezeilaren 1ean egin eban Durangon. Urte bi lehenago, euskera alkarteen artean antzeko egitura bat sortzeko beharra proponidu zan eta, azkenean, orain dala 10 urte sortu zan Federazinoa. Urteurrena ospatzeko, Durango aukeratu dabe oraingoan be.
Ekitaldia
‘Lagunarteko ekitaldia izango da, euskera alkarte, gizarte mobimentu eta euskera alkarteen inguruko bestelako erakundeetako lagunei zuzendua’, dinoe antolatzaileek. Ekitaldi honegaz emongo jako hasierea, ganera, 2007 urtean Topaguneak antolatuko dituan ospakizun-ekitaldiei. Hurrengo ekitaldi publikoa bagilaren 16an egingo da Bilboko kaleetan, Zazpi kale kultur topagunea izenagaz. Azkenik, zemendian Donostian egingo diran jardunaldiakaz amaituko da 2007 urterako Topaguneak preparau dituan urteurreneko ekitaldi bereziak.
Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoa Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 Euskera Alkartek osotzen dabe. Alkarteon zein Federazinoaren beraren helburua euskerearen erabilerea sustatzea da. Horretarako, hainbat arlo lantzen ditue, ume eta gazteen aisialdia, kulturgintzea, lekuan lekuko komunikabideak eta abar.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!