Getxoko XXIV. Eskulagintza Azokan 113 artisau izango dira
2007-05-23 02:00Getxoko XXIV. Eskulangintza Azokea bagilaren 1etik 3ra bitartean izango da eta antolatzaileek iragarri dabenez, danetara, 113 artisauk parte hartuko dabe.
Getxoko XXIV. Eskulangintza Azokea bagilaren 1etik 3ra bitartean izango da eta antolatzaileek iragarri dabenez, danetara, 113 artisauk parte hartuko dabe. Areetako Geltokiko plazan erakutsiko ditue 99 artisauk euren lanak, eta Ibaiondo kalean kokatutako gastronomiaren gunean beste 14 artisau egongo dira. Aurten azoka estalita egingo da lehenengo aldiz eta sarrerea dobakoa izango da. Azokearen ordutegia honako hau da: 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era; zapatuan, barriz, 22:00etan zarratuko da.
Aurtengo azokan hainbat espezialidade erakutsiko dira: egurra, beira, larrua, metala, harria, papela, bitxigintzea, galdaragintzea, besteak beste. Danetara, 20 izango dira Getxon ikusi ahal izango diran eskulangintza arloak.
Bestalde, Euskal Herria osotik etorritako eskulangileez gan, Asturias, Galizia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Murtzia, Andaluzia, Katalunia, Valentzia eta Madrilgo partaideak egongo dira. Beraz, jenteak ezagutzen dituan produktuak erosi ahal izango ditu eta baita hain ezagunak ez diranak eta eskulangintzea beste era batera ulertzeko bidea emoten dabenak be. Aurten, ganera, Irlandatik, Portugaletik eta Italiatik etorritako artisauek parte hartuko dabe azokan.
Salmenta guneaz gan, aurten erakustaldiak egiteko gunea be egongo da azokan. Bertan, goizez eta arratsaldez, zenbait eskulangile jardungo dira zuzenean, publikoak eskulanak zelan egiten diran ikusteko.
Oraingoan Javier Caravaca artisau murtziarrak zetazko jantziak zelan egiten diran erakutsiko dau. Prozesuaren pausu guztiak ikusi ahal izango ditu bisitariak. Gainera, Burgoseko Ruben Gonzalez tailugile, eskultore eta grabatzailea izango da Getxon harri-lanaren sekretu guztiak erakusteko asmotan. Hiru egunetan, artisau horrek harrizko erretilu erraldoia egingo dau, sei tonako harria landuta.
Bestalde, azokearen lehenengo egunean, bagilaren 1ean, Getxoko Kultur Etxeko ehoziri-lanaren tailerretako ikasleek antxinako eskulan espezialidade honen teknika neketsuak erakutsiko ditue. Azkenik, gaztetxuenek lehenengo aldiz gozau ahal izango dabe eskulangintzaz eurentzako egongo diran zeramika, egur eta saskigintza tailerretan.
Era berean, bi lehiaketa izango dira azokan: stand eta diseinu lehiaketak. Produktuen kalidadea eta postuen aurkezpena eta apaindurea hobetzeko eskulangileek egiten daben ahalegina saritzen dabe honeek, hain zuzen be. Horregaz batera, urtero erosleen artean egiten dan zozketea aurten be egingo da, eta zeozer erosten daben bisitarien artean eskulangintza produktuak zozketatuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!