The Dubliners Bilbon

Gotzon Uribe 2007-05-22 02:00   Musikea

Azken 40 urteetan folk musikeak emon dauen talderik mitikoena da The Dubliners. Aurten, 5. belaunaldian sartu dira eta tartean hainbat bira egin eta 180 disko baino gehiago grabau ditue. Euskal Herrian emongo daben kontzertu bakarra maiatzaren 24an izango da, Bilboko Kafe Antzokian.

The Dubliners taldea azken 40 urteetan folk musikeak emon dauen talderik mitikoena da. Aurten, 5. belaunaldian sartu dira eta tartean hainbat bira egin eta 180 disko baino gehiago grabau ditue. Euren abesti eta doinuen bitartez irlandar herriaren bizimodua mundu osoan zehar zabaldu dabe.

Taldea 1962an hasi zan Dublineko O’Donoghues tabernan kontzertuak emoten, The Ronnie Drew Folk Group izenagaz eta laukote moduan. 1963an Edimburgoko Transatlantic Records disketxeko arduraduna zan Nathan Joseph ezagutu eta beragaz hasi ziran lanean.

1967an, taldeak aurrerapausu garrantzitsua egin eban ‘Seven Drunken Nights’ kanteari esker. Beatles, Mamas & The Papas, The Who eta Kinks taldeen abestiakaz batera, momentuko kanta garrantzitsuenetarikoa izan zan eta irrati guztiek behin eta barriro jarten eben. Bapatean, The Dubliners talde erraldoia bihurtu zan: mundu osoan zehar birak egiten hasi ziran eta hainbat urrezko disko lortu zituan.

Hirurogeta hamargarren hamarkadan, gorabehera ugari izan ziran taldearen konposizinoan. 80. hamarkadan, 1987a urterik onena izan zan taldearentzako. Euren lagun eta musikaria zan Eamonn Campbellek The Pogues taldeagaz grabazino bat egitera eroan eban The Dubliners. ‘Irish Rover’ kantea grabau eben, gerora taldearen kantutegian oso ezaguna izan zana. Abesti honi esker, The Dubliners taldeak, 20 urte pasau ostean, barriro ospearen trenera igon eban, beren betiko publikoa manteniduta eta publiko gazte eta barria lortuta. Jarraitzaileen artean, taldea sortu zanean oraindino jaio bako gaztetxuak egozan.

80. hamarkadearen amaieran, zurrumurruak zabaldu ziran The Dubliners taldearen desagerpenaren ganean. Halanda be, aurrera jarraitu eben, mundu osoan zehar birak eta kontzertuak emoten. 90. hamarkadan, taldeak 1992an bere 30. urteurrena ospatu eban disko bikoitx bategaz eta bira luze bategaz.

1995ean, Ronnie Drew kideak taldea itxi eban eta handik urte batzuetara Paddy Reilly sartu zan. Orain, 40 urte pasau ondoren, The Dubliners taldeak ospea berezia da mundu osoan. Irlandako folk musikearen erakuslerik garrantzitsuenak dira eta taldearen izena beti dago lotuta irlandar tradizinoagaz eta jai-giro berezi bategaz.

Kontzertuetan hainbat lagun batzen dira, danetariko jentea; folk tradizionala maite dabenak zein rock eta pop musikearen jarraitzaileak diranak. Musika estilo desbardinetako nazinoarteko jaialdirik garrantzitsuenetan parte hartzeko arrazoirik nagusiena hori da, taldearen musikeak mugak gainditzen dituala eta belaunaldi desbardinetako jenteari gustetan jakola. Talde oso gitxik lortzen dau folk musikeagaz The Dubliners taldeak lortu dauen mundu mailako ospea eta jentearengana horrenbeste hurreratzea.

Eta ez bakarrik musikearen munduan, baita herrien arteko alkarkidetzan, The Dubliners taldeak Euskal Herrian milaka zaletu ditu. Bestetik, irlandar zein eskoziar musikearen oparotasunaren aintzindariak dira eta Chieftains, The Pogues edota U2 lako taldeei bidea edegi deutse. Ganera, musikari eta talde askok inspirazino-iturri legez erabilten ditu irlandarren kantak.

Irlandako folk musikea mundu osora zabaldu dabe hainbat elementuren konbinazinoari esker: euren abots ikaragarriak, instrumentuak joteko erea, bizar handiak, bizimodu basatia, folk musikea ulertzeko berezko erea... Irlandar herriaren zabalpenean funtsezkoa izan dan elementu aktiboa da The Dubliners.

Bilboko kontzertuan bakarra izango da Euskal Herrian, Bilbo Hiria Irratiaren urteurrena ospatzeko jaian taldeak bere ‘ibilbidetxuan’ 45. urte beteten dituala ospatuko dau gure artean. The Dubliners zuzenean ikusteko aukera parebakoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu