Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasketak euskeraz egiteko kanpainea jarri dabe martxan

Bizkaie! 2007-05-22 02:00   Euskerea berbagai

Bizkaiko 39 udalerrik DBH amaitutakoan batxilergoan zein lanbide heziketan jarraituko daben gazteek euskerazko ereduetan egiteko kanpainea antolatu dabe 'Zeurea da aukera: jarraitu euskeraz' lelopean.

Bizkaiko 39 udalerrik DBH amaitutakoan batxilergoan zein lanbide heziketan jarraituko daben gazteek euskerazko ereduetan egiteko kanpainea antolatu dabe. Alkarbidek (Bizkaiko lurralde historikoko euskera zerbitzuetako teknikariak batzeko Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako bilgunea) koordinau dau ekimena eta aurten DBHko 3. maila euskeraz egin daben 6.500 ikasleri zuzenduta dago.

Zeurea da aukera: jarraitu euskeraz lelopean, ondoko 39 udal erakunde honeek parte hartu dabe kanpainan: Amorebieta-Etxano, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbao, Elorrio, Enkarterriko mankomunidadea, Erandio, Ermua, Etxebarri, Getxo, Gordexola, Laukiz, Maruri-Jatabe, Markina-Xemein, Mungia, Muskiz, Ortuella, Txorierriko mankomunidadea eta Uribe Kostako mankomunidadea.

Udalerri bakotxak euren beharrizanen eta ikastetxeen plangintzearen arabera banatuko ditu liburuxkak, ikasturtearen amaieran edota hurrengoaren hasieran.


Helburua: gazteak

Kanpaina hau berenberegi preparau da DBH euskeraz egin eta DBH ondoren zer egin erabagiten hasi behar daben gazteentzako. Euskarri nagusia informazino-liburuxka bat da. Bertan, batxilergoan eta lanbide heziketan, euskerazko ikasketak eskaintzen dituen ikastetxeen zerrendea agertzen da eskualdeka antolatuta eta, horregaz batera, eskualde bakotxeko garraio-sarearen barri emoten da.

Ilaski Serrano EITBko aurkezle eta Euskadi Gaztea irratiko esatariak sinatutako gutuna be badaroa barruan liburuxkeak. Gutun horretan, Ilaskik euskerazko ereduan ikastearen garrantzia azpimarratu eta gazteak eredu horretan ikasten bultzatzen ditu. Aurreko urteetan legez, oparitxua be jasoko dabe gazteek liburuxkeagaz batera: txapa txiki bi eta pegatina bat.

Hirugarren urtez jarraian antolatu da kanpainea. Igaz, Gernikako Alex Sardui GATIBU taldeko kantariak parte hartu eban eta orain dala urte bi Luis Prieto Athletic-eko jokalariak.

Kanpainearen helburua bera da: neska-mutilei euskeraz ikastearen garrantzia azpimarratzea eta bizi garan gizartean euskerea etorkizunerako apustu garrantzitsua dala erakustea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu