Ura eta hidratazinoa

Amaia Laforga Nutrizino Eta Gizaki Elikaduran Diplomatua 2007-05-18 02:00   Jan edanak

Udea gero eta hurrago dago eta eguzkiak gero eta gogorrago joten dauenez, izerdiaren bidez ur asko galtzen da eta gorputza behar bezela hidratetea komenidu da. Ura da geure organismoaren osogai nagusia, pisuaren % 55 eta % 60 bitartean

Udea gero eta hurrago dago eta eguzkiak gero eta gogorrago joten dauenez, izerdiaren bidez ur asko galtzen da eta gorputza behar bezela hidratetea komenidu da. Ura da geure organismoaren osogai nagusia, pisuaren % 55 eta % 60 bitartean; berbarako, 70 kiloko gizaki heldu batek berrogei bat litro ur ditu. Urak garrantzi handiko zereginak beteten ditu: bertan disolbatzen dira gorputzeko likidoak (odola, liseriketako sekrezinoak, gernua, etab.), mantenugaien garraioa zeluletaraino bideratzen dau eta, neurri berean, zeluletatik hondakinak garraiatzea errazten dau, liseriketa egiten laguntzen dau elikagaien mantenugaiak disolbiduten ditualako eta, azkenik, gorputzaren tenperaturea orekatzen laguntzen dau, larruazaletiko lurrunketeari esker.

Horregaitik, gure organismoan nahitaez gertatzen diran galerak orekatzeko beste likido hartu behar dogu egunero. Goiko adibidean, berbarako, eguneko 2,600 litroko galera hori hainbat prozesu biologikotan gauzatzen da: arnasketea (400 ml.), izerdia (350 ml.), txisa (1.500 ml.) eta kaka (150 ml.). Kontuak kontu, egunero bi litro eta erdi hartzea komenidu da bai likidoan zein fruta eta barazkietan dagoanetik.


Ura eta gehiago

Egarri sentsazinoak, oreka hidrikoa mantentzea ahalbideratuko deuskuen likidoak hartzera bultzatzen gaitu. Edadeko personetan egarri-mekanismoa arautzen duen nerbio-zentroa hondatuxeago ohi dagoanez, likidoa edan dezaten behin eta berriro gogorarazi behar izaten diegu.

Behar beste likido hartzeak osasunerako eragin mesedegarriak izaten ditu: giltzurrunen lana hobetu egiten da, txis gehiago eta arinagoa produziduten dalarik. Hondakinez odola hobeto garbitzen dabe gultzurrunek eta errazago suntsitzen ditue. Gainera, gultzurrun-kalkuluak sortzeko arriskua ebitetan da eta kaka ahalegin txikiagoz kanporatzen dira, hezeago dagoalako. Nahikoa likido hartzen dogun frogatzeko, nahikoa da txisaren etxurea ikustea: kolore hori-gorri edo iluneko eta usain gogorreko txisa sarri egiteak likido beharraren azpitik gabiltzala ohartarazoten deusku.

Ura da ezinbesteko edari bakarra, egarriari aurre egiteko egokiena. Dana dala, izerditan gagozalako likido ugari galtzen dogunean, ura edatea ez da nahikoa, uraren osogaiak izerdiak eta gorputzeko beste likido batzuenak baino gitxiago diralako: galdutako mineral-gatzak berreskuratzeko bestelako edariak be hartu beharko doguz orduan. Edari isotonikoak hartzea da aukera bat, galdu doguzan gatzak berreskuratzeko. Ura ez eze, gatz, potasio, magnesio, kaltzio eta gluzido soil eta konplexuetan aberatsak dira, baina litroko 60-70 gramo azuekae baino ez, hau da, freskagarrien erdia, gitxi gorabehera.

Holako produktuen abantaila nagusia gorputzak galdutako elektrolitoak azkar berreskuratzean datza. Eragozpenak be badakarrez, izan be, gozagarri kimikoetan aberatsak dira (aspartamoa da horreetako bat, egarria areagotzen dauena, hain zuzen). Etxean bertan be preparau geinkez holako edariak, osogaiak ondo ezagutzen badoguz: litro bat ur irakin, koilarakada bat bikarbonato sodiko, beste koilarakada bat gatz, koilarakada handi bat azukera eta limoi bat edo biren ura.


Freskagarriak eta alperreko kaloriak

Freskagarrien nutrizino-balioa hutsaren hurrengoa da. Laranja eta limoizkoek (legeak holan beharturik) fruta horreen arrastoak daukiez, baina huskeria, normalean % 10etik behera. Freskagarriek nabarmentzeko daben alderdi bakarra kalorietan aberatsak dirala litzateke, gehitu deutsiezan azukerearen ondorioz. Light muetako edariek, barriz, azukerearen ordez edulkoratzaile kimikoak izaten ditue.

Freskagarrien kaloriak hutsak dira, alperrikakoak, bitamina nahiz mineralik ez daukielako. Azukereagaz gozotutako freskagarri batek 35 g. azukera ditu, (hau da, kafeagaz ipinten daben xorro horreetako hiru). Gas karbonikoa be gehitu jake edari horreei, ur gozoan erraz disolbiduten dalako: horixe daroe kola-dun edariek, tonikek eta bitterrek. Koladunek, esandakoez gainera, kafeinea izaten dabe (20 mg/100 ml), kola-hur tropikalaren estraktutik atarata, eta azido fosforikoa: honek, kaltzioa ‘jan’ egiten dauenez, mineral honen absortzinoa urritu egiten dau; beraz, umeen kasuan batez be, freskagarriak ebitetea edo neurriz hartu behar dira, hazurren garapen egokian kaltzioaren eragina kontuan izanda.

Te-estraktua be merkaturatzen da, limoi-ur, azukera edo edulkoratzaile kimiko eta legeak baimendutako bestelako aditiboak be erantsita. Edari honeei, besteei ez bezela, gas karbonikorik ez jake gehitu eta oso freskagarriak izaten dira.

Edozelan be, ura edateko beste aukera atsegin bat da gusto, usain edo bestelako ezaugarriengaitik, hamaikatxu landareren artean aukeratzea infusinoak egiteko. Eta, jakina, ura edateko beste modu batzuk likido naturalak dira: zumo naturalak eta saldak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu