Mieltxo Monfort: ‘kolaboratzaileak dira gure altxorrik preziatuena’

Bizkaie! 2007-05-18 02:00   Barriketan
Bilbo Hiria irratiko esatari eta koordinatzailea

Zenbat Gara kultura alkartearen ekinbidez, Bilbo Hiria irratia 1997an hasi zan FM ko 96.0 frekuentzian emitiduten eta, beraz, 10 urte beteko ditu aurten. Gaur egun, Bilbotik mundura zabaltzen ditue musikea eta era guztietako programak Interneteko bilbohiria.com helbidean.

Mieltxo Monfort Bilbo Hiria irratiko esataria eta koordinatzailea da eta hona hemen berak kontau deuskuzanak:


1.- Independientea ez dala autortzen dauen irrati bakarra ei zarie... Zenbat Gara alkartearen filosofiari eusten deutsazue?

Esaldi hori lagun batek bota eban orain urte batzuk eta hor geratu da historiarako. Bilbo Hiria irratia Zenbat Gararen menpeko komunikabidea da eta, beraz, bete-betean bat gatoz alkartearen jarrera eta helburuakaz. Zenbat Gara alkartea euskerea harremanen arlo guztietan erabilteko helburua dauen kultura alkartea da eta, esangura horretan, Kafe Antzokia, Gabriel Aresti euskaltegia, milatik ikasle ingurugaz, azken 12-13 urteotan Aste Nagusian zein bestelako jaietan parte hartu dauen Algara konpartsa, Umegunea eta Bilbo Hiria Irratia kokatzen dira.


2.- Zelan definiduko zeunke Bilbo Hiria Irratia? Zeintzuk dira zuon berezitasunak eta helburuak?

Irrati txikia da gurea, euskalduna, Euskal Uriko irratia, mezua Bilbo Handira zabaltzen dauena eta euskal metropoliaren izaera euskalduna aldarrikatzen dauena. Programazinoaren % 99 euskeraz beteten dogu; salbuespenak be badira, berbarako, kanpotar bat edo gazteleraz egiten dauen gonbidaturen bat alkarrizketatzen dogunean baina esandako moduan anekdota hutsa izaten da.

Gurea ez da irrati komertziala; gauza handirik ez baina publizidadea badogu, erakundeetatik oso gitxi jasoten dogu, euskal mundutik apur bat; egia esan, egiten dogun publizidade gehiena Zenbat Gararen ekinbide eta jarduera esparruen ganekoa izaten da. Zenbat Garak beteten dau Bilbo Hiria irratiaren ekonomia.

Orain, barriz, FM lizentzien banaketea etorriko da eta zain gagoz, 10 urteko ibilbideak eta lanak zeozertarako balioko dauelakoan. Lizentziagaz hobeto ibiliko ginateke baina lizentzia barik be gure martxeagaz jarraituko geunke.

Gure helburuen artean, euskaldungoa trinkotzea nabarmenduko neuke ze jakin badakigu Bilbo eta inguruetan badagoala jentea euskeraz jakin arren, erabilten ez dabenak eta, sarritan isolatuta, erreferentzia barik dagozala. Arlo horretan gure ekarpena egiten dogula pentsetan dogu, ikuspuntu zabaletik abiatuz, euskaldun horreei informazinoa, eretxia, eztabaidea eta parte-hartzea eskainiz.


3.- Hamar urteotako balantzean zer nabarmenduko zeunke?

97ko udabarrian nahikoa apal hasi ginan goizean bi orduko magazina emitiduten; arratsaldeetan, ez beti, beste ordubeteko irratsaioa egiten genduan. Aurrerago, 2001ean, 5-6 orduko programazinoa geunkan goizean eta arratsaldean eta gaur egun, barriz, zazpi orduko zuzeneko programazinoa dogu. Gehiago be gura geunke, baina... Nahia, asmoak eta errealidadea buztartzen eta egokitzen jakin behar da eta, beraz, pausuak astiro-astiro emon behar izan doguz, eguneroko gauza txikiakaz goaz gure jarduna hobetzen.

Oro har, esperientzia ederra izan da; lantalde txikia izan gara beti eta bateren batek huts egin izan dauenean, beste batek bete izan dau haren lekua, giro ona bizi dogu.

Ganera, hamar urteko ibilbidean hainbat gauza ikasi ditugu, aurrerakuntza teknologikoa sekulakoa izan da, teknika kontuak, ordenagailuak, programak... Etenbako ikasketa prozesua izan da.


4.- Uhinen bidez ez eze, igazko martitik Internet bidez be zabaltzen dozue zuen mezua mundura. Irratia zuzenean entzuteaz gan, saio gehienak MP3 formatoan dagoz eskuragarri. Irratsaioak kartara edo podcast harpidetza bidez entzun daitekez...

Bai. Gure irratia zuzen-zuzenean FMko 96.0 frekuentzian eta www.bilbohiria.com helbidean on-line be entzun daiteke eta horrezaz ganera, kartara entzun daitekez grabautako irratsaioak, musika, literatura zein bertsolaritzaz; MP3 formatoan eskuratu daitekez bakotxak gura dauen lekuan eta momentuan entzuteko. Gure ohiko lanaz aparte egunero edo astero ahalegintzen gara zeozer barria sartzen eta lan handia da, kolaboratzaileei eurei be irratsaioen ganeko azalpen laburra eskatzen deutsegulako.


5.- Orain arte zelakoa izan da Interneteko esperientzia hori?

Nik entzundako azken datuen arabera, egunero batez beste ehun da piku, berrehun bisita daukaguz. Ez da datu potoloa baina kontuan izan irrati txikia garala eta horixe da daukaguna; oraingoz pozik gagoz.

Interneteko gura helbidean sartzen diran bisitari gehienak Euskal Herrikoak dira baina anekdota legez esango deutsut Singapurretik, Argentinatik, AEBetatik eta beste leku batzuetatik be sartu dirala gurean.


6.- Zelako irratsaioak eskaintzen dozuez? Egungo programazinoaren eta irratiko lantalde eta kolaboratzaileen harian, zeinek dauka entzule gehien? Zelakoa da zuon lantaldea?

Zehatz ez dakigu baina Eusko Jaurlaritzeak urtero-urtero hedabideen ganean emoten dituan datuetan, igazkoetan agiri da Bilbo Handian 2500 entzule daukaguzala egunero. Ez dira asko baina gu pozik gagoz eta eguneroko lanagaz jarraitzeko gogoz. Ganera, ez da datu txarra Bilbo Handian euskerearen egoerea zein dan jakinik ze euskaldun kopurua handia izan arren, praktikan askosaz gitxiago dira eguneroko jardunean erabilten dabenak. Arazoa larria da ganera, ze bost lagun alkartu eta bat erdalduna bada, nahikoa izaten da erderara pasetako.

Lantaldeari jagokonez, goizekoa eta arratsaldekoa aitatuko neukez baina kontuan izan, zuzeneko 7 ordu horreetatik aparte, emitidutako batzuk errepetidu egiten doguzala eta egunaren 24 orduak beteteko grabautako musika irratsaioak be eskaintzen doguzala, estilo guztiak jorratuz, jazza, esperimentala, soula, rocka, folka...), sekulako lana da.

Edozelan be, zuzeneko saioakaz goizeko 9:00etan hasten gara. Hiru ordu eta erdiko magazina eskaintzen dogu (gaurkotasuneko gaiak, albistegiak, kirolak, alkarrizketak, solasaldiak...) eta horretan lau lagun gabilz, Isabel Isazelaia, Xabi Lauzirika, Xabier Monasterio eta ni neu gehi bi teknikari.

Kultura gaiak arratsaldez jorratzen doguz. Arratsaldeko 19:00etan bi orduko irratsaioa dogu Galder Perez eta Ane Zabalaren gidaritzapean, bertsolaritzea, teknologia barriak zein bestelako gai batzuk jorratzeko.

Horrezaz ganera, musikeari be berebiziko garrantzia emoten deutsagu eta hor dagoz Txuma Murugarrenen Musibla edo Anartz Bilbaoren Gaubasa. Musika klasikoak be badauka bere lekua, Ainhoa Martinezen Zutargi artean irratsaioan.

Beste alde batetik, aurten alkartrukearen bitartez zenbait euskal irratigaz hartu-emonetan hasi gara eta, era horretara, guk egindako irratsaio batzuk hartzen ditue emoteko eta guk gauza bera egiten dogu, errespetu guztiz irratsaioak non sortu eta emitidutakoak diran esanaz. Gauzak holan dirala, aurten kanpoko lau irratsaio erantsi deutsaguz gure ohiko programazinoari, Iparraldeko euskal irratiek egindako bi ‘Gure bazterrak’ eta ‘Hinki Hanka’, Iparraldeko Radiokulturaren zenbat erreportaje eta Info7ko ‘Katuk morun’ musikala.


7.- Dialean gero eta erreferentzia gehiago dagoala jakinik, norberak bere lekua topetea ete da giltza?

Diala gaztelaniaz egiten dabenek bete dabe, irrati komertzialek, hain zuzen baina gure kasuan, euskerea normalizetako asmoagaz, euskaldungoa trinkotzeko eta jenteari eguneroko jardunetan euskeraz egin eta euskeraz entzuteko aukerea emoteko gabilz beharrean, euskera hutsean emitiduz eta horixe da gure nortasuna eta berezitasun nagusia.


8.- Zeintzuk dira Bilbo Hiria Irratiaren bihar-etziko erronkak?

Hasteko eguneroko jardunari ekin behar jako, egunerokotasuna aztertu, alkarrizketak berbatu eta abar. Horrezaz aparte, goizeko magazina egonkortu, lantaldea indartu, umeei leku egin eta arratsalderako magazina sortu gura geunkez. Eta irailetik aurrera literaturaz zeozer eskaintzea espero dot.

Ganera, kolaboratzaileen lana azpimarratu gura neuke, irrati honetan berebizikoak dira gure gizarteko arlo eta jarrera desbardinetako kolaboratzaileak; eurei esker dabil dabilen moduan Bilbo Hiria irratia; kolaboratzaileak dira gure altxorrik preziatuena.

Beste alde batetik, lehen aitatutakoaren harian, irratien arteko alkartrukeagaz eta lankidetzeagaz jarraitzea sano aberasgarria dala pentsetan dogu. Gogoan izan, Iparraldeko euskal irratiek bat egin dabela alkartrukerako; Nafarroan, oraintxe bertan, webguneari esker irratien arteko kolaborazinoari ekin deutsie eta, beraz, geuk be geldiro-geldiro pausuak emon beharko doguz.


9.- Hamargarren urteurrenaren harian, egitarau berezia preparau dozue...

Bai. Egun bakarrean gauza piloa antolatu beharrean pasa da apirilean hasi ginan ekitaldiakaz, barrura zein kanpora begira. Barrura begira, lehen ekitaldia kolaboratzaileakaz antolatu genduan bazkaria izan zan. Horrezaz aparte, goizeko magazina egonkortu, lantaldea indartu, umeei leku egin eta arratsalderako magazina sortu gura geunkez. Eta irailetik aurrera literaturaz zeozer eskaintzea espero dot.

Edozelan be, orain astebete Larrabetzun ibilbide historiko txiki bat egin genduan, Larrabetzu, Durango, Gernika eta beste jazoera gogoangarri batzuen 70. urteurrena beteten dala kontuan hartuz. Horren inguruan zenbait alkarrizketa egin doguz eta laster Sarean eskainiko doguz oroimen historikoa lantzeko asmoagaz.

Bestetik, maiatzaren 23an Dubliners folk talde irlandarraren kontzertua izango dogu Kafe Antzokian; 45 urtetik gora errepidean dabilen taldearen kontzertu bakarra izango da Euskal Herrian.

Era berean, udagoienean beste ekitaldi batzuk izango dira, oraindino zehaztu barik dagozan arren; alde batetik, urrian edo zemendian euskal rock talde baten kontzertua eskainiko dogu; bestetik, bertso-bazkari edo afari bat antolatu gura dogu. Azken buruan, Gabriel Aresti euskaltegiaren eta Bilbo Hiria irratiaren arteko zubigintzan ekitaldi berezia antolatuko dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu