Dobako sarrerak, bisita gidatuak, opariak eta kontzertuak Bizkaiko museoetan

Bizkaie! 2007-05-16 02:00

Museoen Nazinoarteko Egunean (maiatzak 18), bisita gidatuak, dobako sarrerak, deskontuak, opariak eta kontzertuak izango dira nagusi. Hona hemen, laburrean, Bizkaiko museo batzuk eskainiko dabena.

Museoen Nazinoarteko Egunean (maiatzak 18), bisita gidatuak, dobako sarrerak, deskontuak, opariak eta kontzertuak izango dira nagusi. Hona hemen, laburrean, Bizkaiko museo batzuk eskainiko dabena.

Gernika-Lumoko museo bietara doban sartu ahal izango da eta bisita gidatuak eta opariak egongo dira. Bai Euskal Herria Museoak —Euskal Herriaren historia eta kulturea lantzen dituanak—, bai Bakearen Museoak —bakearen eta Gernika-Lumoko historiaren ganeko museo tematikoa— zapatura arte, maiatzaren 19ra arte, luzatuko dabe programea. Bigarren jardunaldi horretan, zapatukoan, ordutegi intensiboa egongo da: hasteko, 18:00etatik 19:00etara, umeentzako tailerra egongo da eta 19:00etatik 20:00etara, bisita gidatua; 20:00etatik 21:00etara, ipuin-kontalaria Euskal Herria Museoan; 22:00etatik 23:00etara, bisita gidatuak museo bietan; amaitzeko, 23:00etan, Gernikako ‘Stauss’ folk taldearen kontzertua Bakearen Museoan.

Arrantzaleen Museoak (Bermeo), El Pobaleko Burdinolak (Muskiz) eta Simón Bolívar Museoak (Ziortza-Bolibar) doban zabalduko ditue ateak eta bisita gidatuak eta opariak egongo dira bertara doazenenentzako.

Boinas La Encartada Museoan (Balmaseda), 12:00etatik aurrera, lehenengoz ikusi ahal izango da Gotxiren ‘Elkartzeko Nahia’ eskulturea; 21:00etan, MUBAJITO taldeak kontzertua emongo dau Museoko terrazan.

Guggenheim Bilbao museora doazenek % 50eko deskontua izango dabe sarreran, eta barruan, audio-gida, opari txiki batzuk eta dobako bisita gidatuak (ordu honeetan: 11:00, 12:30, 16:30 eta 18:30ean); atarian musikea entzun ahal izango da, 18:00etatik aurrera Bilboko Koral Alkarteko Kontserbatorioko ikasleek joko baitabe.

Arte Eder Museoak, dobako sarrerea eskaintzeaz gain, % 10eko deskontua egingo deutse argitalpenak erosten dituenei eta bisita gidatuak be izango dira: 11:00etan, Jan-edan Umoretsua (Jan Mandig-ena) eta Lot eta Alabak (Orazio Gentileschirena) artelanak ikusteko, Ana Sánchez Lasa kontserbatzaileagaz; 12:00, 17:30 eta 18:00etan, bisitak antolatu dira ‘Espainiar erretratua Pradon. Grecotik Goyara’ erakusketea ikusteko eta 12:30ean, barriz, bilduma iraunkorra ikusteko.

Bilboko beste museo batean, Euskal Museoan, dobako sarrerea eta bisita gidatuakaz batera, Bilboko Udaleko txistulari bandearen kontzertua izango da entzungai.

Bilboko Artelan Berreginen Museoan bi ikuskizun programau dira eraikineko galerietan egun honetarako. Lehenengoa, eguerdiko 12etan, harpa eta gitarra kontzertua izango da, Cristina Sanchez Cuetarak eta Sylvia Gutierrezek osotutako bikotearen eskutik. Bilboko Musika Kontserbatorioko bi irakasle honeek alkarregaz joten dabe 1988tik eta musika estilo guztietako obrak eskaintzen ditue, baita eurek sortutakoak be.

Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, antzerkiaren txandea izango da, Tangorditos umore-bikote argentinarraren eskutik. Ordubeteko iraupena dauen ‘Pónele onda’ izenburuko ikuskizunak musikea, familia, umeak eta oro har bizitza zalantzan jarten dauen umore garratza dauka oinarritzat. Magia, malabareak, tangoa, globologia eta bestelako balentriak tartekatzen dituan muntaia da. Antzezlan honetan, bi tango-dantzari xelebre eta bitxi, nortasun sendokoak, gag zentzunik bakoetan korapilatuko dira eten barik, publikoaren barrea bermatuz.

Bilboko Artelan Berreginen Museoa igazko zemendian berredegi eben Mariaren Bihotza eleiza zaharrean dauen oraingo kokalekuan, eta Bizkaiko uriburuan dagoan museorik zaharrenetakoa da. Orain 80 urte sortua, era honetako museorik onenetakoa da, bilduman dituan artelan berreginen kalidade eta zabaltasunari erreparauta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu