Guggenheim Bilbao Museoan euskal arteari eskainitako bi erakusketa izango dira
2007-05-14 02:00 KultureaGuggenheim Bilbao Museoak euskal arteari eskainitako bi erakusketa aurkeztuko ditu bere hamargarren urteurrenaren harira. Lehenengoa: ‘Ezezagunak: Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak’ da eta, atariko legez, euskal arteak izan dauen garapena erakustea izango dau helburu. Bigarren erakusketea, ‘Bakoitzaren nahiera’ urrian inaugurauko da eta abagune honetarako propio artelanak sortu dituen hamabi artista aurkeztuko ditu.
Guggenheim Bilbao Museoak euskal arteari eskainitako bi erakusketa aurkeztuko ditu bere hamargarren urteurrenaren harira. Lehenengoa, datorren garagarrilerako aurreikusita dagoana, ‘Ezezagunak: Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak’ da eta, atariko legez, euskal arteak izan dauen garapena erakustea izango dau helburu. Bigarren erakusketea, ‘Bakoitzaren nahiera’ urrian inaugurauko da eta abagune honetarako propio artelanak sortu dituen hamabi artista aurkeztuko ditu.
’Ezezagunak: Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak’ Euskal Herriko arte modernoaren eta garaikidearen kartografiaren erakusketa-saiakera bat da. Erakusketa hau garagarrilaren 6tik irailaren 9ra arte egongo da zabalik Museoaren 301, 302 eta 304 aretoetan.
Euskadiko arte garaikidearen ikuspegi orokorra eskaintzea izango dau helburu, iradokizun antropologiko eta estetiko desbardinak modu egituratuan jasoko dituan sistema grafiko batzuen bitartez. Kartografiek ondoko oinarriak izango ditue: interpretazinorako baldintzak, produkzinoaren testuinguruak, genealogiak, erreferentziak, eta oro har Euskal Herriko arte modernoaren eta garaikidearen panoramea osotzen daben artisten ibilbidea eta eboluzinoa.
Erakusketa dokumentala izango da artelanen erakusketa bat baino gehiago, nahiz eta zenbaitetan Guggenheim Bilbao Museoaren bildumearen obra batzuk be barne hartuko dituan.
Gaur egungo Euskal artearen ikuspegi panoramiko hau erakusteko, erakusketearen komisario Juan Luis Moraza arabarra ahalik eta informazio gehiena eta kalidadezkoa batzen saiatu da oraingo artearen inguruan (artista, artearen historialari, kultur kudeatzaile eta Museoen laguntzinoagaz).
’Bakoitxaren nahiera’
’Bakoitzaren nahiera’, Rosa Martinez komisario dauen erakusketea, urriaren 16an inaugurauko da. 2008ko apirilera arte egongo da zabalik, eta Museoaren hirugarren pisua hartuko dau osorik.
Artista garaikideen obrak aurkeztuko dituan erakusketa honen helburua da hemengo sortzaileei edota estadukoei eta nazinoartekoei, artearen alorrean Euskal Herrian preparau izan diranei edo euren ibilbidea bertan sendotu izan dabenei, agertoki bat eskaintzea eta euren sormena zabaltzea, Museoaren espazioakaz alkarrekintzan arituko diran obra barriak sortu eta, obra horreen kalidade eta garrantziagaitik, Bilduma Iraunkorra osotzeko aukerea emonez.
Ondokoak dira ‘Bakoitzaren nahiera’ erakusketan parte hartuko daben artistak: Elssie Ansareo (Mexiko DF, 1979); Ibon Aranberri (Itziar-Deba, 1969); Manu Arregui (Santander, 1970); Clemente Bernad (Iruñea, 1963); Abigail Lazkoz (Bilbo, 1972); Maider Lopez (Donostia, 1975); Asier Mendizabal (Ordizia, Gipuzkoa, 1973); Itziar Okariz (Donostia, 1965); Aitor Ortiz (Bilbo, 1971); Juan Perez Agirregoikoa (Donostia, 1963); Sergio Prego (Donostia, 1969); eta Ixone Sadaba (Bilbo, 1977).
Sortzaile horreek 1990eko hamarkadearen amaieran eta 2000ren hasieran sendotutako belaunaldia osotzen dabe. Euren obretan, tokiko edo eskualdeko identidadearen inguruko gaiak islatzen ditue eta gainera, nazinoarteko hiztegia lantzen dabe.
Erakusketaren izenburua, ‘Bakoitzaren nahiera’, Dideroten inspirauta dago, oraingo hizkuntzen aniztasuna eta kontzeptuen zabalkundea ez eze, modernotasunaren formalismo puristearen eta gaur egungo joera ugarien arteko loturak eta desbardintasunak aditzera emoteko.
Oraingo testuinguruan irakurrita, ‘Bakoitzaren nahiera’ esaldia estiloen pluraltasunari eta desbardintasunagazko errespetuari buruzko manifestu antzeko bat da. Gainera, plazerra be aitatzen dau zeozelan, adimenean, emozinoetan eta zentzumenetan arteak eskaintzen dauen gozamena, hain zuzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!