HABEk Lingu@net hitzarmena barritu dau

Bizkaie! 2007-05-14 02:00   Euskerea berbagai

Hitzarmenean 2007rako lehentasunak eta kide bakotxak urte horretarako hartzen dauen lan-kargea jasoten dira: hizkuntzak ikasteko eta irakasteko modua babesten jarraitzea, jarduera osogarriak ikertzea eta garatzea edota mundu zabalean erabiltzaile kopurua haztea, besteak beste.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) Lingu@net hitzarmena barritu dau aurten be. ‘Lingu@net Europa’ (www.linguanet-europa.org) proiektua Europako hizkuntzak ikasteko on-line baliabide zentroa da. Bertan, hizkuntzen ikas-irakaskuntzeagaz lotutako webguneetara loturak eta hizkuntzak ikasteko informazinoa eta aholkuak eskaintzen dira.

Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusiak adierazo dauenez, HABEren partaidetzea hiru helburugaz egin da. Batetik, atari garrantzitsu horretan euskerea ikasteko dagozan on-line baliabide egokien barri emoteko, hau da, munduko ‘edozein lekutatik edozeinek euskerea ikasteko dagozan baliabideen barri jaso ahal izateko’.

Beste helburua, Erkiziak esan dauenez, webgunean jasoten diran euskerea ikasteko baliabideak kalidade onekoak izatea ‘bermatzea’ da, hau da, euskerea ikasteko baliabiden zerrendea ‘aldez aurretik egindako aukeraketearen emoitza izatea’. Azkenik, ‘atari honetan euskeraz nabigau ahal izatea, euskerazko metodo bila ibili zein munduko bestelako edozein hizkuntza ikasteko baliabideren bat topetan ibili’.

HABEk eta CILTek (National Centre for Languages, Erresuma Batua) barritu daben hitzarmenean 2007rako lehentasunak eta kide bakotxak urte horretarako hartzen dauen lan-kargea jasoten dira. Aurtengorako honako lehentasunak jasoten ditu hitzarmenak: hizkuntzak ikasteko eta irakasteko modua babesten jarraitzea; jarduera osogarriak ikertzea eta garatzea, Lingu@net Europa horniduteko; mundu zabalean erabiltzaile kopurua haztea; eta, arlo ekonomikoan, Lingu@net Europa ekimenaren iraunkortasunaren alde lan egitea.


Lingu@net

Lingu@net proiektua Europako Batzordeak babesten dau, Socrates programearen barruan. Danetara, 24 erakundek osotzen dabe eta 20 hizkuntzatan (bulgariera, katalana, daniera, euskerea, estoniera, finlandiera, galiziera, greziera, islandiera, lituaniera, maltera, poloniera, portugesa, suediera, alemana, gaztelania, frantsesa, nederlandera, ingelesa, italiera) nabigau daiteke. Horrezaz ganera, euskerea ikasteko eta irakasteko zuzenak izan daitekezan 130 webgunetara sarbidea eskaintzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu