Unai Basurko: 'azken helburua ez ahaztutea da garrantzitsuena'

Koldo Isusi Zuazo 2007-05-10 02:00   Barriketan

'Velux 5 Oceans' estropadea hirugarren amaitu dauen bizkaitarra

'Velux 5 Oceans', bakarka munduari bueltea emoteko estropadan, hirugarren geratu da portugaletearra eta munduko 164. itsasgizona da hori lortu dauena. 'Pakea' ontzian 158 egun, 18 ordu eta 25 minutu emon ditu estropadan eta geure itaunei erantzuteko be 'Pakea' ontzian egin deusku harrerea. Hona hemen kontau deuskuzanak:


1.- Zorionak, Unai. Ohitu zara lurreko bizimodura, jateko eta lo egiteko ordutegietara, jenteagaz egon eta barriketaldiak egitera? Asimilau dozu ‘velus 5 Oceans’ estropadan lortu dozun hirugarren postua?

Jakin badakit zer egin dodan baina oraindino ez naz ‘normaltasunera’ itzuli. Ez dot ezer asimilau, ezta podiuma be. Jatorduetarako eta lo egiteko ordutegi ‘normaletara’ ez naz oraindino ohitu. Egunotan ospakizunetan nabil buru-belarri, disfrutetan nago, lagunartean, komunikabideakaz, zuokaz berbetan... Gauzak lasaitasunez pentsetako eta egindakoa baloretako astia egongo da, ganera, uste dot holako tarte bat hartzea nahitaezkoa dala gauzak asimiletako eta behar dan moduan baloretako.


2.- Zein izan zan helmugara, etxera heldu zinaneko eta milaka lagunen harrrerea jaso zenduaneko momenturik emozionanteena?

Momentu gogoangarriak, emozino handikoak asko izan ziran, pelikulea emoten eban, ondo etorrirako ekatxa bera be ‘enkargauta’ egoala emoten eban... Kontuak kontu, emozino handiko lehen momentua ‘Itsaszain’, Ertzantzearen ontzia ikusi nebanean izan zan, eurekaz berba egin eta lehen ondo etorria izan zan; gero, jakina, familia, lagunak ikustea be ederra izan zan eta hirugarren momentu bat, Bizkaiko Zubira heltzea izan zan. AEBetatik abiatu nintzanetik lurra ikusi barik egon ostean, lurra, ikustea, Serantes mendia ikustea be ez dot ahaztuko.


3.- Esan izan dozu estropadan bizitako momentu onak txarrak baino gehiago izan dirala... Zelakoa da estropada-egun bat?

Bai, momentu gogorrak, benetan gogorrak bizi izan dodaz baina momentu onak gehiago izan dira; lau egun txar ahaztu egiten dozuz egun eder bategaz.

Barkuan, barriz, ohiko zereginak dagoz egunero; mentenimendu lanetan emoten doguz ordurik gehienak, belak, sokak jagoten edo konpontzen, jarraitu beharreko bidea zehazten, eguraldiaren prebisinoak aztertzen. Horrezaz gan, lo egiteko astia be hartu behar da; normalean 20-30 minutuko tarteak hartzen doguz. Ganerakoan, irakurteko edo musikea entzuteko astia be ataraten dogu, egunero ez baina ahal danean behintzat.


4.- Estropadan bizia arriskuan ikusi dozu, arazoek edo eguraldiak ganezka egin deutsue, bildurrik sentidu dozu, negarrik egin dozu?

Lurrean bezela, itsasoan momentu onak eta txarrak izaten dira baina nik pentsetan dot estropadetan odola, izerdia eta negar-anpuluak izaten dirala, ahalegin fisikoa sekulakoa izaten da eta ohikoak izaten dira golpeak, zauriak, odola eta tarteka, negar-anpuluak, normalean ezintasunagaitik baina pozik zagozanean be tarteka negar malko batzuk joaten jatzuz arpegian behera edota triste zagozanean.

Momentu benetan gogorrak pasau dodaz, New Zealandeko hegoaldean, Bizkaiko Golkoan eta abar baina bizia ez dot arriskuan ikusi; seguridade neurri handiak dagoz holako estropadetan.


5.- Bakar-bakarrik 60 oineko barku bat, bela eta aparaju guztiak gobernetako fisikoki ondo egotea derrigorra da baina alde sikologikoa be ez da ahaztu behar. Momentu txar eta onetan zelan egiten deutsazue aurre bakardadeari?

Gatxa da. Preparazino fisikoa nahitaezkoa da baina helburua argi izatea be ezinbestekoa da. Egingo dozunaz duda txikiena baztertu behar da, seguru egon behar zara. Momentu txarrak helburua, azkena, helmugea, harrera beroa hor dagozala, zure atzean jente asko, lantalde oso bat dagoala pentsaurik gainditzen dozuz.

Bakardadeari jagokonez, kontuan hartu norberak hartutako erabagia dala hori eta holako kasuetan ez da hain txarra; edozelan be, egunean egunekoa begiratzea, hortik aurrera ez begiratzea komenidu da ze bestela jan egiten zaitu egonezin horrek. Ganera, Euskaltel eta telefoniari esker ekipoagaz eta etxekoakaz berba egiten dogu sarritan.


6.- Lo faltea be arlo garrantzitsua da. Egoera eta baldintza gogorretan zelan agoantetan dozu egunero bi ordu bakarrik lo eginda?

Harrigarria da gorputzak egoera desbardinetara egokitzeko daukan gaitasuna. Jakitun izan behar zara lo egitea hil ala bizikoa dala ze lorik egin barik arazoak sor daitekez; bidaia honetan, lo falteagaitik aluzinazinoak be izan dodaz eta holako egoeretan sano garrantzitsua da egoerearen larritasunaz jaubetzea eta deskantsetea, lo egitea. Loak irabazten bazaitu galduta zagoz.


7.- Zergaitik bakarka lagunartean nabegetako aukerea izanda?

Niri nabegetea gustetan jat, bakarka zein taldeka, lagunartean eta abar. Bela kirolaren alde politena horixe da, hain zuzen, praktiketako aukera asko eskaintzen dituala; 4 urteko ume batek zein 90eko batek praktikau leike; barkuagaz bidaiak egin zeinkez, lehiaketetan parte hartu, barkua bizileku be izan daiteke... kirola baino zeozer gehiago da eta, jakina, bakarka nabegetea gatxagoa izan arren, itsasoagazko eta barkuagazko hartu-emonak sendoagoak dira.


8.- ‘Pakea’ izan da Velux 5 Oceans estropadan parte hartu dauen Open 60 barri bakarra. Esan izan dozu alkarregaz hazi zariela... barkua personea balitz legez tratetan dozu... Barkuari zergaitik jarri deutsazu ‘Pakea’ izena?

‘Pakea’ neuk egin dot Australiako lagun eta profesional batzukaz batera. Lurrean ohol bi izan ziran abiapuntua eta hortik aurrera, lan asko egin behar izan dogu, zapatu, domeka eta jaiegunetan, batzutan 10-14 orduko lanaldietan, milaka eta milaka ordu izan dira, lijetan, pintetan, fibra eta karbonoagaz laminetan... apurka-apurka bizia, nortasuna hartzen joan da eta barkuaren lagun egiten zara; Bernard Moiteisen frantziar itsasgizonak esaten eban legez, ‘barkuak izaki bizidunak dirala ulertzen ez dauenak ez dau sekula jakingo belaz nebegetea zer dan’.

Izenaren bila genbiltzanean, mundu guztia proiektu honetako atal sentiduteko moduko izena gura genduan eta ‘Pakea’ ezin hobea iruditu jakun. Bakea barik, ‘Pakea’, ze lehen geunkan beste barku baten izena ‘Pottoka’ zan eta horren aurrekoa ‘Portu’; p letreagaz indartsuagoa begitandu jakun izena, atzerritarrentzat be errazagoa ahoskatzeko. Munduan zehar sarritan galdetzen deuskue izenarena eta polita da azaltzea gure egoerea zein dan eta zeintzuk diran gure ilusinoak edo amesak.


9. Egun bizi dogun egoeraz zer pentsetan dozu?

Baikorrra naz izatez. Arloa edozein izanda be, eta historiako edozein jazoera gogoan hartuta, gizakiaren erronka eta lorpen guztietan nahitaezkoa da lana eta lana, ‘sukalde lana’ eta, jakitun izan behar zara bidea luzea izango bada, momentu txar eta onak izango dirala tartean. Nire eretxiz, kasu guztietan, garrantzitsuena azken helburua ez ahaztutea da eta kasu zehatz honetan, bakea eta alkarbizitzea lortzeko garrantzitsuena da helburua ez ahaztutea eta momentu txarrak gaindituko dirala pentsetea. Proiektuetan eta helburuetan sinistea erabagiorra da.


9.- Zer da itsasoa Unai Basurkorentzat?

Pio Barojak esaten eban, itsasoaren parte garala; itsasoa gu gara, itsasoa mundua da; planetearen hiru laurena ura da eta ganerakoa lurra. Itsasoa maisu handia be bada, itsasoak bakotxa bere lekuan jarten dau. Edozelan be, itsasoa hor dago danon gozamenerako, danona da eta ia egunero apur bat gehiago disfrutetan dogun beragaz.


10.- Zelan aldatu da teknologia azken urteotan? Teknologiak (Piloto automatikoa, GPS, satelite bidezko komunikazinoa...) ez ete dau galdu nabegazinoaren esentzia?

Bai. Galdera interesgarria da. Gero eta teknologia gehiago dago, materialetan be sekulako aurrerakuntzak izan dira baina nabegazinoaren parte asko tradizionalak dira, esan gura dot, sokak konpontzea, belak jostea, jatekoa egitea, itsasoaz disfrutetea... hori ez deutsu teknologiak egiten; jakin egin behar da zeozelako orekeari eusten baina egia da itsasgizon batzuk teknologia larregi erabilteko jokerea dabela. Niretzako, gehiegikerietan beti dagoz arazoak eta teknologiaren gehiegizko erabileran be bai, esentzia galtzen dalako. Itsasoan zagozanean, itsasoan zagoz.


11.- Orain, zer? Mundari itzulia Bernard Stammegaz, datorren urteko Vende Globe ...

Orain ate asko zabalduko jakuz mundu osoan baina gauzak patxadaz aztertu behar dira. Bromatan be ibili ginan Bernard da biok ze berak zemendian ekin behar deutso munduari itzuliari beste patroi bategaz eta oraindino ez da zabaldu nor izango dan patroi hori baina nik esan neutson deskantsetako astia behar dodala orain, hiru urte inguru daroadazala gelditu barik eta erritmoa moteldu behar dodala.

Tensino handiko momentuak bizi izan doguz eta orain garrantzitsuena egindakoaz disfrutetea eta ospatzea da, geldiro-geldiro asimiletan joan zer egin dogun eta perspektiba bategaz hasi lantaldean beste proiektu batzuetan pentsetan. Ez ahaztu gure taldean ia-ia Athleticen baino jente gehiago dagoala eta nik bakarka nabegau arren, talde sendo baten berotasuna igarten dodala beti. Babesleei be eskerrak emon, zelan ez, eskainitako laguntzinoagaitik.

Vende Globe gustetan jatan erronka bat da baina aurrerantzean argi daukat gauzak patxadaz eta aurrekontu nahikoagaz egingo doguzala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu