Zeanuriko Erroten II. Ibilaldia: 'naturea eta ondare kulturala buztartuz'

Koldo Isusi Zuazo 2007-05-04 02:00   Barriketan

Jon Urutxurtu (Ipizki) eta Jon Goikoetxea (Joko Alai)

Naturea eta ondare kulturala buztartuz, maiatzaren 6an, domekan, egingo da Zeanuriko Erroten II. Ibilaldia, Ipizki Taldeak eta Joko Alai alkarteak antolatuta eta Gastronomia Cantabrica, Lankidego Lantalde, Zeanuriko Udala, Gorbeialde, Sagarna Txokoa, Txapo eta BBKren laguntzinoagaz.

Danetara, 21 kilometro inguru izango dituan ibilaldiaren ganeko jakingarriak Ipizki taldeko Jon Urutxurtuk eta Joko Alaiko Jon Goikoetxeak emon deuskuez:


1.- Lehenengo edizinoaren arrakastea ikusirik, Zeanuriko Erroten II. Ibilaldia dator orain. Zelako erantzuna izan eban igaz? Zenbat parte-hartzaile izan zinien?

Erantzuna oso ona izan zan, itxaroten genduan baino askozaz hobea, danetara 280 personek emon eben izena eta. 300etik gora lar izango litzatekela uste dogu, eta guretzat zenbakirik egokiena 200 eta 300 artekoa da.


2.- Naturea, kirola eta ondare-historiko-etnografikoa buztartzea ez da idea txarra...

Egiten dogun eskaintzea polita eta interesgarria dala uste dogu. Ibilaldi honegaz bi helburu nagusi bilatzen doguz: alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzuneak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea. Hau da, domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginaz igaroteko aukerea eskaini gura dogu, eta herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko ingurumaria eta erroten ondare kulturala erakutsi.


3.- Ibilaldiaren urteerea domekan goizeko 9:00etan izango da Zeanuriko plazan baina ordu erdi lehenago izena emon beharko dabe parte-hartzaileek. Danetara, 21 kilometro izango dira baina azaldu eiguzu ibilbidea zehatz zein izango dan eta zer ikusiko daben parte-hartzaileek?

Izena emotea 08:30etik 09:00etara zabalik egongo da, eta 09:00etan emongo jako hasierea ibilaldiari. Ibilbidearen 21 kilometroetan Zeanuriko auzo desbardinetatik, baserrien, urtegien eta baseleizen ondotik igaroko dira ibiltariak, Undurragako urtegiaren bi ertzetatik inguratuko dabe, eta Ibargutxiko eta Olabarriko errotetan sartu-urtena egiteko eta martxan ikusteko aukerea be izango dabe... Horrez ganera,udabarriko sasoi honetan natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukera ezin hobea izango dabe.


4.- XVIII. mendearen amaierarantz Zeanurin sei burdinola eta hemeretzi errota egozan; orain berrogei urte 11 errota ebilzan martxan, 1979an hiru eta gaur egun bakarra, Olabarrikoa eta era testimonialean. Bizkaia mailan errota gehien izan dituan eskualdea da Arratia?

Kontuan izan behar da, industrializazinoaren aurretik, jente gehiena baserritik, lur ekonomiatik bizi zala; laborantzan batutako laboreak –batez be garia eta artoa– eiho egin behar izaten ziran, eta horretarako beharrezkoak ziran errotak. XX. gizaldiaren hasierara arte landa eremuan errota ugari baegoan be, industria iraultzeagaz batera, baserriko bizitza gainbeheran sartu zan, eta errotak be bai. XX. gizaldiaren erdialderantz krisia larriagotu egin zan.

Arratian pasau zan moduan, Bizkaiko landa eremuko beste eskualde batzutan antzera gertatuko zan.


5.- Errotagintzearen ganeko gorabeherak ezagutu gura izan ezkero, Olabarriko errotan bisita gidatuak antolatzen ditu Pujana familiak. Aurretiaz eskatu behar da hitzordua? Astegunetan zein jai egunetan bisitau daiteke? Bisitea dobanekoa da?

Errotagintzeari buruzko gorabeherak ezagutu gura dituanak aukera parebakoa dauka Olabarrira hurreratuz; hemen Ana Mari Pujanak errotearen gune desbardinak erakutsiko deutsoz: errotea bera, errotapea, andaparea, kaltzea, burdinolea izan zan aldea, eta errotea martxan be ipinten dau. Ganera, baten batek taloak egin gura baditu, Olabarrin bertan eihotako arto-uruna erosi leike.

Bisitak 1,5 € pagau behar dira eta komenigarria izaten da aurretik hitzordua eskatzea, honako telefonoetara deituz: 946739327 edo 944639499


6.- Zeintzuk dira Olabarriko errotearen berezitasunak eta historia laburra?

Jatorriz budinolea izan zan, eta jadanik XVI. gizaldiko dokumentuetan holan aitatuta agertzen da. Zeanuriko patronoa zan Arriola familiaren jabetza zan. eta Pujanatarren aurretik Manterola familiak ustiatu eban, 1898ko zemendiaren 30ean, San Andres egunean, Isidro Pujana errotearen kargu egin zan arte errentadore moduan. XX. gizaldiaren erdirantz Benigno Pujanak –Isidroren semeak– errotea erosi egin eutsen Arriolatarrei. Benignok errotari legez egin eban behar 1995eko urri bigarrenaren 11n hil zan arte. Aitaren heriotzearen ondoren, Fermin semeak errotearen zaharbarritze lanei heldu eutsen, eta hor darrai gaur egun be jo eta ke apurka-apurka txukunduz.

Olabarriko erroteak hiru harri daukaz eta gehien bat arrazoi sentimentalengaitik bada be, betiko bezeroen eskariari erantzuteko beharrean jarraitzen dauen Zeanuriko errota bakarra da. Benigno Pujanaren –herriko azken errotari profesionala– heriotzearen ostean, bere alaba Ana Mari izan da lekukoa hartu dauena, azken ehun eta zortzi urteetan familiaren ogibidea izan dan ofizioa bizirik mantentzeko.

Errotearen ondoan burdinolaren arrastoak azaltzen dira, eta gaur egun hormak zaharbarrituten dabilz. Burdinolan erabilitako balantza be errotan gordetzen da.


7.- Ibilaldian bisitauko dozuezan 12 erroten artean, aparteko ezaugarriak ditualako edo bestelako arrazoiengaitik zein nabarmenduko zeunke?

Errota batzuk hondatuta dagoz, beste batzuk etxebizitza birmoldatuta, eta lau bat egongo dira baldintza egokietan. Bakotxak bere berezitasunak eta historia ditu. Errota bakotxaren gorabeherak ezagutzeko, urteeran idazki bat banatuko dogu ibiltarien artean. Dana dala, bisitetan diran bi errotak, Ibargutxikoa eta Olabarrikoa, ikusgarriak dira, zaharbarrituta dagoz, eta errotaren atal desbardinak ezagutzeko aukerea eskaintzen dabe. Larrazabal familiak Ibargutxin eta Pujanatarrak Olabarrin egin daben eta egiten dabilzan beharra benetan azpimarragarria da.


8.- Zeanuriko Erroten II. Ibilaldia Ipizki taldeak eta Joko Alai alkarteak antolatu dozue. Zeintzuk dira talde antolatzaileen berezitasunak eta urteko jarduera nagusiak?

Alkarte bakotxak bere izaerea dauka. Ipizki Taldeak gehienbat etnografia arloa lantzen dau; Joko Alai, barriz, alkarte zabalagoa da, kirolagaz zerikusi gehiago daukana eta sail desbardinez osotuta dago: mendia, futbito, pelotea.

Ipizki Taldeak antolatzen dituan beste jarduera ezagunak honako honeek dira: maiatzaren azken astegoienean, Enrike Etxebarriari eta bere artaldeari larre-aldaketan laguntzeko aukerea eskaintzea jenteari, eta abuztuko lehenengo astegoienean, urte askotako lanaren ondorioz zaharbarritutako San Justoko karobia lanean jartea.

Joko Alairi jagokonez, ezin da ahaztu urtero udagoienean antolatzen dauan Ermiten Ibilaldia, aurten hogeigarren edizinoa beteko dauena.

Zeanuriko Erroten II. Ibilaldia

- Izena emotea: 8:30etatik aurrera, herriko plazan.
- Urteerea: 9:00etan.
- Ibilbidea: 21 kilometro inguru.
- Jan-edana: bide erdian, San Lontzo ermitearen aurrean Gastronomia Cantabricaren eskutik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu