Bitor Uriarte eta Irune Allika: ‘herriguneko izenak fosilduago dagoz’

Saioa Torre Gereketa 2007-04-27 02:00   Barriketan

‘Bermeoko Toponimia, bermeotarron izana izenetan’ liburua aurkeztu eben apirilaren 27an, barikuan, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan arratsaldeko 19:30ean.

‘Bermeoko Toponimia, bermeotarron izana izenetan’ liburua aurkeztu eben apirilaren 27an, barikuan, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan arratsaldeko 19:30ean. Bitor Uriarte eta Irune Allikak zuzendutako lana izan da. Bermeoko Udalaren Euskera zerbitzuak koordinau eta diruz lagundutako proiektuak zortzi urteko lanaren ostean ikusi dau argia.

Irune Allika irakaslea da lehen eta bigarren hezkuntzan. Magisteritzan diplomaduna eta Euskal Filologian lizentziaduna da. Bermeoko berbakerea aztertzeari ekin deutso eta horren erakuslea da, berbarako, Uztaron aldizkarian idatzitako ‘Artikulua eta bokal paragogikoa Bermeoko leku-izenen corpusaren azterketatik abiatuta’ artikulua.

Bitor Uriarte Bermeoko institutuko irakaslea da. Geografia eta Historian lizentziaduna. Beste aditu batzuekaz alkarlanean, Bermeoko artxiboko agiriak antolatu eta dokumentazinoaren zerrendea argitaratu dau.


1.- Bermeoko Toponimia batzen dauen liburua aurkeztu dozue, lan sendoa, 1000 orrialde baino gehiagogaz... Zenbat denpora emon dozue lanean?

Leku-izenak jasoten, datu-basea eratzen, mapetan izenak kokatzen, fitxak egiten eta deskribapenei itxurea emoten… gitxi gorabehera bost urte emon doguz. Beste bi edo hiru urte pasau dira normalizazinoaren inguruko gai batzuei urtenbidea emon guran.


2.- Herria auzoka banandu dozue: San Pelaio Gibelortzagakoa, Arane, Agirre, San Migel, San Andres, Mañu, Almika, Arranotegi, Artika eta Demiku. Lana antolatzeko modu bat da hori ala desbardintasun toponimiko nabarmenak dagoz batetik bestera?

Lana geografikoki antolatzeko izan da, beste barik. Aurretik herrigunea jarri dogu, kaleak, eta herri inguruko parajeak, beharbada, atalik luzeena. Eta ondoren, baserri-auzoak, ordena geografikoa jarraituta.

Desbardintasunik ez dago. Aurkitzekotan, herriguneko eta baserri-auzoetako leku-izenen artean aurkitu leike. Herriguneko izenak fosilduago dagoz, errotuluetatik, sarritan erderaz irakurritakoak dira (barri-emoileak izan diran hiztun zaharrak gaztelaniaz alfabetautakoak diralako). Baserri-auzoetako izenak biziago-edo dagozala esan geinke, eta aldaera gehiago be jaso izan dira. Ez dagoz herrigunekoak egon daitekezan moduan fosildurik. Esan behar da, baita, herriguneko leku-izen guztiak ez dagozala fosildurik, badira bizitasun handikoak be.

Lanaren amaieran, San Pelaio (zati bat) eta Zubiaur baserri-auzoetako artxiboetako barriak be emon doguz. Gaur egun Bakio dira, baina 1932ra arte Bermeo izan ziran.


3.- Lekuan-lekuan, informanteak izan dozuez laguntzaile lanetan. Zein izan da euren eginbeharra? Zein lan-metodo erabili dabe? Zenbat izan dira?

Gure barri-emoileak baserritarrak izan dira gehienak, toponimia lan honetako eremu zabalena baserri-auzoak hartzen dabelako. Beste batzuk herriko kaletarrak izan dira, eta kostaldeko leku-izenen barri emoteko barri-emoile bi izan doguz. Guztira berrehunen bat.

Ahozkoaren barri izateko pentsau genduan auzo bakotxeko hiru-lau barri-emoilegaz nahikoa izango zala, baina lanean hasi eta konturatu ginan baserri guztietatik pasetea izango zala egokiena. Biok joan izan gara eurengana: Irune grabaketak eta datuak hartzen koaderno baten, eta Bitor aitatutako leku-izenak mapetan kokatzen.

Beste alde batetik, landa lanaz aparte artxibo lana be egin da, pisu handiena eta denpora luzeena hartu dauena.


4.- Ostean, zelan antolatu dozue zuek liburuaren egiturea? Zein da toponimo bat jasoteko jarraitu beharreko prozesua, labur-laburrean?

Liburuan sarrera batzuk topau daitekez (historia, geografia, geologia eta hizkuntzearen ingurukoak) eta ondoren, leku-izenen fitxak datoz.

Fitxa horreek honelako egiturea daukie: fitxa-buruan leku-izenaren formarik egokiena edo osotuena aukeratu da, idazteko erispideak jarraituta; ondoren, kokapen geografikoa: auzoa, mapea eta koadrantea zehaztuta; ostean, toponimoaren inguruan egin daitekezan oharrak, hizkuntza eta historia arloan. Gero, ahozko bilketea eta, amaitzeko, idatzizko bilketea.


5.- Bustidurak, bokale eta kontsonanteen metatesiak, kontsonante gorrak ozentzea edo alderantziz, ozenak gortu, diptongorik ez dagoan lekuan horreek sortu... Ahoz jasotako informazinoa zelan eroan dozue paperera?

Gorago esan dan moduan, fitxa bakotxak, datuak horretarako emoten dabenean, hizkuntzearen inguruko oharrak daroaz. Hortik aparte, sarreran atal bat dago, ahozkotasuna zelan islatu dan idatzizkoan deskribiduten dauena.


6.- Harrituta itxi zaituen edota nabarmentzeko moduko toponimorik topau dozue?

Ezagutzen ez ziran leku-izenak, historikoak diranak eta galduta egozanak dira harritu gaituenak. Esate baterako, Gibelortzaga, San Pelaio auzoaren izen zaharra, hagionimoa gailentzean galdu zana.

Leku-izenen osogai batzuk be hortxe agertu jakuz, beste eremu batzuetakotzat joten diranak, esate baterako, ‘gibel’ Gibele, ‘zur’ Zurebagieta… Mailegu bat be arraro egin jaku: ‘vergel’ Berjele, Berjelarte, Berjeleta.


7.- Tartean, argazkiak be badagoz...

Bai. Gehienak, beharbada, liburua zeozelan apaintzeko badira be, badagoz besteren batzuk benetan ilustratiboak diranak. Oro har, irudi interesgarriak iminten ahalegindu gara, jausita edo desagertuta dagozan baserrien argazkiak, leku baten edo besteren antxinako irudiak... Horreetatik aparte, artxiboetan aurkituriko eta oraindino argitaratu barik egon diran hiru plano imini doguz.


8.- Helburua lana herritarrengana hurreratzea da eta, horretarako, berbaldi-zikloa antolatu dozue Nestor Basterretxea aretoan, Kultur Etxean eta udaletxeko areto nagusian. Zer barri eskainiko deutsazue berbaldiotara hurreratzen diranei? Hau da, liburuaren aurkezpenean zentrauko zarie ala berenberegi toponimia aztertuko dozue?

Antolatzaileak berbaldiak foro desbardinentzako antolatu ditue: jente nagusiak, irakaskuntzako langileak, udalekoak, kultur alkarteetakoak…

Horren arabera, berbaldia egokitu egingo da, hartzaileen interesak kontuan izanda, galderei erantzungo jake, liburua zelan erabili adierazoko jake...

Foro batzuetan ahozkoari pisu handiagoa emongo jako, beste batzuetan idatzizkoari, beste batzuetan leku-izenak zelan bilatu erakutsiko da, mapak zelan erabili…


9.- Webgunea be laster jarriko da martxan, bagilaren 8an, liburuaren bertsino elektronikoagaz, www.bermeo.org helbidean. Ze zerbitzu eskainiko dira bertan?

Arlo hau ez dago gure eskuetan. Teknikari batzuk arduratuko dira horretzaz. Uste dogu liburua bera PDF formatuan eta bertako leku-izenei lotuta edo, mapak iminiko dituela.


10.- Irailetik aurrera, ganera, ikerketa lanaren edukiak landuko dozuez Bermeoko ikastetxeetan. Herriko gazteek interesa eukiko dabela uste dozue? Zein da lortu gura dozuen emoitza?

Ez dakigu interesik erakutsiko daben; gu, behinik behin, prest gagoz herriko parajeen, baserrien, mendi eta erreken izenak azaltzeko.


11.- Zemendian, lana zabaltzeko asmoari eutsita, hiru eguneko jardunaldiak egingo dira. Nori zuzenduta? Oraindino asko falta da, baina, pentsau dozue programea?

Ez dakigu ezer oraindino.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu