‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’, irakurzaletasuna bultzatzeko ekimena
2007-04-23 02:00Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak ‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoa aurkeztu barri dau. Egitasmoa Hego Euskal Herriko 14 herritan egingo da, lekuan lekuko euskera alkarteen, udal liburutegien eta liburu denden alkarlanari esker. Ekimena gaur, apirilak 23, Liburuaren Egunagaz batera abiatuko da.
Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak ‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoa aurkeztu barri dau. Egitasmoa Hego Euskal Herriko 14 herritan egingo da, lekuan lekuko euskera alkarteen, udal liburutegien eta liburu denden alkarlanari esker.
Ekimenaren funtzionamentuari jagokonez, parte hartzen daben herrietako liburutegietan, euskerazko 100 liburu egongo dira aukeran, kanpainarako berenberegi jarritako apalategi batean. Liburu horreetatik, 90 bardinak izango dira herri guztietan, eta beste 10, barriz, herrian bertan aukeratutakoak.
Larogeta hamar liburuen multzoaren aukeraketea Patxi Zubizarreta idazleak egin dau, hainbat erispideren arabera, hala nola adin-tarte guztientzako liburuak egotea, genero literario desbardinak, genero ikuspegia, nobedadeak eta klasikoak. Ondoan, ordenagailu batek aukerea emongo dau egitasmoaren webgunean sartu eta liburu guztien inguruko informazinoa jasotzeko.
Egitasmoan parte hartu gura dabenek ehun liburu horreetako bat aukeratu, maileguan hartu eta irakurteko aukerea izango dabe. Irakurri ostean bueltan emoterakoan, liburuaren inguruko eretxia jasoteko fitxa sinple bat bete beharko da. Fitxea bete ostean, irakurleak deskontu txartela jasoko dau liburua besteren bati oparitzeko.
Txartel horregaz, irakurri barri dauen liburua % 25eko deskontuagaz erosi ahal izango da egitasmoan parte hartzen daben liburu-dendatan. Herriko Euskera Alkarteko kideek, ganera, deskontu handiagoa izango dabe. Liburua erositakoan, lagunaren helbidea eta postala edo oharra itxiko da dendan bertan, eta Euskera Alkarteak eroango deutso liburua hartzaileari.
Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da eta euskeraz irakurtearen alde ona azpimarratu gura izan dabe antolatzaileek. Izan be, euskerearen erabilera gozagarria sustatu gura dau Topaguneak, irakurteak eta oparitzeak (zein opariak jasoteak) ekarten daben gozamenaren bidez.
Bide batez, oso garrantzitsuak diran bestelako helburuak be lortu gura ditu Topaguneak ekimen honen bidez, berbarako, Euskara Alkarteetako bazkide diran euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea. Era askotako eragile publiko eta pribaduen alkarlana sustatzea eta eragile horreen guztien arteko lotura-sarea euskeraz zabaltzea be topetan dira ekimenagaz. Azkenik, egitasmo honek ekarpena egin gura deutso euskerazko liburugintzeari, liburuen produkzinoa eta salmentea bultzatuz.
‘Irakurri, Gozatu eta Oparitu’ egitasmoa apirilaren 23an hasiko da, Liburuaren Nazinoarteko Egunean. Amaierea, barriz, bagilaren 23an izango du: izan be, udea izaten da jenteak irakurteko denpora gehien hartzen dauen tartea eta, ondorioz, uda aurreko hilabeteak oso egokiak otu jakez arduradunei liburu trukea sustatzeko.
Egitasmoa barria bada be, aurreko urteetan Azkoitiko Maxixatzen, Ordiziako Hitzaro Alkarteak eta Basauriko Euskarabila alkarteek antzeko esperientziak antolatu ditue, bakotxa bere herrian. Hirurak be oso arrakastatsuak izan dira, eta hareek emondako aholkuetan oinarritu da Topagunea kanpainea era bateratuan antolatzeko.
Guztira, 13 alkartek hartuko dabe parte: Bizkaian, Bai Esan (Santurtzi), Berbots (Erandio), Asapala (Mahatserria), Ganoraz (Igorre), Berbaro (Durango) eta Euskal Birusa (Ermua); Gipuzkoan, Maxixatzen (Azkoitia), Noaua (Usurbil), Goibeko (Elgeta), Jardun (Bergara) eta Zintzo Mintzo (Urretxu-Zumarraga); eta Nafarroan, Bierrik-Kima (Altsasu) eta Aizpea-Pikuxar (Irurtzun).
Egitasmoak bere webgune propioa be badauka. Bertan, liburu bakotxaren inguruko iruzkin txiki bat topauko dau irakurleak. Eretxia ixteko aukera be izango dau eta, ganera, beste webguneetan argitaratutako biografiak, bibliografiak, kritikak eta abar ikusteko loturak. Informazino hori guztia honako helbide honetan dago eskuragarri:
Hasierea, Liburuaren Egunean
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!