Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra proposatu ditue euskaltzain oso izateko

Bizkaie! 2007-04-23 02:00   Euskerea berbagai

Sagrario Aleman euskaltzain urgazlea 27. zenbaki-hutsartea beteteko proposatu dabe Patxi Zabaleta, Patxi Salaberri eta Andres Iñigo euskaltzain osoek; 28. zenbaki-hutsartea beteteko, barriz, Joseba Lakarra euskaltzain urgazlea proposatu dabe Jose Antonio Arana Martija, Xabier Kintana eta Jose Luis Lizundia euskaltzain osoek.

Euskaltzaindiak Etxalarren egin dauen osoko bilkuran Sagrario Aleman eta Joseba Lakarra euskaltzain urgazleak proposatu dira 27. eta 28. zenbaki-hutsarteak beteteko.

Akademiako iturriek jakinarazo dabenez, 27. zenbaki-hutsartea beteteko, Sagrario Aleman euskaltzain urgazlea proposatu dabe Patxi Zabaleta, Patxi Salaberri eta Andres Iñigo euskaltzain osoek; 28. zenbaki-hutsartea beteteko, barriz, Joseba Lakarra euskaltzain urgazlea proposatu dabe Jose Antonio Arana Martija, Xabier Kintana eta Jose Luis Lizundia euskaltzain osoek.


Sagrario Aleman

Sagrario Aleman Astiz Etxalekun (Nafarroa) jaio zan, 1952ko martiaren 5ean. Farmazian lizentziaduna da, Madrileko Unibersidade Konplutensean.

Nafarroako alfabetatze eta euskalduntze mobimentuan ezinbesteko erreferentzia da Aleman. 1972an hasi zan lanean helduen euskalduntzean. 1982tik aurrera Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria da. Euskaltegiko didaktika arloan be egiten dau lan.

Ikastaro, mintegi eta jardunaldi ugaritan ibilitakoa da irakasle lanetan soziolinguistikaz, didaktikaz eta gramatikaz berbetan. ‘Euskal Herrian Euskaraz’ taldeko partaidea eta Zaldiko-Maldiko euskera alkarteko sortzailea da. Horrezaz gan, Karrikiri euskera taldearen sorrerako batzarretan ibilitakoa be bada, baita Euskalerria Irratiaren hasieran be.

‘Jakin’, ‘Bat’, ‘Argia’ edota ‘Pulunpe’ argitalpenetan kolaborazinoak egin ditu eta Egin Irratia, Bilbo Hiria eta Euskalerria irratietan be kolaboratzaile izan da. Eusko Jaurlaritzako Euskerearen Aholku Batzordeko kide izan zan pasa dan legealdian. EKB eta Kontseiluan be parte hartu izan dau IKAren izenean.

Zaldiko-Maldiko alkarteak Lamien Urrezko Orrazia emon eutson 1987an eta, 1996an, Euskalerria Irratiaren Larreko saria jaso eban. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 2006an.


Joseba Lakarra

Joseba Lakarra Andrinua Arratzun (Bizkaia) jaio zan, 1962ko urtarrilaren 1ean. Euskal Filologian lizentziaduna (EHU, 1983), 1994an doktore maila lortu eban, Koldo Mitxelenak eta Joakin Gorrotxategik zuzendutako ‘XVIII. Mendeko Hiztegigintzaren Etorkiez’ izeneko tesiagaz. 1996an, Doktoregoko Sari Berezia jaso eban.

2005eko abuztutik aurrera Euskerearen Historia eta Euskerearen Gramatika Historikoaren katedraduna da, EHUko Filologia eta Geografia-Historia Fakultadean. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean egiten dau lan. Bere ikerketa-lerro nagusiak euskerearen historia eta historiaurrea eta euskal testu zaharren edizinoa eta analisia dira.

Argitaratu dituan liburuen artean, honako honeek dagoz, besteak beste: ‘Euskal Baladak. Azterketa eta Euskal Baladak. Antologia’ (1983), ‘K. Mitxelenaren idazlan guztiak. Hizkuntzalaritza’ (1988), ‘Manuel Larramendi. Euskal Testuak’ (1990, Patxi Altunagaz batera), ‘Martin Harrieten hiztegiak (1741)’, (1995), ‘Towards a history of Basque language’ (1995, J.I. Hualde eta Larry Traskegaz batera), ‘Studies on Basque and Historical Linguistics in honor to R. L. Trask - Ikerketak Euskalaritzaz eta Hiskuntzalaritza Historikoaz. Larry Trasken Oroitzapenetan’ (2006, J.I. Hualdegaz batera).

ASJUren Zuzendaritzako kidea da eta Fontes Linguae Vasconum-en batzordeko kidea be bai. 1988 eta 2000 urteen bitartean Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz Euskal Idazleen Elkarteak argitaratutako ‘Euskal Klasikoak’ bildumearen koordinatzailea izan zan (Patxi Altuna, Ibon Sarasola eta Blanca Urgellegaz batera). Euskerearen Iker Atalak / Litterae Vasconicae-ren batzordeko kidea be izan da.

Unibersidadean be hainbat kargu akademiko bete ditu; besteak beste, Filologia eta Geografia-Historia Fakultateko dekanoa izan zan 2003tik 2007ko urtarrila bitartean.

Juan Perez Lazarragak XVI. mendean idatzitako eskuizkribuaren lehenengo azterketa filologikoa eta literarioa egin eban Joseba Lakarrak. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1991n.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu