Hizkuntz eskubideak Euskal Herri osoan eta administrazino guztiek urratzen dituela dino Behatokiak
2007-04-20 02:00 Euskerea berbagaiHizkuntz Eskubideen Behatokiaren urteko txostena herritarrek euskerearen telefonoan helarazotako keja eta txalotzeen bidez egindako azterketea da. 2006an, 1.099 espediente sortu ziran, eta horreetatik 973 eskubide urraketen barri emon daben herritarren kexak izan dira.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren urteko txostena herritarrek euskerearen telefonoan helarazotako keja eta txalotzeen bidez egindako azterketea da. 2006an, 1.099 espediente sortu ziran, eta horreetatik 973 eskubide urraketen barri emon daben herritarren kexak izan dira. ‘Barriro be, begi-bistan gelditu da eskubideen urraketak naturalizau egiten dirala lurralde guztietan’, azaldu dau Xabier Mendiguren Behatokiko presidenteak.
Jasotako kexen edukia aztertuz, zenbaitetan euskerea erabilteak herritarrari sortzen deutson arriskuaren barri emon dabe Behatokiko ordezkariek. Izan be, urtero jasoten diran ‘erantzun zakarrez’ gan, justiziaren alorrean esaterako, ‘salto arriskutsua’ egin dala salatu dau.
Euskerea erabili nahi izan dauenari kartzela-zigorra ezarri jako; hizkuntza gitxiesten dauenaren aurkako neurririk, barriz, ez da inon hartu. Horrela, zuzenean euskeraz deklarau nahi izan dauen herritar batek sei hilebeteko kartzelaldiari egin beharko deutso aurre; baina, 'has pedido médico euskaldun, y como no hay, te quedas sin visita al médico', lako erantzunak emoten dituanak, ez dau zertaz arduratu, gaineratu dau.
Sei urtetan 4.374 espediente osotu ditu Behatokiak eta muturreko ondorioak eragin dituen egoerak izan badaitekez be, euskal errealidadearen zati bat dirala, ‘eta ez salbuespenak’, gogorazo dau Mendigurenek.
Bestalde, Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak adierazo dau arduratzekoa dala hizkuntza-eskubideak ‘urtez urte sistematikoki’ urratzen dirala ikustea. Izan be, bere esanetan, eremu pribatuan, euskaldunon hizkuntza-eskubideak ez dagoz autortuak, eta enpresa edo zerbitzu-emoile bakotxaren borondatearen araberakoak dira.
Bilbaok azaldu dauenez, alor publikoan, barriz, ez dira euskerearen aldeko neurriak hartzen nahiz beteten, eta kasu askotan, ‘oztopoak jarri jakoz euskerearen erabilereari. EAEn esaterako, Ertzaintzearen eta Osakidetzaren lan deialdi barriek ez deutse aurreko urteetan salatutako eskubideen urraketeari erantzun’, salatu dau.
Horrezaz gan, Nafarroan, besteak beste, langile euskaldunakazko bereizkeria jarri dabela abian adierazo dau, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, muzin egin jakela euskerearen erabilerea bermatzeko eskaerei.
Espainiako Estaduko administrazinoaren jarrerea be, adierazlea izan da: ez ditu euskerazko dokumentuak onartu eta bi hizkuntza ofizialak erabilteak komunikazino argia oztopatzen dauela adierazo dau. Egoera horreen aurrean, barriro ez gertatzeko neurriak behar dira, esan dau Bilbaok.
Bestalde, 2006ko txostenak zenbait datu baikor be eskaintzen dituala azaldu dau. Alde batetik, herritarren jarrerea, geroz eta jarrera aktiboagoa erakusten dabe eta hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean.
Ganera, zenbait administrazinoaren jarrera harkorragoa nabarmendu dau, aurreko urteakaz alderatu ezkero, Behatokiak helarazotako kexei modu positiboagoan erantzun deutseen erakundeen kopuruak nabarmen egin dau eta gora.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!