Antton Irusta: ‘umeei entzuten irakastea nahitaezkoa da irakurzaletasuna bultzatzeko’
2007-04-20 02:00 BarriketanEubako Pasionistetan ikasi ondoren, Derioko seminarioan egin zituan magisteritza ikasketak eta Deustuan Euskal Filologiako goi mailako ikasketak.
Egun, Urretxindorra ikastolan dabil irakasle euskera, literatura eta ipuinen tailerrean arduradun. Telebistan be, Canal Bizkaian, Kontu kontari programea egin izan dau.
1983an hasi zen ipuin munduan. Madrilen, Bartzelonan eta Guadalajarako ipuin Maratoian parte hartu dau. 2000. urtean, Eusko Jaurlaritzeak Ipuinen tailerra liburua saritu eban, kontsulta libururik onena izanik.
Dozenatik gora liburu argitaratu ditu, gehienak haur literaturakoak eta azkena, bart (apirilak 19) aurkeztu dau Bilbon, Elkar argitaletxeagaz ataratako ‘Munduari itzulia 18 ipuinetan’.
1.- Munduko 18 herrialdetako ipuinak batu dozuz azken lan honetan. Dokumentazino lana egin behar izan dozu? Zelakoa izan da prozesua?
Antxinatik asmoa neukan mundu zabaleko ipuinak jorratzeko eta orduan formulea topau neban lekuan lekuko ume bat protagonistearen papelean jarriz ipuina horniduteko. Jakina, leku danatan ez naz egon, batzuetan bai zorionez eta, beraz, kasuan kasuan herrialde horreetan egondako jenteagaz egon naz eta, jakina, dokumentazino beharra be egin dot Internet eta beste bide batzuk erabiliz. Ondoren, herri-ipuinak txertatzeko momentuan nire etxeko bildumatik aukeraketa bat be egin behar izan dot herrialde bakotxeko herri-ipuin, kondaira edo elezaharrik adierazgarriena topetako. Horixe izan da prozesua.
2.- Literatur balioaz gan, ipuinen sorleku diran herrialdeetako kulturea eta hizkuntzea ezagutu leikez irakurleak liburuan?
Bai. Liburu honegaz interkulturalidadea landu gura izan dot Euskal Herriko umeak jaubetu daitezan gu ez garala munduan bakarrak eta badirala beste kultura, hizkuntza, historia, bizimodu eta ohitura batzuk. Alde horretatik, liburu aberatsa da irakurketa arin batean herrialde askotako kulturea ezagutzeko.
3.- Ipuinak Enrique Morenteren ilustrazinoakaz horniduta dagoz. Ipuin eta irudien arteko buztarketea zelakoa izan da?
Azken urteotan Enrique eta biok gabilz ipuin kontaketa saioetan, nik ipuinak kontau ahala, berak irudiak, marrazkiak egiten ditu eta sano gustora gabilz. Liburuaren kasuan, 18 ipuinak hartu eta biok biotara, lehenengo irakurri egin doguz eta saiatu izan gara ipuin bakotxean eszenarik berezienetakoa identifiketan. Ipuin bakotxean atal zehatz bati emon deutsat garrantzia eta horretan oinarrituz, Enriquek lehenengo zirriborro batzuk egin zituan eta, azkenean, bion adostasunagaz erabagi doguz liburuko marrazkiak.
4.- Haur literaturan zabilz azken urteotan baina helduentzako ipuinak be badagoz egon. Gaietan eta hizkuntzea lantzeko moduetan baino ez dagoz aldeak?
Bai, oso gustora nabil haur eta gazte literaturan, urteetan nabil beharrean, esparru hori hobeto ezagutzen dot eta buru-belarri nabil langintza horretan. Helduen ikuspegia irakaskuntzearen aldetik jasoten dot 16-17 urteko neska-mutilen irakaslea nazalako.
Bestetik, normalean ipuinak umeakaz identifiketan doguz, ipuinak umeentzako dirala baina helduentzako ipuinak be badagoz, jakina. Helduentzako testuetan teknika bereziak erabilten ditue idazleek. Kontua da ze ipuingintzan, hizkuntza idatzia eta ahozkoa bereiztu behar dirala; ipuinak irakurteko ez eze, kontetako diralako komunikazinorako tresna ezin hobea.
5.- Ipuin kontalaritzeari jagokonez, zeintzuk dira hartzaile hobeak, umeak ala helduak?
Umeentzako askosaz saio gehiago egiten doguz helduentzako baino eta esango neuke umeak eskerronekoagoak dirala, keinu eta arpegiera guztiei adi-adi egoten dira. Hartzaileak umeak diranean, begiradak sano garrantzitsuak izaten dira baina azken aldion, helduen artean be ipuinak entzuteko egarria atzemoten da, nagusiak gero eta kontzientziatuago ikusten dodaz, nire eretxiz, ahozkotasunaren, berbearen garrantziaz jaubetu diralako. Esangura horretan, irakaskuntzan, irakasleen aurrean, tailerretan egiten doguzan saioetan, hezitzaileen artean gero eta interes handiagoa igarten da ipuinak kontetako arteaz, teknikaz zei ipuinetan agertzen diran gaiez.
6.- Teknologia barrien aroan, zein da ipuinen lekua?
Gaur egun oso azkar bizi gara, azkarregi, arin-arinka gabilz hara eta hona eta ikus-entzunezkoen munduan irudia da nagusi, begietatik sartzen jaku eta ez dau ezelako ahaleginik eskatzen nahiz eta sarritan mezua galdu. Ahotsa, barriz, bigarren mailan dago.
Desorekea nabarmena da eta ipuinak eta, oro har, ahozkotasuna sustatzeko komunikabideak berebizikoak dirala pentsetan dot. Zaletasuna bultzatzeko, didaktika zein praktikearen aldetik ahozkotasunak eta ipuinek euren lekua beharko leukie bai irratian eta bai telebistan be.
7.- Umeek zer ikusi ha ikasten dabe eta helduok gitxi irakurten dogu... Gaztetxuen artean irakurzaletasuna bultzatzeko ze pausu emon daiteke?
Formula magikorik ez dago. Hori bai umeek irakurtea gura badogu, nahitaezkoa izango da txikitatik entzuten irakastea da; entzuten ikasten dauenean, umea konzentrau egiten da eta hortik irakurketa prozesura dagoan saltoa txikia da. Juan Kruz Igerabidek esaten eban irakurtea zala begiekaz entzutea.
Dana dala, joerea da, haurtzaroan 6 urtetik 10 urtera bitartean dezente irakurtea baina 12 urtetik 18ra, nerabezaroagaz batera, interesguneak aldatu egiten dira. Ganera, ez dakit saoi horretarako liburu aproposik dagoen ala eskaintzea ez ete dan urria.
Kontuak kontu, irakurzaletasuna bultzatzeko badagoz ekimenak, udal liburutegiak, mintegiak, idazleen bisitak... Baina, oro har, nik uste dot ikasleek ez dituela gustoko liburuak topetan. Ganera, kontuan hartu behar da irakurteak zeozelako sakrifizioa, ahalegina eskatzen dauela, baldintza zehatz batzuk beharrezkoak dira. Nik sarritan esaten deutset ikasleei irakurlearen eskubidea dala, gustoko ez dabenean, liburuaren edozein orrialdetan bertan behera ixtea baina bien bitartean, beste liburu bat hartzeko eskatzen deutset, azkenean gustokoa topauko dabelako.
8.- Zer da ipuina zuretzako? Ahozkotasunak zelako garrantzia dauka gaur egungo gizartean?
Nire lagun batek esaten eban ipuina gasolina afektiboa zala. Ipuina komuniketako tresna bat da, ahozkotasunaren zutabe nagusietakoa, antzerkiagaz eta beste diziplina batzuekaz batera.
Ipuingintzan gehiago lantzen da idatzia baina zorionez ahozkotasuna be badoa indarra hartzen, gero eta saio gehiago izaten dira herri liburutegietan, kafe antzokietan, kultur etxeetan, bakarrizketak be modan dagoz... Baina, etxean be lekua behar dau ipuinak, gurasoek ohitura hori hartzea oso garrantzitsua dala uste dot.
9.- Hainbat mintegi eta eskola emon dozuz eskolan herri-trazinoaren corpusa suspertzeko metodologia lantzeko. Egun ipuin kontalariez eta kontaketaz tesi doktorala egiten zabilz...
Orain urte batzuk ekin neutson tesiari baina azken boladan nahikoa ahaztuta daukat. Gehienbat bi atal jorratu gura dodaz: Berpizkundetik hona ipuin kontalarien funtzino soziala, zeintzuk ziran sasoi haretako trobadoreak eta erdi bertsolariak, zelako gaiak eta non kontetan zituen... Horrezaz aparte, XX. mendetik aurrera, ahozkotasunaren abiapuntutik, ipuinaren metodologia, teknikak lantzea da asmoa, euskal folkloretik jasotako baliabideak aztertzea. Alde horretatik, argi dago orain arte ipuina etxean izan ezik, eskolan eta bestelakoetan beti izan dala liburua, papela, norberak irakurri beharrekoa; gaur egun, barriz, gauzak aldatzen doaz eta ipuina ahozkotasunaren ikuspegitik lantzen da, erritmoa, entonazinoa...
10.- Liburuaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dogu datorren astelehenean, apirilaren 23an. Oro har, gero eta gitxiago leiduten dogula pentsetan dozu? Zein da irakurri dozun azken liburua?
Lehen be esan deutsut, irakurteak ahalegina eskatzen dau eta beste interesgune batzuetan dabilz; gainera, eguneroko jardunean ikusten dot gaur egungo gazteek derrigortuta irakurten dituela liburuok. Gitxi dira liburuak eskatzen hurreratzen jatzuzanak.
Bestetik, irakurri dodan azken liburua Toti Martinez de Lezearen ‘Eguzkiaren alaba’ da, Alfaguara-Zubiak argitaratua. Gaztelaniaz irakurrita neukan eta orain euskerazko itzulpena leidu dot. Inkisizinoaren inguruan, Zugarramurdiko istorioa dakar eta aurreratuko deutsut horren adaptazino bat egin gurako neukela.
Gaztelaniazko liburuen artean, Ken Folleten zale amorratua naz, iruntsi egiten dodaz liburuok; 12-14ko bilduma bat daukat eta asko gustetan jat berrirakurtea be, literatura erraza da eta nire ipuinetarako be ideia eta teknika baliogarriak agiri dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!