‘Goizean eta Arratsean’, Eusebio Erkiagaren altxorra

Labayru 2007-04-20 02:00   Kulturea

Labayru Ikastegiak Eusebio Erkiagaren Goizean eta Arratsean. Eskubete neurtitz I-II argitaratu dau. Mila orritan idazle horren poesiazko idatziak batu ditu Igone Etxebarriak. Lan honegaz osotu egiten da Erkiagaren literatur emoitzea.

Labayru Ikastegiak Eusebio Erkiagaren Goizean eta Arratsean. Eskubete neurtitz I-II argitaratu dau. Mila orritan idazle horren poesiazko idatziak batu ditu Igone Etxebarriak. Lan honegaz osotu egiten da Erkiagaren literatur emoitzea. Lehendik be argitaratuta dagoz haren nobelak, poema liburutxo bi eta prosa-lanen bildumea, gehienak Labayru Ikastegiak berak agertuta gainera. Idazlan solteren batzuk izan ezik, ezagutzen doguzanetarik, itzulpen lan bat baino ez da geratzen kaleratzeko haren produkzino osoan, Simenonen Aspaldiko Maigret izenekoa, eta hori be aurten argitaratuko da. Emoitza handia da, ibilbide luzeari jagokona.

Eusebio Erkiaga lekeitiarra zan jaiotzez, baina bizitza gehiena Bilbon pasau eban. Herri biakaz lotu-lotuta egon da, eta bere lanetan biak dagoz agirian. Merkataritzea ikasi eta ostean Banco de Vizcayan behar egin eban, 1936an hasi zanetik 1977an erretiroa hartu arteko denpora guztian.

Gazte-gazterik hasi zan idazten, bere garaiko aldizkari-egunkarietan parte hartuz: Bizkaitarra, Eguna, Yakintza, Euzkerea, Euzkadi... Gerrak euskaltzaleen bizimodura isiltasuna ekarri ebanean, Erkiagak be mehaztu egin zituan argitalpenak, baina idazteari inoiz itxi barik. Aldian aldiko joerei jarraituta, euskerea lantzeko ahalegin etenbakoa egin eban, bere beharretan ikusten danez.

1930ean idazten hasi eta 1993an hil zan arte idatzi eban, ia XX. mende osoan. Bere idazle kideak zeintzuk izan ziran galdetu ezkero, danen gainetik Lauaxeta jarri beharko litzateke. Lauaxeta Euzkadi egunkarian euskerazko atalaren arduraduna zala, Erkiagak haregaz izandako hartu-emonek betiko markau eben. Eguna euskerazko lehenengo egunkaria sortu zanean, erredakzinoan ibilitakoak be, Agustin Zubikarai, Jose M.ª Arizmendiarrieta eta Manuel Ziarsolo Abeletxe, Erkiagaren ibilbideari lotu-lotuta topauko doguz. Geroagoko hartu-emonak izan ziran Krutwig, Villasante, Santi Onaindia, eta abar.

Euskalduna, euskalzalea, euskaltzain urgazlea. Euskerea alderdi askotarik landu eban, bai herriko berbetea, bai literarioa; bai Bizkaikoa, bai beste euskalkietakoa. Euskal literaturako idazleak ondo ezagutzen zituan, beti ikasten jarraitzeko jarrera zabalagaz gainera.

Aldizkarietan era askotako lanak idatzi zituan: olerkiak, Lekeitioko kronikak, ipuinak, artikuluak, antzerkia… Baina batez be nobelagile moduan ezagutua izan da euskal literaturan, osotasuna dauen lana dan aldetik.

Genero horretan sei idazlan argitaratu ditu: Arranegi (Itxaropena, 1958; Labayru Ikastegia-BBK, 1993 eta 1994); Araibar Zalduna (Itxaropena, 1958); Batetik bestera (Itxaropena, 1962; Labayru Ikastegia-BBK, 1985); Jaioko dira (Labayru Ikastegia-BBK, 1984); Txurio Txoria, (Labayru Ikastegia-BBK, 1986); Irribarrea galtzen danean (Bizkaiko Foru Aldundia, 1987).

Prosan egin zituan ganerako idazlan guztiak, han-hor-hemen sakabanatuta egon diranak, Andres Urrutiak batu ditu Berbalauaren Kulunkan. Prosa lanak I-II izeneko lanean (Labayru Ikastegia-BBK, 2001). Bertan jasota dagoz Erkiagak prosazko genero desbardinetan idatzitako lanak: antzerkiak, euskera eta euskal literaturearen gaineko artikuluak, liburuen sarrerak eta kronikak, itzulpenak, Boletín Informativo de la Revista Financiera del Banco de Vizcayan agertutakoak, kazetaritza arlokoak eta narrazinoak.

Eusebio Erkiaga poesiaren bidez sartu zan literaturearen arloan, asko be asko idatzi dau genero horretan. Kritikeak olerkari sena autortu izan deutso beti, baita prosazko lanetan be, baina ez dogu izan haren olerki-bildumarik ezta erreferentziarik be zer, zelan eta zenbat idatzi dauen jakiteko. Horregaz jaubetuta, 1992an Bizkaiko Foru Aldundiak omendu eban bizi osoko ibilbidea saritzeko, eta han agindu eutsan bilduma hau egiteko.

Omenaldiaren ostean, urtebete inguru, hil arteko guztia, emon eban Erkiagak lan erraldoia preparetan. Berak zehatz gordeta zituan testuak batu, atondu, berrikusi, ordenan jarri eta edizinoaren nondik norakoak zehazten joan jakon denpora hori. Edukinaren azalpena berak emon eban ondoen, honetara: ‘Olerkari handien asmo eta burutapen zorrotzik ez dago hemen. Poesi goitarreko zelai-hurbilean ez naz ibili. Sentimentu agerpena, eguneko eta tokian tokiko persona, gauza eta jazoerak kantau ditut. Umore tanta batzuetan, zirikadak hurrengoan. Beharbada, poema edo lan luzeagoetan kemena eta indarra areago azaltzen dau egileak arnasa luzeagoko lanak diranez, labea beroago jartzen dabelako edo’.

Hizkuntzearen olgetaria da Erkiaga, gai sakonak nahiz eguneroko gauza txikiak olerkigai bihurtzen ditu, zentzun guztien bitartez jaso eta adierazota. Lekeitio, itsasoa, uria, Bilbo; horra hor bere paisajeak. Herria, hizkuntza, kristautasuna, familia; horreek bere olerkien mezuaren oinarria.

Labayru Ikastegia sortu zanetik izan eban Erkiagak loturea erakundeagaz, bertako kide moduan. Baina haren idatziak argitaratzeko pausua egin orduan, idazle moduan errekuperau egin zan gure ondarerako guztiz garrantzitsua dalakoan. Ohorezko kide izentau eben gerora, eta Derioko Udako Ikastaroan omenaldia egin jakon 1985ean.

Erkiagaren idazlanak ekarpen handia dira Bizkaiko literaturarako, bai Bizkaiko idazle legez, bai lanetako asko bizkaieraz idatzi zitualako. XX. mendearen lekuko apartekoa da, aldi horretako bizimoduan, kulturan eta hizkuntzan egin diran pausoen erakusgarri zehatza.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu