Anartz Laka: 'barikua da astegoieneko egunik sinbolikoena'
2007-04-12 02:00 BarriketanOrain bi urteko ‘Itxosun zarati’ diskoaren ondoren, bigarrena dauka kalean Elantxobe eta Ibarrangeluko The Uski’s taldeak, ‘Barikun’, Oihuka diskoetxeagaz ataratakoa. Euren estiloari eutsiz, 50, 60 eta 70. hamarkadetako rock and rollaren ukitu eta eragin argiakaz datoz orain be Anartz eta Oier Laka (gitarra, baxua eta koroak), Iñigo Egiguren (ahotsa), Jon Zameza (gitarra, baxua eta koroak) eta Iñaki Astoreka (bateria).
Disko barriaren gorabeherak Anartz Lakak emon deuskuz.
1.- Ikutu surferoa galdu barik baina rock puntuagaz zatoze disko barrian. Zerk bultzatu zaitue estiloa zorroztera? Zuen lekutxua topau dozue honezkero?
Estiloa berez dator. Itsasoan ez gagozanean, musikea egiten gagoz eta, era horretara, inspirazinoa, inguruan eta barruan paseten danaren arabera datortzu, norantza doan ez dakizula. Ez dogu estilo baterantz edo besterantz jo nahi, berez paseten da. Leitekeana da hurrengo diskoa, lehenengoa baino surferoagoa, lasaiagoa edo kañeroagoa izatea, ez dalako aurrez holakorik erabagiten, eboluzio naturala baino ez da.
2.- ‘Itsosu, neskak eta juergi’. Hori da zuen leloa eta kanten berbatan argi eta garbi erakusten dozue...
Holan da bai, ez daukagu arazo edo ardura larregirik, ez politikan ez beste gauza askotan. Oso sinpleak gara, herri txikitan bizi diran gazte batzuk gara, eta buruan bueltaka darabilguzan gaiak horreek dira batez be. Normala da abestietan gai horrek jorratzea.
3.- Halanda be, beste gai batzuk be jorratu dozuez oraingoan, piraguistei zuzendutako kanta batean, berbarako. Ze mezu zabaldu gura izan dozue hor?
Bueno, jente askok galdetzen dau horri buruz. Abestia ez dago piraguistei zuzenduta, ‘piraguarroei’ baino. Piraguisten artean dagoan azpitalde bat dira piraguarroak. Zer dala ta? Ba uretan gagozala, olatuak hartzen, zenbait piraguista, piraguarroak hain zuzen be, gure artean ibilten dira arrisku handiko egoerak sortuz. Piraguistak diran lagun asko doguz, eta olatuak hartzen dituenak be ugari, baina horretarako prest ez dagoan jente asko dago, izan be, ‘enbarkazinoakaz’ dabilz olatutan eta ez dira horretaz konturatzen. Norberak badaki piraguista edo piraguarro dan, surfisten, eta bainularien artean jasoten dauen harrereagaitik.
4.- Kanta horren izenburua, ‘Piraguarro’, nahiko polemikoa izan daiteke...
Esandakoa, norbera jaubetuko da ze taldetan dagoan, piraguista edo piraguarro, uretan jasoten daben harrera eta erantzunagaitik. Polemikoa? Ba honezkero polemikea sortzen hasita dago, batez be komunikabide batzuek egin daben interpretazinoagaitik, nahiz ta guk azaldu geuntsen zer zala eta abesti hori. Edozelan be ez gara arduratzen ze zenbat eta zaparrada gehiago hoba, guretzako publizidadea da eta.
5.- ‘Putasemik’ izeneko beste kanta bat be egin dozue. Nori zuzenduta?
Hori argiegi ixteko gogorik ez daukagu ja, ja, baina pistatxuren bat itxi dogu...uskistegitik....
6.- Diskoa ‘Barikun’ izenburupean atara dozue eta, leloa zein dan kontuan hartuta, asteburuak oso bereziak dira zuentzat...
Edozeinentzat guk uste. Gainera lan astea eta astegoiena banatzen dituan eguna barikua da. Barikua da astegoieneko egunik sinbolikoena, planak burura datozen eguna, nahiz ta gero planak etxean itxi upelako biharamon bategaz….
7.- Bigarren lana da eta honezkero izan zarete hainbat herritan. Zelako erantzuna izan dozue?
Disko barriko kantak oraindino ‘ez doguz’ plazatara atara. Kontzertu bat edo bitan entzun izan dira bakarrik, eta jenteak, abesti ezezagunak izateko, ondo hartu ditu. Diskoa kalean dagoanez, espero dogu apurka-apurka kantuak ezagunagoak izatea eta jenteari gustetea.
8.- Musikeagazko zaletasuna etxetik jatortzue eta, ganera, taldekide batzuk familiakideak be bazarie. Zelan erabagi zenduen taldea sortzea?
Ba hasikeran ez egoan talde proiekturik be. Gitxika batzen joan ginan, bertsino batzuk jo eta barre batzuk egiteko. Iñigo abeslariagaz batu eta egun gitxi batzutara, Laga abestia heldu zan eta orduan ikusi genduan talde moduan hasteko ideia ez zala tontakeria bat.
9.- Diskoan, aurrekoan legez, Argi Zamezaren ahots berezia entzun daiteke, Jon Zameza gitarra eta ahotsaren arrebearena. Zergaitik neskato bakarlari baten ekarpena?
Ez dozu diskoa entzun? Ez dozu Argi entzun? Ja, ja, ze entzun badozu galderea erantzunda dago. Holako ahots bat ezin da ezkutauta itxi. Eskura daukagun ahots zoragarri bat da eta gainera, nork daki, igual egunen baten honi esker Argik bere diskoak atarako ditu!.
10.- Masterizazinoa Kanadan egin dozue. Nondik nora jo dozue horren urrun?
Diskoa Lamiña estudioan grabau genduan igazko abenduan eta aurtengo urtarrilean baina masterizazinoarena Natxo Liberty, gure produktorearen aholku bat izan da. Hain pozik geratu ginanez diskoaren soinuagaz, berak esan euskun ondo masterizetea komenidu zala, lanari ahalik eta etekinik handiena atarateko. Horretarako, injineruaren lanaz aparte, inguruan ez dagozan ekipoak behar dira, eta egotekotan, Madril inguruan eta, jakina, beharragaz itota dabilzanez, oso karuak dira. Kanadakoa, Natxok jarri euskun aukerarik onena zan, eta hara joan ginan. Emoitzeagaz sano gustora geratu gara.
11.- Hainbat kontzertu berbatu dozuez honezkero eta udearen usaina hartzen hasita, zelako hilebeteak aurreikusten dozuez?
Ba, diskoa plazaratu baino lehen lortutako kontzertuak ikusita, diskoa kalean dala, gauzak hobeto joango diralakoan gagoz eta, beraz, uda sasoian topera ibilteko esperantzeagaz gabilz. Gitxika-gitxika badoaz astegoienak beteten, eta aurten gehiago mobiduko gara, seguru. Maiatzaren 17an, Bilboko Kafe Antzokian izango gara.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!