Hizkuntza-eskubideen urraketak betikotzeko beste lan deialdi bat

Bizkaie! 2007-04-11 02:00   Euskerea berbagai

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Herrizaingo Sailak EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu barri dauen lan deialdiari buruzko eretxia agertu nahi izan dau.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Herrizaingo Sailak EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu barri dauen lan deialdiari buruzko eretxia agertu nahi izan dau.

Lan deialdi barri honetan 120 plaza beteteko oposizino bidezko lehiaketea egin da, eta horreetatik % 42k besterik ez dabe derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna, 1. hizkuntza-eskakizuna hain zuzen be. Besteetan euskerearen ezagutza merezimendu legez baloratuko da eta puntuazino osoaren % 9,09 emon jako euskerea ezagutzeari.

Behatokiak orain urtebete argitaratutako deialdian gogor kritikatu eban lan-deialdi honeen bidez ez dagoela lortzerik 1998an Ertzaintzearen hizkuntza-normalizazinorako onartutako dekretuak ezarritakoa. Dekretuaren arabera, 2008a baino lehen lanpostuetatik % 40,74k izan beharko dabe egiaztatuta euskerearen ezagutza. ‘Azken deialdian % 42ri eskatu arren, horrek ez dau igoera handirik suposatuko plantila orokorrean, eta hortaz, ezarritako helburura ez da hurreratuko’, gaineratu dau Behatokiko zuzendariak.

Bestalde, Bilbaok oso gogor kritikatu dau orain dala urtebete egindako eskaereari erantzun ez izana. Izan be, 2. hizkuntza-eskakizuna definiduteko eta lanpostuetan zehazteko eskatu eban Behatokiak 2006an. Hori egin ez, lan-deialdi barri bat atara eta 2. hizkuntza-eskakizunak definidu barik jarraitzen dau, hortaz, ezin ezarri lanpostu bati be. ‘Aurreikuspenik okerrena gertatu da, izan be, 2. hizkuntza-eskakizuna plangintzaldia amaitzen danean ezarriko dabela dirudi. Hamar urteko epean egiteko egoana, azken egunerako itxiko dabe. Hamar urte behar al dira hizkuntza-eskakizuna definiduteko? Ez ete dira propio atzeratzen ari?’, galdetu dau Behatokiko zuzendariak.

Bilbaok gogoratu dauenez, ‘edozein hizkuntzatan zerbitzua emoteko gaitasuna dauen langile bakarra langile elebiduna da; hau da, herritarrak edozein hizkuntza aukeratzen dauela be, langile elebidunak bakarrik erantzun ahal izango deutso hizkuntza horretan. Beraz, langile elebakarrak kontratauta, hizkuntza-eskubideak urratzeko aukerak zabalduko ditue’, azpimarratu dau.

Bilbaok gogora ekarri nahi izan dau 2006an Behatokiak kudeatutako hainbat kasu. Txostena hurrengo astean aurkeztuko bada be, Behatokiko zuzendariaren arabera, ‘Urte baltza izan da Ertzaintzan hizkuntza-eskubideen urraketei jagokenez, eta halan da be, ez dabe bitarteko egokirik jarten herritarren oinarrizko eskubideen bermerako’. Beraz, zerbitzua euskeraz ez jasoteaz gan, tratu desegokia jaso dabe herritarrek 2006an, horren adibide nabariena Olatz Berrojalbizena izan dala gogoratu dau Behatokiko ordezkariak. ‘Lan-deialdi barri honegaz ateak zabalduko jakez barriro be herritarren eskubideen urraketei, eta ez dago eskubiderik’ erantsi dau Bilbaok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu