Gorka Arrese: ‘informazinorako, azterketarako eta gogoetarako da Bazka’
2007-04-04 02:00 BarriketanSusa argitaletxearen ekinbidez, literaturearen soziologia baterako ekarpenak zabaltzeko amesagaz jaio barri da Bazka-ren Interneteko edizinoa eta gehiago jakin guran, Susako editore eta Bazkako zuzendari Gorka Arreserengana jo dogu.
1.- Papelezko Bazka aldizkariagaz konparauta, ze barrikuntza dakar Sareko edizinoak?
1999 eta 2000 urteetan Bazka aldizkariaren ale bana argitaratu genduzan. Papelezko aldizkaria zan, artikuluz horniduta; literaturea ez eze musikea eta artea eta holakoak be hartzen zituan gaitzat. Edozelan be, aldizkaria ondo banatzeko arazoak izan genduzan.
Bazka barriak, elektronikoak, ez dau banaketa arazorik izango. Bazkak orain literaturea dau gaitzat (eta edizinoa eta idazletza eta sariak eta egile eskubideak eta abar). Ikuspegi soziologiko batez jorratuko doguz kontuok.
Argitaratzen ari garan artikuluek besteko garrantzia dabe ‘Datutegia’ sailean agertzen doguzan informazinoek eta zenbakiek be. Gure literaturea numerotara hain gitxi ekarten da! Eta numeroen laguntzaz be literaturearen inguruko gauza askori buruz uste baino ikuspegi zabal eta gardenagoa izango dogu danok.
2.- Helburuen artean, literaturearen soziologia aitatzen dozue eta inpartzialtasuna ezin dozuela bermatu. Zer esan gura dau horrek?
Horixe bera!, ez dogula inpartzialtasuna bermatuko. Uste dogu inpartziala izan nahi dauen soziologia ez dala benetako soziologia. Bazka aldizkarian arrazoiak erakutsiko doguz inpartzialak ez izateko. Gure eretxiak arrazoietatik atara nahi doguz, eta ez gure eretxien araberako arrazoiak.
3.-Literatur gaien ganeko kritikarako foro bat da Bazka? Jarrera kritikoa azalduko dozue beti?
Informazinorako, azterketarako eta gogoetarako da Bazka. Ahal dogun gogorren egingo deutsegu aurre literaturea menosten dabenei, eta holakoak eragiten dituen faktoreak aztertzen saiatuko gara.
4.- Edozeinek bialdu leikez iruzkinak? Zeintzuk dira iruzkinen moderazinorako erispideak?
Bai, edonork. Bazka aldizkariaren nortasuna egin ahala garatuko da. Bazka zelakoa izango dan bihar edo etzi ez dakigu. Eta beraz, jasoten doguzan iruzkinek artekaririk beharko daben edo ez, oraindik ez dakigu.
5.- Hiru atal ditu aldizkariak, ‘Itsasoa ontzian’, ‘Hiztegia’ eta ‘Datutegia’. Zelako idatziak topauko doguz atal bakotxean?
‘Itsasoa ontzian’ artikuluz osotutakoa izango da. Artikuluen idazleek sinatuak agertuko dira.
‘Hiztegia’ atalean, barriz, literatureari buruz hedabideetan esandako eretxiak eta adierazpenak jasoko doguz.
‘Datutegia’ atalean zenbakiak batuko doguz batik bat (ehunekoak, maiztasunak...), azterketarako, gogoetarako eta deskriziorako baliogarriak izan daitezan.
6.- Martiaren hasieran, abiaburua ‘Utikan Euskadi Sariak manifestua izan zan eta horren harian agertu ziran lehenengo ekarpenak. Ordutik ze gai jorratu dozuez?
Azken asteotan Euskadi Sariek hartu dabe gure letren munduan eremu handiena. Horri buruzkoakaz abiatu ginan. Baina bidean gai asko agertu dira: errealismoa eta fikzinoa, literatureak sortzen omen dauen interes eskasa, literaturea azkena joteko zorian ete dan, errekonozimendua eta fama eta prestigioa, gure sistema literarioa ez-sanoa ete dan, debate preminea, idazle kanonizatua izateko patroia, itzulpengintzea, kritikea, emakume-irakurlea, eta abar.
7.- Kontseilu editorialean Xabi Borda, Oier Guillan, Koldo Izagirre eta Josu Landa dagoz eta zu zeu, barriz, zuzendari zabilz. Argitaratzeko idatzietan lantaldearen adostasuna nahitaezkoa izango da ala leitekeana da kideen artean gorabeherak edo kontrako jarrera eta eretxiak izatea?
Harritu egin nau zure galdetzeko erak, eta batez be zure galdereagaz zer adierazo dozun.
Oraingoz lau laguneko kontseilu editorialak laguntzen deust Bazka argitaratzen. Ahaleginduko naz kontseiluan idazle gehiagok parte har daian.
8.- Susa argitaletxeak hainbat ekimen bideratu ditu, besteak beste, Literatur Emailuak eta Literaturaren Zubitegia. Aurrera begira, bestelako ideia edo asmorik?
Susa argitaletxeak helduentzako literatura liburuak egiten ditu: nobelak, narrazinoak, poesia... Eta bestalde, Internet baliatuz: Literatur Emailuak, Literaturaren Zubitegia, Kritiken Hemeroteka, Literatur Aldizkarien Gordailua, Klasikoen Gordailua eta Euskal Prentsaren Lanak eta (orain) Bazka aldizkaria... bai, horreek danak egiten jarraitzen dogu, ez baitagoz amaituta, hazten eta osotzen baino eta garatzen eten barik. Bolumen handiko lanak dira, astero barritu beharrekoak.
Hona hemen Interneteko helbideak:
http://www.armiarma.com/emailuok/ http://zubitegia.armiarma.com/ http://www.armiarma.com/kritikak.htm http://andima.armiarma.com/
http://klasikoak.armiarma.com/ http://www.hemeroketa.com/
http://www.bazka.info/
http://www.susa-literatura.com/
Bizkaie!-ren oharra: batueraz emondako erantzunak Bizkaie!-k aldatu ditu bizkaierara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!