Aurelia Arkotxak beteko dau Euskaltzaindiaren 25. aulkia
2007-03-30 02:00 Euskerea berbagaiArautegiak agintzen dauen gehiengo osoa lortu ostean, Aurelia Arkotxa euskaltzain oso barri izentau dau Euskaltzaindiak Donostian egindako batzarrean.
Arautegiak agintzen dauen gehiengo osoa lortu ostean, Aurelia Arkotxa euskaltzain oso barri izentau dau Euskaltzaindiak Donostian egindako batzarrean.
Zezeilaren 23an, Euskaltzaindiak Bilbon egin eban osoko batzarrean, Aurelia Arkotxa euskaltzain urgazlea proposau zan 25. aulki hutsa beteteko. Jean-Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek egin eben proposamena.
Aurelia Arkotxa Baigorrin (Nafarroa Beherea) jaio zan, 1953ko urriaren 3an.
Umezarotik bizi izan da Hendaian. Filologia Hispanikoan lizentziaduna, Euskal Filologian doktoretzea lortu eban 1990. urtean. Tesia Bordeleko Unibersidadean aurkeztu eban, Gabriel Arestiren ganean idazten zan lehena, Maldan behera poemearen ganekoa. Hauxe zan izenburua: Imaginaire et poésie dans ´Maldan behera´ de Gabriel Aresti (1933-1975).
Bordeleko Michel de Montaigne Unibersidadean Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedraduna da 2000. urteaz geroztik. Bordelen eta Baionako Fakultadean Literatura eta Literatur Teoria irakasten ditu eta IKER-CNRSko ikerlari taldeko partaidea da.
2003ko urtarrilaren 31n, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban. Euskaltzaindiako Literatura Ikerketa batzordeko kidea da.
Poemagintzearen arloan, Atari ahantziak argitaratu eban 1993. urtean; Grezia klasikoa eta Egiptoko mitologia lantzen ditu Arkotxak obra horretan.
Maiatz aldizkariko sortzaileetari bat da. Lapurdum agerkari zientifikoaren zuzendaria da. Argia eta Berria komunikabideetan argitaratzen ditu artikuluak eta Sautrela programan be kolaborazinoak egiten ditu. Maiatz aldizkarian be sarritan argitaratzen dira bere artikuluak, baita Mazantini, Zurgai, Garziarena eta Hegats aldizkarietan be.
Ondoko liburuak argitaratu ditu: Atari ahantziak (1993), Septentrio (2001ean euskeraz eta 2006an frantsesez), Antoine d’Abbadie, Pensées études et voyages de 1835 (1997, Patri Urkizugaz batera), Euskal kritika gaur, Mari Jose Olaziregigaz batera (2002), Imaginaire et poésie dans Maldan behera de Gabriel Aresti (1933 — 1975), ASJU argitalpenak, Donostia. 1993, Territoires oubliés des terre-neuvas labourdins des XVI et XVIIèmes siècles. Mémoire des lieux, mémoire des mots à travers les routiers de Martin de Hoyarsabal (1579) et de Joannes Detcheverry Dorre (1677), UNED Madrid.
Bestalde, ondoko liburuetan be parte hartu dau: Gutiziak, (bertan Marko Poloren ametsa argitaratu eban), Txalaparta, Iruñea; Mujeres poetas en el País Vasco; Ponte de palabras, 90 hamarkadako poeta euskaldunen antologian, Pontevedra.
Aurelia Arkotxa
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!