Martxoak 31: 'ez gara barriro martxan hasiko'

Saioa Torre Gereketa 2007-03-29 02:00   Barriketan
Plateruenan joko dabe 11 urteko isilaldiaren ostean.

Durangoko bonbardaketearen 70. urteurrena beteten dan egun berean, eraso ha sufridu ebenen omenez, hamaika urteko isilaldiaren ostean Martxoak 31 talde durangarrak kontzertu berezia emongo dau Plateruenan. Aurretik, Seiurte taldeak joko dau. Ganera, Gerediaga Elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu aste honetarako eta zapatua egun berezia izango da. Martxoak 31ko taldekideakaz egon gara kontzertuaren, iraganaren eta etorkizunaren ganean berba egiteko.


1.- Gernika baino 26 egun lehenago bonbardeau eben Durango. Halanda be, Gernikakoak izan dau oihartzun gehiago, Durangokoa munduan inoiz herritarren kontra egindako lehenengoa izan arren...

Holan ei da. Durangokoa inoiz herritar zurien kontra egindako lehen aire-bonbardaketa planifikatua eta sistematikoa izan zan. Aurretik, Abisinian egin eben italiarrek; baina, zoritxarrez, Afrikan jazoten diranek ez dabe lekurik izaten gure historian. Herrialde horretan erabilitako teknika berberak ekarri zituen gero hona. Zeozelan esateko, Mundu Gerra gogoan potentzia faxistek eratutako laborategia izan ziran lehenengo Durango, Elorrio eta Otxandio, eta gero Gernika.

Gure gogoa Durangokoa aldarrikatzea izan da beti, Gernikagaz lehia antzuetan sartu barik. Hau da, autortzen dogu Gernikakoa gogorra izan zala eta merezidu dauela historian tokau jakon zoritxarreko lekua. Baina guk be gurea, Durangokoa, aldarrikatzen dogu.


2.- Agur esan eta hamaika urte pasau ostean, Durangoko bonbardaketearen 70. urteurrenean erabagi dozue barriro be martxan hastea. Atxakia perfektua izan da? Edozelan be, asmo hori lehenagotik etorren, ezta?

Atxakia perfektua da. Baina ez gara barriro martxan hasiko. Hau da, argi dogu kontzertu bat baino ez dogula egingo. Martxoak 31k bere sasoia eta bere lekua izan zituan. Polita izan zan, oso polita, baina bere horretan itxi gura dogu, bestelakoa faltsua litzatekelako. Taldearen bizitza alperrik luzatzen saiatuko bagina, ez ginateke zintzo jokatzen ibiliko ez gure buruagaz ez gure jenteagaz be.

Eta asmoa lehenagotik ete etorren… Luzaroan erabili dogu barriro joteko ideia; baina, beste gauza askoren antzera, aukera hau berez sortu da. Momentu perfektua da, bonbardaketearen 70. urteurrena dalako, eta danok posible dogulako momentu honetan jotea.


3.- Zergaitik erabagi zenduen taldeari ‘Martxoak 31’ izena jartea? Zerk bultzatu eutsuen ‘omenalditxu’ hori egitera?

Taldeko abeslari nagusiari, Iban Gorritiri, otu jakon, bonbardaketearen 50. urteurrenaren oroimenez Gerediaga Alkarteak antolatu eban erakusketa bateko kartela ikustean. Eta holan da, gure herriari eta batez be bonbardaketearen biktimei egindako omenaldia izan zan.


4.- Euskadi Gazteako zerrendan goiko postuetan egon zinien, Ermuako Hiria lehiaketea irabazi zenduen, hemengo eta kanpoko izen handiko taldeakaz ibilitakoak zarie eta proiektuaren momenturik onenean bertan behera itxi zenduen, lehengo diskoa grabau barik. Zergaitik?

Nekeagaitik eta gure buruagazko zintzotasunagaitik. Momentu haretan ez geunkan jarraitzeko gogorik, eta egoera horretan hoba da gauzak bere horretan ixtea.


5.- Ze aldaketa igarri dozue euskal musikagintzan orain dala hamaika urtetik hona? Kontzertuak, musikearen industria, pirateria...

Estiloei jagokenez, espektroa askozaz zabalagoa dala. Hau da, gure garaian, ia-ia txarto ikusita egoan pop-a egitea. Orain, barriz, danetariko taldeak dagoz. Eta hori albiste pozgarria da. Guri jagokunez, berbarako, Euskal Herrian askotan talde ‘popero’-tzat joten gintuen; hemendik kanpo, barriz, ‘punk’-aren barruan be sartu euskuen. Beraz, gura badozu, ‘euskal pop erradikala’ egiten gendula esan daiteke.


6.- Taldearen izena eta kideak betikoak izan arren, musika-estiloan gorabeherarik igarriko da?

Lehengo lepotik burua. Zapatuko kontzertua Martxoak 31ren gau baterako berpiztea izango da. Horrek esan gura dau lehengo estiloari eutsiko deutsagula, urte honeetan gutariko bakotxak ikasi eta desikasi dauena gehituta.


7.- Aurreratzeko moduko ezer berezirik preparau dozue kontzertu horretarako? Zuekaz batera, zenbat lagun batuko zaree taula ganean?

Ezustekoren bat edo beste izango da. Baina esango bagendu, ez litzateke ezustekoa izango. Taula ganean Sei Urte taldekoak izango doguz lagun. Eurek zabalduko dabe kontzertua. Eta sekulako meritua autortu behar jake, bezperan kontzertua emon behar dabelako Bartzelonan eta ia lorik egin barik etorriko diralako. Sei Urteko Jokin izan zan taldearen bigarren aroko gitarra jotzailea, eta ez dau kontzertu hau galdu gura, ezta pentsau be.


8.- DVDa eta CDa grabauko dozuez, Durangoko Azokan atarateko asmoagaz. Zeintzuk dira proiektu horreen nondik-norakoak?

DVDaren proiektua momentuz bertan behera geratu da. CDa-rena, barriz, aurrera doa. Grabau grabauko dogu, eta gero, emoitzearen arabera, argitaratu ala ez erabagi. Ezin dogu gehiagorik aurreratu ez dakigulako ze norabide hartuko dauen proiektuak. Hori bai, argi dago, argitaratzekotan, produktu duina izan behar dala.


9.- Danen artean, erabagi eizue talde edo bakarlari euskaldun bat eta kanpotar bat. Danen artean erabagi, posible bada...

Guztiz ezinezkoa. Sekula ez gara kapaz izan gure gustu musikalen inguruan ados jarteko. Eta, hain zuzen be, hori izan zan gure birtuteetako bat, joera eta estilo desbardinei zabalik egotea, nahiz eta horrek desadostasunak ekarri euskuzan behin baino gehiagotan.


Durangoko bonbardaketearen 70. urteurreneko egitaraua:

Martiak 29, eguena
19:30ean, berbaldia: ‘Adiskidetzea posible al da guda baten ondoren?’. Matthias Neutzner (Dresden-Alemania) / Natalie Heidaripour (Coventry-Inglaterra) / Pedro Barruso (Euskal Herria). Alkartegian.

Martiak 30, barikua

19:00etan, ‘La fuga del fuerte de San Cristobal’ Iñaki Alforjaren liburuaren aurkezpena. Jarraian ‘Eskaba’ dokumentalaren emonaldia. Alkartegian.
22:00etan, antzerkia: ‘Martxoak 31’. Karrika Antzerki Taldea. San Agustin Kultur Gunean. Sarrera: 5€
22:00etan, musika kontzertua: Bide Ertzean taldeak ‘Non dira’ diskoa aurkeztuko dau. Plateruena Kafe Antzokian.

Martiak 31, zapatua
10:30ean, erakusketea: ‘Guda zibila Durangaldean’. Apirilaren 28ra arte. Arte eta Historia Museoan.
12:00etan, gerra zibilaren biktimei omenaldia kanposantuan. Biktima guztien omenez egindako oroigarriaren inaugurazinoa. Autobus zerbitzua. Urteerea 11:30ean Astarloa kalean, Jesuiten aurrean.
20:00etan, Oroimen ekitaldia Andra Mariko elizpean. Lore eskaintzea, aurreskua eta Otxandioko abesbatzearen emonaldia.
22:00etan, antzerkia: ‘Martxoak 31’. Karrika Antzerki Taldea. San Agustin Kultur Gunean. Sarrera: 5€
22:00etan, musika kontzertua: ‘Martxoak 31 eta lagunakIraganagatik’. Plateruena Kafe Antzokian.

Apirilak 1, domekea

19:00etan, ‘Martxoaren 31 gogoan’ filmaren aurkezpena, gazteen ikuspegitik. San Agustin Kultur Gunean
20:00etan, antzerkia: ‘Martxoak 31’. Karrika Antzerki Taldea. San Agustin Kultur Gunean. Sarrera: 5€


‘Akordatzen naiz behin amama Irenek esan zidala, 1937ko martxoaren azken egunean, Durangon ezin zala oinez ibili odola zapaldu gabe’.
Joseba Sarrionandia. 'Akordatzen' liburutik hartuta.


www.iditu.com/martxoak31

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu