Bizkaiko Foru Aldundiak euskerara itzuli dau Europako Batasunaren terminologia guztia

Bizkaie! 2007-03-27 02:00   Euskerea berbagai

Tresna horren bidez, euskerea Europako beste 23 hizkuntza honeen parean jarten da. Bizkaiko foru erakundea izan da lehenengoa, estadu mailan, tresna hori sarean jarten, www.bizkaia.net webgunean.

Bizkaiko Foru Aldundiak EUROVOCen euskerazko bertsinoa, Europako Batasunean erabilitako terminologia guztia jasoten dauen tesaurus eleaniztuna argitaratu barri dau Interneten.

Tresna horren bidez, euskerea Europako beste 23 hizkuntza honeen parean jarten da: gaztelania, txekiera, daniera, alemana, grekoa, ingelesa, frantsesa, italiera, letoniera, lituaniera, hungariera, nederlandera, poloniera, portugesa, eslovakiera, esloveniera, finlandiera, suediera, bulgariera, errumaniera, kroaziera eta estoniera.

Behin aldundiaren web orrialdean argitaratu ondoren (www.bizkaia.net), Kulturako Foru Sailak Europar Batasunaren web orrialdean argitaratzeko prozedurea jarriko dau martxan.

Bizkaiko foru erakundea izan da lehenengoa, estadu mailan, tresna hori sarean jarten; holan, euskerea Europako Batasuneko hizkuntza ofizialen parean jarri dau. Kultura Saileko iturrien esanetan, ‘duda barik, pausu garrantzitsua da gure hizkuntzearen prestigio eta estandarizazinorako; izan be, sailkapen-sistema handi honi esker, hainbat hizkuntzatan idatzitako dokumentuak topau geinkez euskeraz, eta hori oraindino ez da posible Europako hizkuntza askoren kasuan’.


Lan handia

Lana egin ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiko euskera arloko talde teknikoak hamalau urtez jardun dau lanean; halanda be, azken bi urteotan emon deutse lanari bultzadarik handiena, aldi honetan lortu baita lehenengo euskerazko Eurovoc hau bertsino informatiko aurreratuenean argitaratzea.

Erabiltzaile nagusiei jagokenez, EBn parlamentuetan erabilten da tresna hau batez be; ondoren, estaduetako administrazinoetan, EBko erakundeetan, aholkulari-taldeetan, unibersidadeetan, erabiltzaile pribaduen sektorean eta ikerkuntza-institutuetan. Ganera, kazetariak (agentziak, korrespontsalak…), ikertzaileak, ikasleak, profesionalak, dokumentalistak eta bibliotekariak be badira erabiltzaile ohikoenak.


Europako erakundeen jarduera guztia euskeraz

Eurovoc tesaurus eleaniztuna da; dokumentuak gaiaren arabera sailkatzen ditu, eta, zehatzago, Europako Batasunaren datutegi dokumentala sailkatuta, kontsultetako modua errazten deutso erabiltzaileari.

Eurovoc tesaurus eleaniztuna dan neurrian (Europako Batasuneko hizkuntza ofizial guztietan dago), dokumentu jakin bat topau gura dauen erabiltzaileak bere hizkuntzea erabili ahal izango dau beste hizkuntza bateko dokumentuak topetako. Bestetik, hizkuntzen arteko baliokidetzak finkoak eta seguruak diranez, hiztegi eleaniztuntzat jo daiteke. ‘Hori laguntzino handia da itzulpenerako zein normalizazino terminologikorako’.

Bizkaiko Foru Aldundiak Eurovoc euskerara itzulita, euskerea Europako Batasuneko hizkuntza ofizialen parean jarri da. Tresna honetan, 6.645 deskribatzaile (berbak edo esapideak) eta 21 gai-eremu, hau da, Europako erakundeen jarduera guztiak topau daitekez, politikea, zuzenbidea edota gizarte-gaiak, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu