Abian da GR-12
2007-03-26 02:00 BertsolaritzeaHamabi herritako bertsolari eta bertsozaleak batuko ditu aurten, eta martian hasi eta garagarrilean amaituko da. Plaza gitxi egiten dituen bertsolariei aukerea emotea eta herrietako bertso-eskoletara jente barria erakartea ditu helburu egitasmoak.
Barrikuntza ugari dakarz joandako astegoienean,martiaren 23an, Zarautzen (Zarautz-Hernani) abiatu zan GR-12 bertso-bideak: ibilbidea luzatu, eta hamabi herritako bertsolari eta bertsozaleak batuko ditu aurten, eta martian hasi eta garagarrilean amaituko da. Plaza gitxi egiten dituen bertsolariei aukerea emotea eta herrietako bertso-eskoletara jente barria erakartea ditu helburu egitasmoak.
Orain lau urte jarri eben martxan proiektua Hernani, Oiartzun, Lasarte eta Orioko bertso-eskolek. Orain bi urte Orereta gehitu jakon hasierako laukoteari, igaz Zarautzek, Lesakak eta Mallabik GR-8ra zabaldu eben proiektua, eta aurten, lau talde barrigaz, GR-12 bertso-bidea osotu da. Azpeitia, Goierri, Urretxu-Zumarraga eta Zumaia dira lau talde barri horreek. Beraz, Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan ibiliko dira bertsolariak norgehiagoka, lagun arteko zirikan, bertso-kantari.
Kilometroa, barriz, ez da GR-12 proiektuaren handitasuna neurtzeko parametro egokiena. Udabarri-uda bitarteko egutegia osotua dabe honezkero hamabi herrietako bertso-eskolek. Martitik garagarrilera bitartean, asteburuz asteburu eta herriz herri izango da txapelketako jaialdiren bat.
Hiru fase izango ditu txapelketeak:
*Lehenengo fasean, hamabi herriak hirunaka banatuta, lau multzotan arituko dira:
A Multzoa: Zumaia, Orio eta Zumarraga-Urretxu.
B Multzoa: Goierri, Oiartzun eta Orereta.
D Multzoa: Mallabia, Lasarte eta Azpeitia.
E Multzoa: Zarautz, Lesaka eta Hernani.
Multzo bakotxean, herri bakotxa beste bi herrigaz arituko da, joan-etorriko saioetan. Saio horreek jokatu ostean, multzo bakotzean puntu gehien lortu dituan taldeak aurrera jarraituko dau (puntuazinoa lortzeko, aurten be entzuleak izango dira epaile saioetan).
*Bigarren fasean, finalerdiak jokatuko dira. Lau taldeak binaka jarri, eta bikote bakotxak saio bakarra jokatuko dau. Hortik atarako dira bi talde finalistak.
*Finala: aurreko fasetik sailkatutako bi taldeek jokatuko dabe, garagarrilaren 20an, Zarautzen, Zarauzko bertso-astearen barruan.
Kontuak kontu, danetara 27 saio jokatuko dira. Saio guztietan, etxeko taldearen ardurea izango da saioa antolatzea, eta harek aukeratuko ditu emonaldiaren formatua, lekua eta ordua. Tabernan egin ohi dira saio gehienak, baina bestelako formatuei be edegia dago GR-12, hau da, librean egiten diran saioei, drama-itxurakoei...
Jario, kantaera eta eskarmentu desbardineko bertsolariak alkartzen ditu GR-12 egitasmoak. Jentaurrean kantetako aukera askorik ez dauen jenteari plazak emotea da helburua, baita apurka-apurka herritarrak bertso-eskolara hurreratzea be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!