Topaguneak X. urteurreneko programazinoa aurkeztu dau
2007-03-26 02:00 Euskerea berbagaiTopagunea Euskera Alkarteen Federazinoak Batzar Nagusia egin dau astegoienean Matienako Errota Kultur Etxean. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan 90 bazkide dituan federazinoak hamar urte beteko ditu 2007 urtean eta Batzar Nagusian urtean zehar urteurrena ospatzeko antolutako ekitaldien barri emon dau.
Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak Batzar Nagusia egin dau astegoienean Matienako Errota Kultur Etxean. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan 90 bazkide dituan federazinoak hamar urte beteko ditu 2007 urtean eta Batzar Nagusian urtean zehar urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien barri emon dau.
Hamar urte
Hogeita hamar euskera alkartek sortu eben 1997ko zezeilean Topagunea. Hainbat herri eta eskualdetan egozan euskera alkarteek alkarren arteko hartu-emonak handitu, egitasmo bateratuak antolatu eta zerbitzuak eskaintzeko sortu zan. Egun 90 dira Topagunean bazkidetutako euskera alkarteak eta 10.000 euskaldunetik gora batzen ditue alkarte guztien artean.
Hamar urteotan asko izan dira Topaguneak martxan jarritako egitasmoak, euskera alkarteen jarduera eremu guztietan. Horren erakusgarri dira kultur ikuskizunakaz antolatzen diran zirkuituak (Kultur Errota edo Film Laburrak), haur eta gazteen aisialdiaren inguruan antolatutakoak (Asteburuetan.com programea edo aisialdia lantzeko sortutako Abian metodologia eskuliburua), mintzapraktika egitasmoen inguruan sortutakoak (Mintzakide eguna), tokian tokiko hedabideentzako sortutako zerbitzuak edo erakundeak euskalduntzeko programen inguruan egindakoak (metodologia eskuliburua, besteak beste).
Urteurrena
Urteurrena ospatzeko hiru ekimen nagusi aurkeztu dira Topaguneko Batzar Nagusian:
- Maiatzaren 24an egingo da urteurreneko ospakizun ekitaldi nagusia Durangon. Herri horretan bertan aurkeztu zan Federazinoa 1997an eta barriro be bertara joko dau Federazinoak bazkideakaz urteurrena ospatzeko.
- Bagilaren 16an, Kultur Errota egitasmoak Bilboko Zazpi Kaleetara urtengo dau. Urteotan guztiotan formatu txikiko 1.300 emonalditik gora antolatu izan ditue euskera alkarteek Kultur Errota zirkuituaren barruan. Urte guztietan areto txikietan egindako lana kalera atarako da.
- Azkenik, zemendiaren 23 eta 24an jardunaldiak antolatuko dira Donostian. Jardunaldiotan euskera alkarteek azken 25 urteotan egindako lanaren bilakaerea aztertu eta etorkizunerako erronka nagusiak finkatzea izango da helburua. Gainera, euskera alkarteen arteko esperientzien alkartrukerako erabiliko dira topaketok.
Bazkide berriak
Sei bazkide barri onartu ditu Batzar Nagusian Topaguneak:
- Mallabiako (Bizkaia) Orraittio alkartea.
- Gordexolako (Bizkaia) Hodoibaltza alkartea.
- Barakaldoko (Bizkaia) Sasiburu alkartea.
- Santurtziko (Bizkaia) Bai Esan alkartea.
- Mutrikuko (Gipuzkoa) Txantxangorri alkartea.
- Iruñeako (Nafarroa) Dindaia fundazinoa.
Zuzendaritza Batzordea barritzea
Bi kide barri onartu ditu Topaguneak: Elena Herrarte, Arrasateko Txatxilipurdi alkarteko ordezkaria eta Olatz Zabaleta, Iruñeako Karrikiri elkarteko ordezkaria.
2006ko balantzea
Hamargarren urteurrena beteteagaz batera, erronka barriei heltzeko moduan erakundea antolatuta dagoala azpimarratu dau Topaguneak, 2006 urteko balantzea egiterakoan. Bereziki azpimarratu dira mintzapraktiken arloko egitasmoek euskera alkarteen eta herrietako euskalgintzan hartzen dabilzan garrantzia, aisialdiaren inguruan urtean zehar egindakoak (Abian! metodologia eskuliburuaren aurkezpena egin zan Durangon zemendian egindako jardunaldietan), kulturgintza saileko egitasmo barriak (2007an lehenengoz egingo dan ‘Irakurri eta Oparitu’ egitasmoa kasurako), tokiko hedabideetan emoten ari dan hausnarketea eta lurraldez lurraldeko egitasmo barriak be. Urteko balorazinoa egiterakoan gainera, Behenafarroa eta Zuberoako zenbait alkartegaz be alkarlana abiatu dala aitatu da. Horrek bide barriak edegi ditu euskera alkarteen mobimentua etorkizunean Iparraldera be zabaltzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!