Gerediagak 2007rako egitasmoak zehaztu ditu
2007-03-26 02:00Ekintza desbardinen hausnarketea, egoitza barria eta ‘Astola’ izena izango dauen aldizkaria izan dira Gerediaga Alkarteak Gerediaga ermitan egindako batzarreko gai nagusiak.
Gerediaga Alkarteak batzar nagusia egin dau Gerediagako ermitan. Bertan, 2006. urteko ekintzen balorazinoa eta 2007. urteko asmoen azalpena eskaini ditue. Besteak beste, ekintza desbardinen hausnarketea, egoitza barria eta ‘Astola’ izena izango dauen aldizkaria izan dira batzarreko gai nagusiak.
Alkarteko hainbat bazkide batu da azken urteetako ohitureari jarraituta, Gerediagako ermitan egin dabe batzar nagusia. Igazko ekintzen balantzea eta egoera ekonomikoa aztertu ditue lehenengo eta, gero, 2007. urterako egitasmoak azaldu.
Besteak beste, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen 42. edizinoa abenduaren 5etik 9ra egingo dala aitatu dabe. Urtero Gerediaga Alkarteak antolatzen dituan Ezpatadantzarien Eguna aurten Iurretan izango dala eta Euskal Herriko Artzain Txakurren Txapelketa, barriz, Atxondon egiteko asmoa dagoala be nabarmendu dabe. Nerea Mujika lehendakariak hiru ekintza horreen hausnarketea hasi barri dabela aitatu dau.
‘Astola’ eta egoitza barria
Egitasmo barrien artean, ‘Astola’ ikerketa urtekaria azpimarratu dabe alkarteko arduradunek. Durangaldearen ganean egiten dabilzan ikerketen barri jasoko dauen dibulgazinozko aldizkaria izango da.
Egoitza barria be nabarmentzeko gaia izan da batzarrean. Durangoko Udalak itxitako Larrasoloeta kaleko 3. zenbakian izango dau laster egoitzea Gerediaga Alkarteak. Eraikineko lanak ia amaituta dagoz eta alkarteko arduradunen asmoa uda osterako egoitza lekuz aldatzea da.
Gerediagak eskuartean dituan proiektuen artean ‘Urkiola Ikusentzunezkoa, S.L.’ nabarmendu dabe. Durangaldean euskerazko tokiko telebista digital bat eratzeko bidean, Plateruena Kafe Antzokia, Anboto Komunikabideak eta Hamaika Taldeagaz batera sortutako enpresa barria da. Lizentzia eskabidea egiteko sortu da enpresea eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzeak martxan iminitako lehiaketara aurkeztu dabe egitasmoa. Etorkizunean kapitala beste erakunde, alkarte eta herritarrei zabaltzeko asmoa be badagoala zehaztu dabe.
Horrezaz gan, Merinaldearen sorrera politikoa eta iragan instituzionala ezagutzera emongo dauen ibilbide baten diseinuan be lanean dabilz alkarteko arduradunak. Ganera, alkarteak kudeatzen dauen Durangaldeko dokumentategian be katalogazino eta hobekuntza lanakaz jarraituko dabe. Horren harira, Euskal Museoagaz berbatu barri dau Gerediaga Alkarteak Foto German Zorrakinen argazki artxiboa itxi eta museoak hiru urteren buruan digitalizetea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!