Berbalagun ekimenaren lehen urteurrena Enkarterrin
2007-03-26 02:00 Euskerea berbagaiEnkarterriko Berbalagun egitasmoa orain dala urtebete jaio zan gure eskualdean euskereak bizi dauen egoera larriari aurre egiteko. Gure eskualdean euskeraz bizitea ez da bape erraza, klase, eskola edo euskaltegietatik kanpo erderea da nagusi, euskera ikasleak eta euskaldunak oro har aukera murritzak ditu bere hizkuntzan berba egiteko.
Enkarterriko Berbalagun egitasmoa orain dala urtebete jaio zan gure eskualdean euskereak bizi dauen egoera larriari aurre egiteko. Gure eskualdean euskeraz bizitea ez da bape erraza, klase, eskola edo euskaltegietatik kanpo erderea da nagusi, euskera ikasleak eta euskaldunak oro har aukera murritzak ditu bere hizkuntzan berba egiteko.
Udal euskaltegia eta AEK euskaltegia hasieratik euskerea kalera ataratearen garrantziaz jaubetu ziran eta proiektu desbardinak garatu zituen urtenbide bat bilatu guran. Aitatzekoa da, esaterako, orain dala urte batzuk egindako saiakerea Mintzalagun egitasmoa antolatzeko, eskualdeko ikasle, irakasle eta euskaldunakaz. Orduan bost talde sortu ziran, 3 Zallan eta 2 Sodupen, baina plangintza eta baliabide falteagatik bertan behera geratu zan. Mintzalagun desagertu bazan be, Berbalagun proiektuaren oinarriak finkatu zituan eta igaz Udal euskaltegia, Enkarterriko AEK eta Mankomunidadeko, Balmasedako eta Gordexolako euskera zerbitzuak batu ziran lehengo egitasmo horri jarraipena emoteko.
Urtebete joan da eta ez dira gitxi emondako pausuak: alde batetik, berbalagun kopurua handituz doa, eta gaur egun 100 lagunetik gora emon dabe izena eta erdiek Berbataldeetan parte hartzen dabe; bestalde proiektua sendotuz joan da eta gero eta ezagunagoa da eskualde osoan.
Gure hasierako helburuei jarraituz, Enkarterriko euskaldunen ezagutza bultzatu eta euskeraz berba egiteko aukera gehiago sortu nahi izan dogu eta horretarako berbalagun taldeak jarri genduzan abian. Lehenengo pausuak txikiak izan baziran be gaur egun 9 talde dagoz martxan Enkarterrin zehar; 2 Sodupen, 3 Zallan eta 4 Balmasedan, eskualde osoko lagunek osotuak. Horrezaz gan, Berbalagun komunidadea handitu guran guraso taldeak sortu nahi doguz, umeak eskolan dagozan bitartean gurasoek be euskeraz berba egiteko aukerea izan daien.
Berbataldeen funtzionamendua erabat desbardina da taldeen arabera. Bakotxa autogestionetan da, hau da, eurek erabagiten dabe noiz batu eta zer egin. Arruntena astean behin taberna batean batzea da euskeraz berba egiteko, baina aukera asko dagoz: kontzertuetara joan, antzezlanak ikusi, ikastaroak egin eta jakina, mendizaleen taldea be ez da falta.
Euren eta Enkarterriko beste euskaldunen beharrei begira Berbalagun proiektuan parte hartzen daben eragileek (euskera zerbitzuak, euskera taldeak, euskaltegiak, aisialdi taldeak...) ahalegin handia egin dabe euskerazko kultur eskaintza zabal eta duina egiteko. Makina bat ekitaldi antolatu dira Berbalagun proiektua abian jarri zanetik, besteak beste, literatur tailerrak, argazkigintza eta perkusino ikastaroak, kontzertuak, berbaldiak, diaporamak, mendi urteerak, sagardotegirako txangoak, tailerrak, festak…
Ekintza horreen guztien barri emoteko Enkarterriko Euskerearen Agendea osotzen dogu hilean behin eta posta elektronikoz asteko laburpena be bialtzen deutsegu 300 lagun ingururi. Informazinoa berbalagunei, euskaltegiko ikasleei eta eskualdeko euskaldunei zein euskaltzaleei bialtzen jake postaz edo posta elektronikoz, eskualde zabal honetan informazino eta komunikazino arazoei aurre egin guran. Aurten teknologia barrien indarra eta ahalmena kontuan hartuz Enkarterriko Berbalagun bloga (http://berbaterri.blogspot.com) jarri dogu martxan argazkiak, azken barriak eta berbalagunen eretxiak batu eta zabaltzeko.
Urtebete joan da eta esan bezela, ez da gitxi egindako lana, Enkarterrin euskaldunon sarea indartuz joan da, euskerea ikasten dabilzanek berba egiteko aukera gehiago dabe eta euskerea kalean erabili ahal dan hizkuntzea dala erakusten ari gara. Badakigu lan handia dagoala oraindik egiteko, baina gogotsu ari gara euskerearen alde. Zorionak Berbalagun!!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!