Ipar Uribe nagusi Plateruenan

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2007-03-26 02:00   Bertsolaritzea

Busturialdeari 15 puntutik gorako aldea atarata, Ipar Uribe nagusitu zan barikuan jokatutako Bertsolari Gazteen XV. BBK Sariketan.

Busturialdeari 10 punturik gorako aldea atarata, Ipar Uribe nagusitu zan barikuan jokatutako Bertsolari Gazteen XV. BBK Sariketan. Aurten, Durangoko Plateruena Kafe Antzokia izan zan kanturako aukeratutako lekua. Igaz txapelketa honek Bilboko Kafe Antzokitik Arriaga ondoko Bidebarrieta liburutegira egin eban salto; bertan ez zan aurreko urteetan beste jente batu, Durangon baina, Bilboko Kafe Antzokiko giroa bizi genduan.

Hamaikatxu bertsozale inguratu zan Busturialdea eta Ipar Uriberen artekoa ikusi guran. Seiak pasautxo ziran Bernarrek talde bietako gazteenak tabladu gainera deitu zituanean. Busturialdetik Aitor Beitia, Beñat Romero eta Amaia Aurrekoetxea eta Ipar Uribetik Imanol Uria, Maialen Markaida eta Jone Uria.

Aitorrek eta Imanolek egin beharreko lana oinak emonda bertsoa osotu eta zortziko handian ofizioka bertso bi bakotxak. Saioa serioegi hasi zan, gaiak, heriotzea gura eban ama baten semeen papelean jarri zitualako bertsolariak. Gaiaren zailtasuna kontuan hartuta ondo jardun eben kantuan. Zortziko txikerrean soltu abestu eben Maialenek eta Beñatek. Maialenek Beñatek bere gurasoak ezagutzea gura eban. Maialen bildur barik aritu zan bertsotan eta Beñat erantzunetan zuzen.

Amaia eta Joneren lana, puntuari erantzuna, zortziko handian azkena emonda eta bakarkako gaiaren inguruko bertso bat kantetea zan. Azken lan honetan Jonek bertso ederra bota eban Korrikaren inguruko gaian. Atal honetan gertatu zan finaleko anekdotea. Inork eroan ez eta Jonek kartzelan behar ebanean, trankil-trankil egoan tabladuan Amaia bertsotan entzuten. Horregatik gero, aitatutako lan biak aldatu behar izan ziran.

Gaztetxuak amaituta nagusien ordua zan. Ipar Uribetik Arrate Ilaro, Peru Vidal eta Itxaso Paia jardun eben, Busturialdetik barriz, Amaia Uribe, Olatz Ibarluzea eta Ander Elortegi. Honeek egin beharreko lana aurrekoena bezelakoa zan baina ofizoetan eta bakarkako gaian bertso bat gehituta.

Amaiak oinak emonda lotuta osotu eban bertsoa eta ofizioka Arraten bizkortasuna ofizioka erantzuterakoan aitatzekoa da. Zortziko txikerrean Olatzek ondo asmau eban. Olatzeri, abioia aireratzera doala, ondoko bidaiariak Peruk, gainera salto egiten deutso. Olatzek, tigrean saltoa ondo egiten dauela kantau eutson Peruri lehenengo bertsoan. Hirugarrenean eta amaitzeko, gustau egin jakola eta lurreratzerakoan gauza bera egiteko.

Itxaso eta Ander aritu ziran bakarkako lanean. Aitatzekoa izan zan Anderrek azkena emonda zortziko handian osotu eban bertsoa.

Lanak amaituta, Ipar Uribek hamar puntu baino gehiagoko aldea atera eutson Busturialdeari. Bizkaiera onenaren saria Eñaut Urubururentzako izan zan. Bere-berea dan euskerea erabilten dau urtero BBKn eta aspalditik ondo merezidutako saria da. Amaieran ez zan egon agurrarentzako denporarik eta faltan bota genduan. Finalista gazteenaren saria barriz Imanol Uriarentzat izan zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu