Bernardo Atxaga: ‘hizkuntzeari, erabilereak emoten deutso baliorik handiena’
2007-03-20 01:00 Euskerea berbagai‘Antzarak, zenbakiak eta letrak’ berbaldiaren tituluari jarraituta, antzar baten hegaldiaren ikuspegia, Andoainetik Asteasura, jarraitu eban Atxagak astegoienean Asteasun egindako Euskaltzaindiaren sarrera-berbaldian.
Jose Irazu Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoak ‘Antzarak, zenbakiak eta letrak’ izenburupean egin eban euskaltzain oso barriek egin ohi daben sarrera-berbaldia. Ekitaldia idazlearen jaioterrian, Asteasun izan zan martiaren 17an, Usarrabi pelotalekuan. Bertara, euskaltzain oso gehienak eta urgazle asko, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Asteasuko Udaleko ordezkariak hurreratu ziran, familia eta herritarrez gan. Kulturearen munduko hainbat arpegi ezagun be izan ziran, Joan Mari Torrealdai, Mariasun Landa, Pello Zabala eta Iñaki Murua, besteak beste.
Berbaldiaren tituluari jarraituta, antzar baten hegaldiaren ikuspegia jarraitu eban Atxagak, Andoainetik Asteasura. Tartean, gazte denporako bizipenak gogora ekarri eta hiru izen aitatu zituan: Antonio Zabala, Manuel Lekuona eta Gabriel Aresti. Atxagaren esanetan, ‘zeinahi zirala be, dirala be, arrazoiak, ondorioa bat bera da, eta hori da nik azpimarratu gura neukena: hirurek be, balioa emoten deutsela ahozkotasunari, herri literatureari eta, bide batez, hizkuntzeari’. Ahozkotasunetik abiatuta, erabilereaz be egin eban berba idazleak: ‘erabilereak eusten deutso hizkuntzeari, erabilereak emoten deutso baliorik handiena’.
Gogoetarako tartean, antzarrak emoten eutson irudi metaforikoari esker, Atxagak honakoa esan eban: ‘Pasa dan udan, oro urrun ez dagoan hondartza batean izan nintzan familiagaz. Holako batean, orduan bost urte zituan nire alabeak esan eustan: ‘munduak ez daki euskeraz!’.
Idazle legez egindako ibilbidean, Atxagak Euskaltzaindiagaz ‘matrakatxuak’ izan dituala onartu eban berbaldian. Berbarako, nobela bati Bi anai izenburua jarri izana (Euskaltzaindiaren arauen arabera Bi anaia izan beharko leukena) ‘Euskaltzaindiaren aurrean harrotuta nenbilan garaien seinale’ dala esan eban.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!