Jaurlaritzeak, Generalitateak eta Xuntak hizkuntz politikako gaietarako lankidetza-hitzarmena sinatuko dabe
2007-03-14 01:00 Euskerea berbagaiAkordioaren helburua hizkuntza-politikaren arloan erakunde horreen arteko lankidetzarako esparrua eta ildoak zehaztea da. Lankidetza-marko egonkor hau hiru urterako izenpetuko da, eta urtero berrikusi eta egokituko da.
Hizkuntza-politika gaietarako Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Generalitat eta Galiziako Xuntako goi-buruek lan-bilera bat egingo dabe bihar, hilak 15, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Eusko Jaurlaritzearen Bilboko egoitzan, barikuan Bilbon hiru gobernuek hizkuntza-politikako gaietarako izenpetuko daben lankidetza-hitzarmen orokorraren harian. Era horretako lehenengo hitzarmena izango da hiru gobernuren artean, Eusko Jaurlaritzako iturriek iragarri dabenez.
Bileran izango dira hiru gobernuetako hizkuntza-politikako goi-buruak: Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordea; Miquel Pueyo, Kataluniako Generalitateko Hizkuntz Politikarako idazkaria; eta Marisol López Galiziako Xuntako Hizkuntz Politikarako idazkaria.
Barikuan, barriz, goizeko 11:00etan eta toki berean, euskalgintza alorreko gonbidatuakaz aurkeztuko da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzearen, Kataluniako Generalitaten Hizkuntz Politikarako Idazkaritzearen eta Galiziako Xuntako Hizkuntz Politikarako Idazkaritza Nagusiaren arteko lankidetza-hitzarmena.
Akordioaren helburua hizkuntza-politikearen arloan erakunde horreen arteko lankidetzarako esparrua eta ildoak zehaztea da. Lankidetza-marko egonkor hau hiru urterako izenpetuko da, eta urtero berrikusi eta egokituko da.
Euskadi, Katalunia eta Galiziako gobernuek konpromiso sendoa erakutsi dabe euren hizkuntza berezkoak bizibarritzeko eta euren erabilerea normalizetako lanean. Horren ondorioz, herrialdean herrialdeko hizkuntzearen aldeko politika positiboak bultzatu ditue, hizkuntza normalizazinoa helburu.
Hiru gobernuek uste dabe, gainera, benetan eraginkorra eta positiboa dala hizkuntza alorrean alkarlanerako esparru egonkor eta iraunkorra zehaztea eta garatzea, gobernu bakotxaren politikak eta berezitasunak errespetauta. Esparru horri esker, esperientziak trukatu eta aztertu, eta egitasmoak eta jarduerak bultzatuko dira, hizkuntzen arteko bardintasun sozial handiagoari begira.
Jakina da Euskadi, Katalunia eta Galizia soziolinguistikoki desbardinak dirala, baina egia da, hiru aginte publiko horreen hizkuntza-politiken azterketa eta alkarlanak mesede baino ez deutsola egingo herrialde horreen hizkuntz normalizazinoari eta Espainiako hizkuntzen tratamenduari. Hiru herrialdeotan dagoz aztertu eta partekatzeko moduko esperientziak, eta informazino eta ezaupideak eta horreek alkarregaz jorratzea izango da lankidetza iraunkor honen helburua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!