Gureak be bai
2007-03-13 01:00 Euskerea berbagai1985eko apirilean Nazino Batuen Erakundeak Kontsumitzaileen Babeserako Artezarauak onartu zituan, eta horren ondorioz eskubideok nazinoarte mailako izaerea hartu eben. Halan da be, kontsumitzaileen babeserako Artezarau horreek Estaduen ikuspegitik preparauta dagozanez, ez dabez gurea lako hizkuntzetan berba egiten daben kontsumitzaileak eta erabiltzaileak kontuan hartzen.
1983tik aurrera martiaren 15ari Mundu Mailako Kontsumitzaileen egunaren estatusa esleitu jakon. Eretxi kontrajarriak sortzen jataz holako egunen instituzionalizazinoan, baina interesgarria da egun horreetan aldarrikatzen diran eskubideen artean euskaldunonak be badirala gogorarazotea.
1985eko apirilean, Nazino Batuen Erakundeak Kontsumitzaileen Babeserako Artezarauak onartu zituan, eta horren ondorioz eskubideok nazinoarte mailako izaerea hartu eben. Halan da be, kontsumitzaileen babeserako Artezarau horreek Estaduen ikuspegitik preparauta dagozanez, ez dabez gurea lako hizkuntzetan berba egiten daben kontsumitzaileak eta erabiltzaileak kontuan hartzen.
Antza, kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunok ez dogu produkturik erosten, ez dogu zerbitzurik erabilten... Ez ei gara existiduten.
Europari erreparau ezkero, Europako Batasunak ez ditu hizkuntza-komunidade gitxiagotuetako eskubideak aintzat hartzen. Batasunak enpresen irabaziak lehenesten ditu, izan be, Batasunaren arabera ez da euskaldunon hizkuntza-eskubiderik urratzen produktu bateko etiketan agertzen dan informazinoa 22 hizkuntzatan agertu ezkero, nahiz eta horreen artean herri honetako berezko hizkuntzea egon ez. Are gehiago, Europako Batasunak ez dau baimentzen berezko hizkuntzen erabilerea derrigortzea. Horra hor 'aniztasunean bat eginik' leloa dauen erakundearen jarrera totalitarioa.
Zer esanik ez dago bi Estaduen jarrerez. Frantziak esfortzu handiagoa egiten dau ustezko mehatxua dan ingelesari bideak zarratzen, lurralde horretako biztanleen eskubideak bermatzen baino. Espainiakoak, barriz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen oinarrizko eskubideak gaztelaniatik besterik ez ditue eregi, eta beraz, gure hizkuntzearen arrastorik ez da agiri indarreko araubidean.
Nafarroako Gobernuak hizkuntza-politika glotozideari jarraituz, geure eskubideen existentzia ukatu eban igaz onartutako legerian. Are gehiago, hizkuntza-eskubideak propio jasoteko eskaereari uko egin eutson, eta lurraldean gaztelania hizkuntza bakarra balitz bezela jokatu eban. Horren isla legea bera gizarteratzeko argitaratutako liburuxka elebakarra dogu, jakinik Espainiako Estaduak Erregio edo Gitxiengoen Europako Ituna berretsitakoan hartutako konpromisoetako batek 'hizkuntza gitxituetan' zabaltzeko eskatu arren.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzaile eta erabiltzaileon hizkuntza-eskubideak autortu ziran 6/2003 Legearen bidez. Aurrerapauso handia, duda barik. Dana dala, Legean agertzen da eskubideak arian-arian bermatzeko bitartekoak jarriko dirala, baina eperik ez dau zehazten tempus horreen gainean. Era berean, Legearen garapenerako aurreikusitako Dekretuen zain gagoz, indarrean sartu zanetik hiru urte joan diran arren.
Bestetik, hizkuntza-eskubideak barriro be bigarren mailakoak dira. Izan be, beste eskubideen urraketen aurrean zehapenak eta zigorrak aurreikusten badira be, hizkuntza-eskubideen urraketak ez ditu arautzen. Beste behin, merke atarako da horreek urratzea.
Eta horren aurrean be euskaldunok kexu! Eta, barriro entzun behar kexatzen besterik ez dakigula. Ez al dira konturatzen euskaldunon kexa edo aldarrikapena sistematikoki urratzen jakuzan oinarrizko eskubideetan oinarritzen dala? Akaso euskaldunok onartu behar dogu geure eskubideen bermea enpresen edo zerbitzu emoileen borondateak baldintza leikiela? Erabat onartezina da gure oinarrizko eskubideen bermea IKEAk, FRANCE TELECOMek edo ENDESAk unean-unean gure hizkuntzeagazko izan leikien (in)tolerantziak ezartzea.
Merkealdiak amaitu barri dira, eta beste behin geure eskubideak urratzea merke atara jake enpresei eta zerbitzu-emoileei, izan be, Euskal Herrian kontsumitzaileen eta erabiltzaileen oinarrizko eskubideak salgai-hondarrak besterik ez dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!