Eibarko Armeria Eskolea Finlandian izan da bertako hezkuntza sistemea ezagutzen
2007-03-09 01:00 Euskaldunak munduanBidaiaren helburu nagusia Finlandiako hezkuntza sistemea ezagutzea izan da, lanbide heziketan eta ikasleen gaitasun ekintzailea bultzatzeko sortutako ekimenetan sakonduz.
Eibarko Armeria Eskolako zuzendari Jose Luis Novoa orain gitxi bueltau da Finlandiara eginiko bidaiatik. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Zuzendaritzako ordezkariakaz eta EAEko beste zazpi zentroetako zuzendariakaz batera Finlandian izan da. Bidaiaren helburu nagusia Finlandiako hezkuntza sistemea ezagutzea izan da, lanbide heziketan eta ikasleen gaitasun ekintzailea bultzatzeko sortutako ekimenetan sakonduz.
Euskal ordezkaritzea herri eskandinaviarreko hezkuntza sistemako ordezkariakaz eta Errumaniatik heldutako beste 15 zentroetako zuzendariakaz egon da eta esperientziak alkartrukatu ditue.
Helsinki eta Jyväskyla urietan lanbide heziketa eta kultura ekintzailearen inguruan bideratutako ekimenak ezagutu ditue, besteak beste, Team Academy, ikasleak era autodidakta batean hezitzen diran zentroa; Vocation Institute, 16 sail desbardin dituan eta 19 herrik kudeatzen daben heziketa arautuko lanbide heziketa zentroa; edota Adulta, langile eta persona helduei mantenimendua, mekanizazinoa, automatizazinoa eta artisautzako edukiak eskaintzen deutsezan zentroa.
Zuzendari eibartarrak Finlandiako heziketa sisteman ikusitakoen ganean esan dau baliabideen optimizazinoan oso aurreratuta dagozala, erregio bakotxak ikasle kopurua mugatu egiten dauela bertako merkatuaren beharren arabera.
Titulatu desbardinen eta kopuruaren inguruko ikerketa bat egiten dabe eta horren arabera zentruek plaza kopuru zehatza zabaltzen dabela azaldu dau. ‘Zentroen eskaintzea bete-betean bat dator merkatuaren eta eskualdeko enpresen beharrakaz; gure eskualdean, barriz, jarduera industriala jarduera ekonomikoaren % 55 izan arren, ikasleen % 40k baino ez ditu bideratzen ikasketak arlo horretara'.
‘Datuokaz oso argi ikusten da gure eskola mapea ez dagoala eskualdeko beharrei egokituta, ez gabilz lehendabiziko jarduera ekonomikoari behar dan moduan eusten. Egun eskualdeko enpresek errelebo generazionala bilatzeko arazoak ditue eta lehenbailehen neurri zehatzak hartzen ez badoguz arazoa handitzen joango da’, azpimarratu dau Novoak.
Beste alde batetik, Novoak adierazo dau Finlandian instituzinoen arteko hartu-emonak zaintzearen eta bultzatzearen garrantziaz jakitun dagozala, euren plan estrategikoak eskualde bakotxeko errealidadean oinarritzen dirala eta, nahiz eta hemen baino baliabide gehiago ez izan, eskura dituenak ahalik eta gehien hobetzen saiatzen dirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!