A, B eta D ereduen ostean, euskerea hizkuntza nagusi izango dan irakaskuntza eleanitzeko ikasketa marko barria

Bizkaie! 2007-03-08 01:00   Euskerea berbagai

EAEko egungo hezkuntza sistemea aldatzeko, euskerea hizkuntza nagusi izango dan irakaskuntza eleanitzeko ikasketa marko barria, gizarte-kohesinoaren bultzatzailea proposatu dau Tontxu Camposek

Orain hamabost urte ezarritako hiru ereduek (A, gaztelaniaz eta euskerea ikasgai legez, B, elebiduna eta D, euskeraz eta gaztelania ikasgai legez) ikasleek 16 urte beteterakoan, Derrigorrezko Hezkuntzea amaitzean, euskeraz jakitea bermatu ez dabela ikusirik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak proposamen barria aurkeztu dau Eusko Legebiltzarrean.

EAEko egungo hezkuntza sistemea aldatzeko, euskerea hizkuntza nagusi izango dan irakaskuntza eleanitzeko ikasketa marko barria, gizarte-kohesinoaren bultzatzailea proposatu dau Tontxu Camposek eta ikastetxeek euren proiektu propioak definiduteko askatasuna edo malgutasuna izango dabela gaineratu dau.

Aurrerantzean Hezkuntza Sailaren helburua ikasleek B2 mailea lortzea izango da, hau da, 16 urtegaz, Derrigorrezko Hezkuntzea amaitzen dabenean, kapaz izan daitezala euskeraz zein gaztelaniaz erraztasun berberagaz jarduteko, erraztasun bera izan daiela euskeraz eta gaztelaniaz ulertzeko, berba egiteko eta idazteko.

Eredu bakarra dakarren proposamen barriaren arabera, ikasleek bi ebaluazino gainditu beharko ditue B2 maila hori ziurtatzeko, lehenengoa Derrigorrezko Lehen Hezkuntzearen amaieran eta bigarrena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzearen amaieran.

Hirugarren hizkuntzen kasuan (ingelesa, frantsesa) eskakizun mailea apalagoa izango da, baina ikasle guztiek oinarrizko ulermena eta edukiak dakiezala bermatu beharko dau sistema barriak.

Hezkuntza Sailak ezarriko ditu ikasleek lortu beharreko parametroak, Europan hizkuntza ofizialetarako eskatzen diran parametroen parekoak, hain zuzen be.

Eusko Jaurlaritzako eta Legebiltzarreko ordezkariek negoziazino prozesuari ekingo deutse orain, eta azkenean, Legebiltzarrak EAEko Hizkuntzen Ikasketarako eta Irakaskuntzarako Marko Barriaren Legea onartuko baleu, 2008-2009 ikasturtean ezarriko litzateke Lehen Hezkuntzako lehen kurtsoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu